Aldundiak eta Tecnunek Plastikoko Berrikuntza Poloa bultzatuko dute Gipuzkoan Ekonomia Zirkularra indartzeko
Aldundiak eta Tecnunek Plastikoko Berrikuntza Poloa bultzatuko dute Gipuzkoan Ekonomia Zirkularra indartzeko
Aldundiak eta Tecnunek Plastikoko Berrikuntza Poloa bultzatuko dute Gipuzkoan Ekonomia Zirkularra indartzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Tecnun Ingeniaritza Eskolak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute plastikoaren sektorean berrikuntza sustatzeko lurraldean.
Jasangarritasun Departamentuak 40.000 euroko diru-laguntza emango du, eta ikerlanak sektoreko enpresen egungo egoeraren diagnostikoan, birziklatzeko gaitasunaren ebaluazioan eta indarrean dauden araudien inpaktuaren azterketan oinarrituko dira, betiere ekonomia zirkular eta jasangarriaren eredu bat sustatzeko.
José Ignacio Asensio: “Tecnunekin dugun lankidetza funtsezkoa da Gipuzkoa berde eta lehiakorra sustatzeko eta behar ditugun industria berde, zirkular eta deskarbonizatuak garatzeko".
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Unibertsitateko Tecnun Ingeniaritza Eskolarekin. José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta Raúl Antón Tecnuneko zuzendariak sinatutako akordio honen helburua da Gipuzkoako Plastikoan Berrikuntza Poloa (PIP-GIPUZKOA) garatzeko ikerketa-jarduerak bultzatzea. Horretarako, Jasangarritasun Departamentuak 40.000 euro bideratuko ditu guztira.
Hitzarmenaren ardatz nagusiak honako hauek dira: egungo egoeraren diagnostikoa egitea, plastikoaren sektoreko Gipuzkoako industria-enpresen egoera aztertuz eta enpresen tipologia, erabilitako plastiko motak eta birziklatuak identifikatuz, baita hondakin plastikoen kudeaketa ere; birziklatzeko gaitasunaren ebaluazioa egitea, egungo hondakin plastikoen kudeatzaileak identifikatuz eta egiten dituzten tratamenduak ebaluatuz, plastikoaren kudeaketan dauden beharrak identifikatzeaz gain; eta, azkenik, arau-eraginaren azterketa bat garatzea, plastikoaren gaineko zergaren eragina eta sektorean hondakin plastikoen eraldaketari eta kudeaketari buruzko beste araudi batzuk aztertuz.
Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak adierazi duenez, “Tecnunekin dugun lankidetza funtsezkoa da Gipuzkoa berde eta lehiakorra sustatzeko eta behar ditugun industria berde, zirkular eta deskarbonizatuak garatzeko. Ekonomia zirkularrarekin eta baliabideen kudeaketa eraginkorrarekin dugun konpromisoa funtsezkoa da hazkunde jasangarria eta soziala bermatzeko, kalitatezko enplegu berriak sortuz. Akordio horri esker, lurraldean birziklatzeko gaitasuna diagnostikatu eta hobetu ahal izango dugu, baita indarrean dauden arauetara egokitu ere, gure enpresentzat eta herritarrentzat etorkizun jasangarriagoa bermatuz”.
Bestalde, Raul Anton Tecnuneko zuzendariak adierazi duenez, “Unibertsitateak Gipuzkoako material plastikoen ekoizpen-katea, erabilera eta birziklapena aztertuko ditu, gizarte-ongizatean inpaktu fisiko txikia izateko. Administrazioari eta ekoizleei erabaki eta estrategia onenak hartzen laguntzeko lan egingo dugu, eraginkorragoak eta jasangarriagoak izan daitezen”.
Hitzarmen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tecnunek 2023an egindako ikerketen jarraipena da. Ikerketa horiek plastikozko ontzien balio-katean zentratu ziren, ikuspegi zirkular batetik. Ariketa honetan, plastiko post-industrialaren kudeaketari buruzko ezagutza zabaldu nahi da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2019-2030 aldirako Hiri Hondakinen Plan Integralaren ildotik, prebentzioaren, berrerabiltzeko prestakuntzaren eta hondakinen balorizazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta lankidetza-hitzarmenak sinatzen ditu unibertsitateekin eta ikerketa-zentroekin. Ahalegin horiek bizi-ziklo jasangarriaren eta baliabideen ekonomia zirkularraren printzipioan kokatzen dira.
Bestalde, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolak (Tecnun) ekonomia zirkularrarekin eta ingurumen-jasangarritasunarekin duen konpromisoa berresten du, eta enpresak ekonomia zirkularraren eredu bateranzko trantsizioa errazten duten ikerketak sustatzen ditu. Ikerketa Tecnuneko “Hobekuntza Jasangarria” ikerketa taldearen esparruan egingo da, Carmen Jaca, Marta Ormazabal eta Laura Ramírez doktoregaiak buru direla.
1117