Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Gipuzkoako etorkizunari buruzko kezkak partekatzeko gonbita egin die Soraluzeko herritarrei

Aldundiak Gipuzkoako etorkizunari buruzko kezkak partekatzeko gonbita egin die Soraluzeko herritarrei

Etorkizuna Eraikiz kapsula Soraluzen izango da egun osoan.

Joan den astean Urnietan Etorkizuna Eraikiz kapsulari hasiera eman ondoren, lurraldeko hainbat herritan egingo duen birarekin jarraituko dugu, aste honetan geldialdi berri batekin. Gaur goizean kapsula Soraluzera iritsi da, herritarrek lurraldearen etorkizunari buruz egindako ekarpenak jasotzeko asmoz. Gipuzkoaren etorkizuna guztion artean diseinatu behar da, elkarlanerako lan baten bidez; guztiok amesten dugun lurraldea eraiki behar dugu, eta, horregatik, dinamika parte-hartzaile hori sustatzen dugu, kapsula hainbat herritara eramanez, Eider Mendoza Gobernantzako diputatuak nabarmendu duenez.
 

Denboraren kapsula horren hirugarren fase honen helburua, besteak beste, lurraldeko gazteriarengana hurbiltzea da, 2040an Gipuzkoa nola ikusten duten jakiteko. Horregatik, kapsulak 100 ikasle baino gehiago hartuko ditu, Gipuzkoako gazteen kezkak, iritziak eta iradokizunak aztertzeko. «Alde batetik, gaur egun lurraldearen egoera zein den eta Gipuzkoaren ezaugarri eta balio nagusiak zein diren azalduko diegu. Eta eurei eskatzen diegu ariketa bikoitza egiteko, batetik, 2040ra begira, hau da, 20 urte barru Gipuzkoa nolakoa izatea gustatuko litzaiekeen. Eta, aldi berean, konpromiso bat hartzeko eskatzen diegu, zein ekarpen egiteko prest dauden denok nahi dugun Gipuzkoa elkarrekin eraikitzeko», gogorarazi du Mendozak.

Foru arduradunak azpimarratu du parte-hartzea ezinbesteko tresna dela herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskura dezaten. "Azken 2 urteetako bizipenek ere arrasto sakona utzi dute gizartean, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu une honetan gipuzkoarren proposamen, kezka eta iritziak jasotzea. Etorkizuna Eraikiz, besteak beste, herritarrek gizarte-interesak agenda publikoan integratzen laguntzeko tresna da. Gipuzkoarrek dituzten gogoeta, kezka eta ideiak entzun nahi ditugu. Hain zuzen ere, dinamika horrek bide berri bat irekitzen du gizartearen parte-hartze aktiborako", nabarmendu du Gobernantzako diputatuak.


Partaidetza-dinamikaren hirugarren fasea amaitzean, herritarrek bildutako ekarpen guztiak jasoko dira, eta horiek kontuan hartuko dira Etorkizuna Eraikizek landu beharreko gai eta ekimenen agenda publikoa ezartzerakoan. Hurrengo hilabeteetan Etorkizuna Eraikiz kapsulak lurralde osoko eskualdeak zeharkatuko ditu eta 10 hiri eta herritan kokatuko da. Soraluzen kokatu ondoren, kapsula Azpeitiara eramango da martxoaren 4an, eta ondoren Urretxura, 18an.

Kapsula Soraluzeko udaletxe parean jarri da eta 10:00 etatik 19:00 etara egongo da zabalik. "Benetako kapsula bat da, etorkizunean pentsatzera eramango gaituena, denboraren kapsula balitz bezala", dio Mendozak, herritar guztiei zuzenduta eta irekita dagoen ekimena dela azpimarratuz. Kanpotik ikusita, tunel moduko bat da, eta bertara sartzean, bisitariak aurrez aurre ikusten ditu egungo Gipuzkoak dituen ezaugarriak. Horietatik, 2040ko Gipuzkoak zer balio izan beharko lituzkeen galdetzen zaio bisitariari. Ekarpenak egin ondoren, loreontzi txiki batekin eta hazi batekin alde egingo dute, eta lurperatu ondoren landare bihurtuko da "horrek erakutsiko digu gaur egungo gipuzkoarrek zeri ematen dioten garrantzia, zeintzuk diren dituzten kezkak eta desioak", esan du Mendozak.

Bestalde, Soraluzeko alkate Iker Aldazabalek azaldu duenez, “Eskertzekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik Soraluzetarrei ematen zaigun aukera . Etorkizunari begira nolako Gipuzkoa nahi eta amesten dugun islatzeko. Ekimen hau  herritar guztiei zabalduta dago eta edonork egin ditzake bere ekarpenak baina benetan interesgarria iruditzen zait  gure gazteen parte hartzea bultzatzea eta sustatzea. Beraiek izango bai dira gure etorkizuneko Gipuzkoa bideratuko duten helduak. Soraluzetar  guztiak animatu eta gonbidatu nahiko nituzke beraien ekarpenak, iradokizunak eta etorkizuneko nahi eta ametsak Aldundiari helaraztera

Ekimen parte-hartzaile hau oso interaktiboa da eta erabiltzaileari esperientzia bat sortzeko prestatu da, baina ezin dugu ahaztu bere helburu nagusia: Gipuzkoa oso azkar aldatzen hasi da, etengabeko aldaketa-prozesu baten aurrean gaude eta garai berrietara eta gizartearen behar berrietara egokitu behar dugu; horretarako, beharrezkoa da hainbat eragileren lankidetza, hala nola enpresa publiko-pribatuena, erakundeena, elkarteena eta parte-hartze sozialarena.

  

1746