Aldundiak “gaitzespenik irmoena” adierazi du Tolosan asteburu honetan izandako sexu erasoa dela eta
Aldundiak “gaitzespenik irmoena” adierazi du Tolosan asteburu honetan izandako sexu erasoa dela eta
Erasoa jasan duen emakumeari “elkartasun eta babes osoa” helarazi dio Miren Elgarresta Berdintasuneko zuzendariak; “Gipuzkoan ez dute lekurik emakumeen duintasunaren eta sexu askatasunaren aurkako jokabide matxistek”, adierazi du.
Joan den asteburuan Tolosan izandako sexu erasoaren aurrean, bere “gaitzespenik irmoena” adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, Miren Elgarrestak, eta foru erakundearen izenean, "elkartasuna eta babes osoa" helarazi dio agresioa jasan duen emakumeari, nahiz haien senitartekoei eta hurbileko pertsonei.
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz, Foru Aldundiak bat egin du Tolosako Udalak gaurko egin duen kontzentrazio deialdiarekin eta, beraz, bertan parte hartuko du Miren Elgarrestak berak. “Sexu eraso honen aurrean, beste behin ere, aski dela esan nahi dugu. Gipuzkoan ez dute lekurik emakumeen duintasunaren eta sexu askatasunaren aurkako jokabide matxistek”, nabarmendu du. Izan ere, gogorarazi duenez, emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide “urraezinak” dira, “bermatu beharrekoak”. “Eskubide horien aurkako ekintzak erabat onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean”, berretsi du.
Berdintasuneko zuzendariak nabarmendu du indarkeria sexistaren jatorria "gizonen eta emakumeen arteko egiturazko berdintasun faltan" dagoela, “emakumeak kontrolpean mantendu nahi dituzten jarrera eta ideia matxistetan”. Horregatik, “berdintasunaren aldarrian” jarri du azpimarra.
“Gizarte osoari dei egiten diogu: indarkeria matxistaren existentziaz jabetu dadin eta, pertsona bakoitzak bere erantzukizunaren esparruan, konpromiso aktiboa har dezan. Eraso sexistarik gabeko kale, auzo eta herriak nahi ditugu”, aldarrikatu du. Horregatik, Aldundiak dei egin die herritarrei emakumeen aurkako bortizkeriaren aurrean beren “gaitzespena eta konpromisoa” adierazteko.
2327