Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak euskarari buruzko ikerketa argitaratu dute
Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak euskarari buruzko ikerketa argitaratu dute
Euskararen erabilera sustatzeko tokian tokiko aktibazio-prozesuen ezaugarriak ikertzen aritu dira
Alde batetik, tokian tokiko herritarrak euskararen jiran aktibatzeko zaindu beharreko gakoak zeintzuk diren identifikatu ditu ikerketak. Beste alde batetik, aktibazio horretarako prozesua zein izan litekeen marraztu edo proposatu du. Horretarako, tokian tokiko hainbat esperientzia aztertzeaz gain, Gipuzkoako bi gunetan esku hartu da: Arrasaten eta Tolosaldean.
Proiektuan Soziolinguistika Klusterraren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidelagun izan dira EHUko Parte Hartuz Institutua, Elhuyar, Emun, Euskaltzaleen Topagunea, Donostiako Udala eta tokian tokiko hainbat eragile: Astra, Ttakun euskara elkartea, Herri-ola egitasmoa, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako, Emakumeen Mundu Martxa, Akebai, Arrasateko eta Tolosaldeko euskalgintza eta Arrasate, Donostia, Errenteria, Hondarribia eta Ikaztegietako Euskaraldiko batzordeak. Ikerketaren sustatzaileek esker ona adierazi diete ikerketan partaide izan diren guztiei.
Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendariak, gogoratu duenez, aktibazioaz dihardugunean joera dugu irudikatzeko “ekintza masibo bat, ospakizuna edo sumindura adierazteko ekintza bat”. “Baina, lan honek aipatzen duen moduan, hori icebergaren tontorra baino ez da. Hori gertatzeko, aldez aurretiko lana dago; lan horretan gako diren alderdiak zeintzuk diren jasotzen ditu ikerketa honek eta egin litekeen prozesua proposatzen du”, azaldu du.
Euskararen biziberritzean eta hizkuntza berdintasunean aurrera egin ahal izateko, “funtsezko tresna” dugu herri aktibazioa, Mendizabalen iritziz. “Hori da, hain zuzen ere, Euskaraldiaren oinarri-oinarrian dagoen ideia. Ikerlan honen ondorioak, beraz, oso baliagarriak izan daitezke tokiko ekimenak indartu eta sustatzeko garaian”, aipatu du. Amaitzeko, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak nabarmendu duenez, lanak “garbi” jasotzen du eragile sozialen eta erakundeen arteko “elkarlanaren balioa antzeko prozesuetan emaitza onak lortzeko”. “Lankidetza horri sendo eutsi eta garatzeko momentua da”, osatu du.
Soziolinguistika Klusterreko zuzendari Imanol Larreak adierazi du “lau urteko ikerketa eta esku-hartze prozesu honetako ondorioek, besteak beste, tokian tokiko lanerako eta gogoetarako ildoak jarri ditu agerian”. Aurkezpenean izan da, baita ere, proiektuaren koordinatzailea, Maialen Iñarra.
Hala, ikerketaren emaitzak gizartean zabaltzeko hainbat euskarri baliatuko dira:
- Ikerketaren nondik norakoak azaltzen dituzten txostena interneten ikusgai daude (www.soziolinguistika.eus/aktibazioa). Txosten teknikoa xehetasun guztiak biltzen dituena da. Laburpen-txostenak funtsezko informazioa modu dibulgatiboagoan jasotzen du eta euskarazkoaz gain, gaztelaniazko eta ingelesezko aldaerak ere ikusgai daude.
- Euskararen sustapen lanetan aritzen diren herritarrei, elkarteetako kideei eta tokian tokiko administrazioko langileei zuzendutako eskuorri tolesgarriak emaitzen oinarrizko azalpena jasotzen du.
Elkarlan sendoa
Tokian tokiko hizkuntza-aktibazioaren ikerketa, beste hainbat proiektu bezala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Soziolinguistika Klusterraren arteko elkarlanaren emaitza da. Bi erakundeok bide bat egina duten elkarrekin, urtero elkarlan-hitzarmen izenduna sinatu eta hainbat egitasmo elkarrekin burutzen dituzte.
2020ari dagokiona berriki sinatu da eta aurten, besteak beste, Gipuzkoako Hizkuntzen Mapa, Jendaurrean Erabili, Gipuzkoa Berdinago, D ereduko kirola, Aldahitz, EraLan, Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sariak, Bat soziolinguistika aldizkaria eta Soziolinguistika Albistaria proiektuak garatzea adostu dute.
Hizkuntza politika oinarri zientifikoen gainean eraikitzea garrantzitsua dela eta euskara biziberritzeko ikerketa eta ezagutza soziolinguistiko zorrotza behar dugula sinesten dute bi erakundeek eta aurrera begira lankidetza estu honi eusteko borondatea berretsi dute.
2537