Aldundiak eta Surfriderrek hitzarmena sinatu dute itsas hondakinen prebentzioan aurrera egiteko
Aldundiak eta Surfriderrek hitzarmena sinatu dute itsas hondakinen prebentzioan aurrera egiteko
Ingurumeneko Departamentuak 30.000 euro erabiliko ditu lurraldeko itsas zaborra bildu, karakterizatu eta kuantifikatzeko.
Berrikuntza gisa, OSPAR bilketak handituko dira, bi hondartza berri bilatuz, sentsibilizazioan eta ingurumen-hezkuntzan sakonago eragiteko. Ekimen horri esker, itsasotik iristen diren hondakinei buruzko datuak lortuko dira.
José Ignacio Asensio: “Ez dugu ahaztu behar gure itsasoetako eta hareatzetako hondakinen eta itsas plastikoen problematika Gipuzkoak dituen ingurumen-arazo garrantzitsuenetako bat dela”.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Florent Marcoux Surfrider Foundation Europeko zuzendariak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundian, Gipuzkoako kostaldean itsasoko zaborra egotearen inguruan herritarrak prebenitu eta sentsibilizatzeko. Hainbat kanpaina egingo dira, Gipuzkoako kostaldean itsasoko zaborrik ba ote dagoen aztertzeko oinarri zientifikoa izateaz gain, herritarrei itsasoko zaborrarekin lotutako arazoen berri emateko eta horien prebentzioan jarduteko. Berrikuntza gisa, aurten OSPAR bilketak zabalduko dira, bi hondartza berri bilatuz, ingurumenaren arloko sentsibilizazioan eta hezkuntzan sakonago eragiteko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Surfrider-en lana babestu nahi du lankidetza-hitzarmen honen bidez. Hitzarmen horren helburua da itsas inguruneko zaborra prebenitzeko ekintzak indartzea. Horretarako, itsasoko zaborra bildu, karakterizatu eta zenbatzeko kanpainak egingo dira. Kanpaina horiek lau alditan eginen dira: neguan, udaberrian, udan eta udazkenean.
Gainera, abenduan, boluntarioen nazioarteko eguna dela eta, ekitaldi bat antolatuko da, kanpainetan parte hartzen duten boluntarioak aintzatesteko, Gipuzkoako kostaldeko arazoak eta egoera zabaltzeko eta haien prebentziorako ekintzak sustatzeko.
Sentsibilizazio- eta prebentzio-bideak sendotzen jarraitzeko, hitzarmen honen barruan, “Kostaldea eta zu” hezkuntza-proiektua koordinatzea ere aurreikusten da. Horren bidez, itsasoko zaborraren inguruan egindako lana ikasgeletara hurbilduko da, eta arazoa gazteenekin landuko da dibulgazio-saio ireki baten bidez.
Itsasoko zaborra arazo orokorra da, eta, horri dagokionez, Asensio foru-arduradunak adierazi duenez, “itsas ingurunean dagoen zaborra hazten ari den arazo orokorra da, eta arazoa konpontzeko neurriak hartu behar dira”. Europako Ingurumen Agentziaren (EIA) arabera, urtero 10 milioi tona zabor joaten dira munduko itsaso eta ozeanoetara. Era berean, hondakin horien % 20 itsas jardueretan sortzen da, eta gainerako % 80 lurretik dator; neurri handi batean, hainbat arazoren ondorioz; plastiko gehiegi ekoiztearen ondorioz (horietako asko ez dira birziklagarriak), eta sentsibilizazio faltaren ondorioz, kontrolik gabe isurtzen dira hondakinak, eta hori ibai eta ozeanoetan amaitzen da. Gipuzkoan, 2019ko urtarriletik irailera bitartean bakarrik, 491.529 kilo hondakin bildu ziren gure lurraldeko hareatzetan.
Bestalde, Surfrider Foundation Europe-ren Estatuko ordezkaritzako hezkuntza-arduradunak, María Ballesterosek, gaineratu duenez, “pertsona guztiok izan gaitezke itsasoko zaborren arazoaren konponbidearen zati, eta elkarrekin lan eginda baino ezin gara horretara iritsi. Ingurumen-hezkuntza gizarte osora iristeko modu bat da”.
Bizkaiko Golkoak ere pairatzen du itsas zaborraren arazoa. Hainbat azterlanetan ikusi denez, itsas zabor flotatzailearen dentsitateak hektareako Europako gainerako eskualdeek baino balio handiagoak ditu, 2,03 zati hektareako.
Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 2020-2024 ekintza plana egin du. Gainera, kostako 27 gune garbitzeko kanpaina bat egin du, diru-laguntzen programan sakabanatutako zaborra zuzentzeko ekintzak eta hirugarren erakundeek bultzatutako zenbait ekimeni laguntza emateko. Era berean, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Planak (2019-2030), hondakinak prebenitzeko programan, ingurumeneko zabor sakabanatua prebenitzera eta murriztera bideratutako jarduera-ildo bat jasotzen du; zehazki, zabor sakabanatuaren jatorri-guneak aztertzera, eta lurreko, ibaietako, kostako hareatzetako eta itsas inguruneko hondakinak prebenitu eta murrizteko neurri-sorta bat definitu eta garatzera bideratuta dago. Horrekin guztiarekin batera, herritarrak kontzientziatu egiten dira.
2014az geroztik, Donostiako Surfrider Foundation Europe-ren egoitza estatalak itsasoko zaborrak bildu, karakterizatu eta kuantifikatzeko kanpainak egiten ditu, Gipuzkoako OSPAR protokoloaren arabera, zehazki, Donostiako Murgita, Zumaiako Inpernupe eta Mutrikuko Burumendi kaletan. Kanpaina horiei esker, Gipuzkoako kostaldean boluntarioekin egiten den itsas zaborraren presentziari buruzko azterketa zientifiko bat egiteaz gain, itsasoko zaborrarekin lotutako arazoei buruzko ezagutza helaraz diezaiekegu, eta prebentzioa landu.
Surfrider Foundation Europe ozeanoak babesten dituen GKE bat da 1990az geroztik, eta hiru gai nagusi lantzen ditu: itsasoko zaborrak, uraren kalitatea eta klima-aldaketa; ozeanoak babesteko. Gai horiek zeharka lantzen dira hezkuntzan, ikerketan, boluntariotzan eta eraginean.
1581