Aldundiak eta udalek elkarrizketarako erakunde mahai bat sortu dute
Aldundiak eta udalek elkarrizketarako erakunde mahai bat sortu dute
Foru erakundeak eta Eudelen Gipuzkoako Lurralde Batzordeak osatuko dute koordinazio organo berri hau; COVID-19ak eragindako krisialdiari erantzuteko ekimenak sustatzea izango du helburu
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eudelen Gipuzkoako Lurralde Batzordean parte hartzen duten udalek elkarrizketarako erakunde mahai berri bat osatu dute, pandemiak eragindako ondorio negatiboei aurre egiteko egitasmoak bultzatzea eta koordinatzea helburu. Espazio honen bitartez, COVID-19ak ekarri duen gizarte eta ekonomia krisialdiari eman beharreko erantzunaren aurrean, erakunde arteko gobernantza indartu egingo dute.
Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, izango du buru mahai honek. Hala erabaki dute gaur goizean Eudeleko Lurralde Batzordearekin egindako bilera telematikoan, zeinetan parte hartu duten, baita ere, Eider Mendoza eta Jose Ignacio Asensio diputatuek. Lankidetzarako espazio honek indartu egingo ditu, beraz, orain arte abian jarritako elkarlan esparruak, haien funtzioak ordezkatu gabe. Izan ere, dagoeneko abian daude lurraldean sektoreka antolatutako hainbat koordinazio organo –arlo sozialean zein ekonomikoan– Gipuzkoako gizartean eta ekonomian pandemia sortzen ari den ondorioei aurre egiteko, hain justu ere.
COVID-19ak eragindako krisialdiari aurre egiteko, “gobernantza partekatua” izan du oinarri Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik, eta erakunde arteko koordinazio gune berri honek jokamolde hori sendotzeko balioko du. Izan ere, gainontzeko erakundeei zein gizarte eta ekonomia eragileei dagokien harremanetan, “transparentzia eta elkarlana” izan ditu ardatz foru erakundeak. “Sektoreka antolatutako organoak funtsezkoak izan dira, indarrak batu eta gure politiken eraginkortasuna areagotzeko garaian. Elkarrizketarako erakunde mahai honek koordinazio hori sendotuko du, inondik ere. Oso positiboa da bere eraketa, auzolanean sakontzeko aukera emango baitigu, ikusita zer nolako arrastoa utzi dezakeen pandemiak gure gizartean eta ekonomian”, balioa eman dio Olanok.
Aldi berean, Jose Ignacio Asensiok, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetarako diputatuak adierazi duenez, “beharrezkoa da krisiaren aurkako neurriak Foru Aldundiaren eta erakundeen artean koordinatzea”. “Mahai hau ezinbestekoa da herritarren beharrizanei erantzun egoki bat eman ahal izateko”, osatu du.
1784