Aldundiak eta Zas! Zurrumurruen Aurkako Sareak kanpaina jarri dute abian
Aldundiak eta Zas! Zurrumurruen Aurkako Sareak kanpaina jarri dute abian
«Zurrumurruen aurkako eragileak» prestatuko ditu xenofobiari eta diskriminazioari aurre egiteko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zas! Zurrumurruen Aurkako Euskal Sareak sentsibilizazio sozialeko kanpaina bat abiarazi dute egunotan, xenofobiari eta diskriminazioari aurre egiteko, bizikidetza eta aniztasunarekiko errespetua bultzatzeko, eta estereotipo eta zurrumurru faltsuen aurrean pentsamendu kritikoa sustatzeko. Ekimen hori lehen aldiz jarriko da martxan lurraldean, eta sei udalerritan antolatuko diren prestakuntza jardunaldi eta hitzaldi-eztabaidetan oinarritzen da. Horietan, gainera, KIT lokalak egingo dira, ingurunean aginduzko funtzioa beteko duten "zurrumurruen aurkako agenteen" sare bat sortzeko.
Ion Gambra Giza Eskubideetarako eta Kultura Demokratikoko zuzendariak, eta Zas! Sareko kide Xabier Aierdi soziologoak gaur aurkeztu dute kanpaina Aldundian, eta ekitaldi horretan nabarmendu dute prebentzioa beharrezkoa dela Europa osoan korronte populista xenofoboen presentzia gero eta handiagoa delako. Horregatik, elkarte ehuna eta toki erakundeak ordezkatzen dituzten pertsonak inplikatzera bideratutako hainbat jarduera antolatu dira, besteak beste udal, hezkuntza, elkarte eta kirol teknikariak.
Ion Gambrak adierazi duenez, Gipuzkoa "desberdintasun gutxien dituen Europako lurraldeetako bat" bihurtzea xede, "kohesio soziala" sustatu nahi da aktiboki, Gipuzkoako gizartea "irekia eta solidarioa delako eta aniztasuna errespetatzen duelako". "Migrazioetatik datorren aniztasuna modu positiboan hartzen dute bertako biztanleek, jarrera irekiarekin, eta ez arazo gisa. Indartzen jarraitu behar ditugu balio horiek, Gipuzkoan ez baitago xenofobiarako eta diskriminaziorako tokirik. Gizarte gisa, guztion artean eustorma bat eraiki behar dugu korronte xenofoboen aurrean, eta testuinguru bat sortu behar dugu, non pertsona guztiak aukera berdinekin bizi ahal izango diren, generoa, sexu-orientazioa, jatorria eta sinesmenak kontuan hartu gabe ", adierazi du.
Halaber, Giza Eskubideetarako eta Kultura Demokratikorako foru zuzendariak nabarmendu du herritarrek zeregin horretan duten rola; izan ere, haren iritziz, "gizarte kohesionatu, kritiko eta ahaldundu bat" da estereotipoei eta zurrumurru faltsuei galga jartzeko "txertorik" onena. Gaur aurkeztutako ekimenek, hain zuzen ere, gizarte eta erakunde ehuna indartzea dute helburu, aurreko legegintzaldian onartutako Aniztasuneko Bizikidetza Planak jasotzen duen bezala. Plan horrek Aldundiaren norabidea ezartzen du arlo horretan, Zas! Zurrumurruen Aurkako Euskal Sarearen parte baita.
Aurreikusitako jarduerak
- Zurrumurruen aurkako estrategiaren prestakuntza eskainiko da sei udalerritan
Zas! Sareak, bere eragile prestatzaileen bidez, prestakuntza-jarduera bikoitza egingo du tokiko sei testuingurutan. Sei udalerri horietan, zurrumurruen aurkako estrategiaren prestakuntza emango zaie udal, hezkuntza, elkarte, kirol eta abarretako langileei, "zurrumurruen aurkako agenteak" prestatzeko xedez. Horretarako, haien elkarte-sarea ordezkatzen duten pertsonek eta administrazioko langileek parte hartuko dute, aginduzko eginkizuna bete dezaten toki eremuan.
Era berean, prestakuntza saio horietan parte hartzen duten pertsonak, beren prestasunaren eta erantzukizunaren arabera, Euskadiko zurrumurruen aurkako sarean sartuko dira.
Udalerriak: Aretxabaleta, Soraluze, Beasain, Oñati, Irun, Deba.
2. KIT lokalak prestatzea
Zurrumurruen aurkako kitak egingo dira, erakunde horien errealitate soziodemografikoen egoera espezifikoetara egokituta, eta online laguntza eta orientazio zerbitzuan sartuko ditu.
3. Hitzaldi eta eztabaida ibiltariak
2019ko laugarren hiruhilekoan sei eztabaida antolatuko dira Gipuzkoako bi herritan, immigrazioaren aurkako diskurtso txarrei aurre egiteko; saio horietan, gaian adituak diren pertsonek parte hartuko dute. Eztabaida horien bidez, kontzientzia antixenofoboa sortu nahi da, gure gizarteko sektore gero eta handiago bat etengabe adi egon dadin etnia edo arraza arrazoiengatiko diskriminazioaren aurrean.
Ordizia: Feminismoa eta arrazismoa
Irun: Asilo eta babesaren krisia, eta mugak.
Elgoibar: Feminismoa eta arrazismoa
Deba: Erlijio aniztasuna eta islamofobia
2124