Aldundiak foru jauregiko arkupeak argiztatu ditu, Euskaraldiarekin bat eginez
Aldundiak foru jauregiko arkupeak argiztatu ditu, Euskaraldiarekin bat eginez
‘Euskararen zubia’ irudikatuko da argiteriaren bitartez, herritarrak norbere hizkuntza ohiturak aztertu eta aldatzera animatuz.
Euskaraldiaren erdia igaro dugun honetan, Aldundiko jauregiko arkupeak modu koloretsu eta bizian argiztatuko ditu foru erakundeak, gaur arratsaldean hasi eta euskararen aldeko ariketa sozialak irauten duen bitartean. Abenduaren 4ra arte, Euskararen zubia irudikatuko duen argiteriaren bitartez, herritarrak norbere hizkuntza ohiturak aztertu eta aldatzera animatu nahi dira ekimen honen bitartez. Iluntzero, 18:00etatik 22:00etara argiztatuko dira foru erakundeko arkupeak, Gipuzkoa Plazan. Goizetan ere piztuko dira argiak, eguna argitu aurreko orduetan.
Euskaraldiaren bigarren erdian sartu garen honetan, Markel Olano diputatu nagusiak adierazi duenez, euskararen erabilera sustatzeko “ariketa masibo hau beste behin erakusten ari zaigu euskarak elkarrengana gerturatzen gaituela, gizartea kohesionatzeko balio garrantzitsua dela”. Baita ere, ariguneen garrantzia nabarmendu du, “lan esparruan ere hizkuntzari bultzada berri bat emateko aukera eta testuingurua” eskaintzen baitute. Gipuzkoako Foru Aldundian, esate baterako, 190 arigune eratu dira, 1.140 langileren partaidetzarekin.
Horregatik, herritarrak animatu ditu diputatu nagusiak, Euskaraldiaren bigarren zati honetan ere ariketa kolektiboan “ilusioz parte hartzen” jarraitzeko, “norbere hizkuntza ohiturak aztertu eta egokituz” lortuko dugulako “etorkizunera begira” euskararen erabilera sendotzea.
1567