Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak gaixotasun larriak ikertzeko laguntza lerroa onartu du

Aldundiak gaixotasun larriak ikertzeko laguntza lerroa onartu du

Guztira 100.000 euro bideratuko dira proiektura, aurrekontu irekien prozesuaren barruan herritarrek gehien bozkatu dutena baita.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaixotasun larriak ikertzeko laguntza programaren oinarri arautzaileak onartu ditu, eta 100.000 euro bideratuko ditu programa horretara. Programaren helburua da arlo horretan ikerketa egiten duten zentroei laguntzea, zehazki, horrelako gaitzen aurkako borrokan aurrera egiteko balio duten ekipamendu eta azpiegituren proiektu eta inbertsioetan. Egungo egoera ikusita, bereziki baloratuko dira COVID-19a edo pandemia eragin dezaketen beste gaixotasun batzuk ikertzera bideratutako proiektuak.

Deialdi honen bidez, gaixotasun horien funtsezko ikerketa proiektuetatik eratorritako gastuak finantzatuko dira, edo ildo horietan aurrera egiteko aukera ematen duten ikerketa ekipoetan edo azpiegituretan inbertitzekoak. Gaixotasun larritzat hartzen da pertsonentzat ondorio handiak eragiten dituena, hilkortasunari, hilgarritasunari, ondorioei, kronikotasunari, ezintasunari edo gaixotasunaren larritasuna adierazten duten beste parametro batzuei dagokienez.  Definizio horren barruan sartzen dira COVID-19a edo antzeko beste gaixotasun batzuk, orain bizi dugunaren antzeko pandemia bilakatu daitezkeenak. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean sartuta dauden Gipuzkoako entitateek parte hartu ahal izango dute deialdian. Deialdiaren informazioa Aldundiaren dirulaguntzen atarian -www.gipuzkoa.eus/subvenciones- egongo da eskuragarri, eta oinarriak laster argitaratuko dira GAOn.

Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak gogorarazi duenez, Gipuzkoako hiru enpresa eta ikerketa zentro bat, Biozientziak Fundazioaren bitartez, COVID-19aren diagnostikoarekin eta monitorizazioarekin lotutako proiektuak garatzen ari dira dagoeneko, "guztiak potentzial handiarekin", eta lurraldeko arlo biosanitarioari buruzko ekosistema indartzen jarraitzearen aldeko apustua egin du, "horrek osasuna, kalitatezko enplegua eta aberastasunaren sorrera ekarriko dituelako. Minbiziaren eta alzheimerraren aurkako borrokan lan handia egiten ari diren puntako start-upak, enpresak, unibertsitateak eta ikerketa zentroak ditugu, eta, ekosistema horri esker, beste batzuk baino hobeto prestatuta gaude gaur egungo egoera latzari aurre egiteko ", gaineratu du.

Diputatuaren hitzetan, COVID-19aren aurkako txertoa fabrikatuko duen Viralgen enpresaren eraikina martxan jartzea, edo Nature aldizkariak argitaratu berri duen artikulua, Donostia munduko 200 hiri zientifiko nagusien artean kokatzen duena, ez dira "kasualitatea, baizik eta hainbat eragileren arteko urte askotako lankidetzaren eta lanaren emaitza, eragile horiek gai izan baitziren ikusteko jakintza sortzea funtsezkoa zela, eta oraindik ere bada, gure etorkizuneko ongizaterako eta ekonomia aurreratu bat izateko. Laguntza lerro honekin beste aletxo bat jartzen da aipatutako apustu horretan, eta, gainera, Gipuzkoako herritarren eskari batekin konektatzen da ".

Izan ere, Aldundiaren aurrekontu irekien prozesuaren barruan bideratu da ekimena. Lehenengo fasean, herritarren proposamenak jaso ziren, eta 2019an aztertu ziren. Bigarren fasean, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa kontuan hartuta, proposamen horiek proiektu bihurtu zituzten. Horrela, 12 proiektu definitu ziren, eta, hirugarren fase batean, herritarrek aukeratu zituzten, pertsona bakoitzari aukera emanez horietako 6 aukera zitzan. Guztira, 13.087 pertsonek parte hartu zuten urtarrila eta otsaila bitartean hautaketa fasean, eta hura izan zen bozkatuena, 9.417 botorekin; jarraian, klima aldaketaren aurkako konpromisoa izan zen bozkatuena.  

  

1827