Aldundiak Gipuzkoako turismoa sustatzeko eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du
Aldundiak Gipuzkoako turismoa sustatzeko eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du
Mugarrietako bat 'Arantxat' sortzea da, whatsapperako garatutako chatbot sistema, estatu mailan berritzailea.
Foru Aldundiko Turismo zuzendaritzak aurrerapauso bat eman du Gipuzkoako turismo sustapena digitalizatzeko prozesuan, komunikazio tresna berriak merkaturatuz eta daudenak hobetuz. Iker Goiria Turismo zuzendariak gaur egindako aurkezpenean azaldu duen bezala, prozesu hau bat dator joan den maiatzean ezagutzera eman zen 2020-2023 sektorea sustatzeko plan estrategikoarekin eta BEGIKA ereduarekin, eta "turismo bulegoek eta eskualdeko agentziek lurraldean zehar egiten duten sustapena osatzen eta indartzen du, jauzi kualitatibo bat eginez eraldaketa digitalaren prozesuan, sektorea indartzeko eta helmuga turistiko erakargarriagoa eta adimentsuagoa bihurtzeko helburuarekin".
Berrikuntza prozesu horren eta kanal berrien aldeko apustuaren mugarrietako bat 'Arantxat' gida turistiko birtuala sortzea da. Gida hori whatsapp-erako eskuragarri dagoen chatbot sistema baten bidez garatu da, eta turismo bulegoetan jaso diren kontsulta ohikoenetatik jaso diren informazio fluxu guztiak biltzen ditu. "Tresna honen bidez, edonork erabiltzeko moduko plataforma intuitiboa eta erabilerraza bilatu dugu. Whatsapp aplikazio ezaguna da, jende gehienak egunero erabiltzen duena; horregatik, azkar ikusi genuen aukera egokiena zela".
Aplikazioa euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez dago eskuragarri, eta erabat doakoa da. Hori erabiltzeko, 688 768 903 telefono zenbakia soilik gehitu behar zaio agendari, eta, une horretatik aurrera, txateatu egin daiteke, edozein kontakturekin bezala. Informazioa banatuta dagoen aukera eta atalak irudikatzen dituzten zenbaki batzuk aukeratuz garatzen da elkarrizketa. "Tresna honen helburua da digitalizazio 'erreala' erraztea informazio turistikoa eskuratzeko. Digitalizazioaz maiz hitz egiten dugu, baina, gure ustez, hura aplikatu behar denean, irtenbide berak errepikatzen dira batzuetan. Eta hau, zalantzarik gabe, estatu mailako ekimen berritzaile bat da", gaineratu du Goiriak.
Gainera, esan duenez, "ostatu sektoreari balio erantsia ematen dion tresna bat da, turistari modu eraginkorragoan laguntzeko informazio osagarri gisa balio baitu". Alde horretatik, sektorearekin elkarlanean aritu da Aldundia tresna hori zabaltzeko, eta lankidetza aktiboa ezarri da Gipuzkoako hotelekin, Gipuzkoako ostalaritzarekin, Aparture-rekin eta Nekatur-ekin, beren ostatuetan zerbitzu berri hau sustatzeko informazio euskarrien bidez.
Turismo informazioko kanalen eraldaketa digitalaren prozesua beste bi elementuk osatzen dute. Alde batetik, dagoeneko eskuragarri dago 'Gipuzkoa Passport', aplikazio mugikorreko bertsioan eta Android eta Apple plataformetan. "Trantsizioko uda baten aurrean gaude, eta bertako eta hurbileko turismoak garrantzi handia izaten jarraituko du, atzerriko turismoa berriz aktibatzen den bitartean. Horregatik, eta Gipuzkoako pasaportearen kanpainak ondo funtzionatu ondoren, aplikazio mugikor hau prestatzea erabaki dugu, tresna digitalek eskaintzen dituzten hobekuntza guztiekin", adierazi du zuzendariak. Aplikazioak zabaldu egiten du 2020an argitaratutako paperezko edizioko planen zerrenda. Plan horiek eguneratzen joango dira, eta zenbait hobekuntza eskaintzen ditu, hala nola geolokalizazioa, edukiak partekatzeko aukera, gogokoen zerrendak sortzea, etab.
Tresna berri horiez gain, Gipuzkoa Turismoaren webgunea, lurraldeko informazio turistiko guztia biltzen duena, erabat birdiseinatu da, bai irudian, bai edukien aurkezpenean. Ikus-entzunezkoa indartu du bideo pieza berriei eta eskaintzaren antolamenduari esker, bidaiariei erabat zuzendutako ikuspegiarekin. Eduki nagusi gisa, nabarmentzekoa da "Gipuzkoako top 10" delakoa: hainbat eskualdetako turismo teknikariek hobekien baloratutako 100 baliabide eta planetako datuen arabera egindako hautaketa. Horri dagokionez, Goiriak azpimarratu du hobekuntza horiek guztiak "sektoreko eragileekin lankidetza estuan" jarri direla abian, bai enpresekin, bai eskualdeekin. “Euskarri garrantzitsua izango dira gure turismo aktibo guztiak ezagutarazteko, bisitariak Gipuzkoako barnealdera erakartzeko eta turismo fluxuak lurralde osoan zehar gero eta gehiago banatzeko, gure lehentasun nagusietako bat baita".
Gainera, kanal horiek aurrerapausoak ematea ahalbidetuko dute turismoa neurtzeko eta haren jarraipena egiteko datuak lortzerakoan – geolokalizazioa, lehentasunak, segmentazioa… –. Horrela, Hodeian tresna eta antzeko tresna batzuekin batera, Aldundiak aurrera egin ahal izango du Inteligentzia Turistikoko Sistema bat eraikitzeko bidean. "Hurrengo urratsa informazio hori guztia bildu eta prozesatzea izango da, eta horri esker erabaki hobeak hartu ahal izango ditugu turismoa kudeatzeko, lurraldea sustatzeko, jasangarritasuna bultzatzeko edo sektoreko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko", adierazi du Goiriak.
Bestalde, Estatuko eta Frantziako merkatuaren garrantziaz jabetuta (Gipuzkoako turismo merkatuaren % 66 dira), lurraldearen sustapenak ekintza digitala izango du, "publizitate programatikoko" sistema berritzaile baten bidez. Metodo digital honen bidez, lurraldeko sustapen turistikoko mezuak interes handieneko pertsona eta nitxoetara bidali ahal izango dira, Ibermática enpresak garatutako zerbitzu honek eskaintzen dituen lehentasunen, bilaketen historialaren, kokapenaren eta gainerako parametroen arabera.
Sustapen kanpaina
Tresna berriak sustatzeko kanpaina bitarteko konbentzionaletan eta baliabide digitaletan garatuko da. Ekintza ludiko gisa, Turismo Zuzendaritzaren eta Euskadi Gaztearen arteko lankidetzaren bitartez, 'Non dago Arantxat?' ekintza gauzatuko da. Joko horretan, ostiralero, 'Arantxat' berak dei bat egingo dio programari, Gipuzkoako zein tokitan dagoen deskribatzeko. Publikoak parte hartzeko aukera izango du programa amaitu arte, eta sariak zozketatuko dira egun horretan non dagoen asmatzen duten irabazleen artean.
2259