Aldundiak Hernaniko meskitaren kontrako eraso arrazista gaitzetsi du
Aldundiak Hernaniko meskitaren kontrako eraso arrazista gaitzetsi du
Bizikidetza eta Giza Eskubideetako foru zuzendariak pintaketak gipuzkoar guztien kontrako eraso bat direla ziurtatu du
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gaitzespen irmoena adierazi du asteburu honetan Hernaniko meskitan egin diren pintaketa xenofoboen harira. Eraso horien aurrean, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako foru zuzendaria den Maribel Vaquerok adierazi du Aldundiak ez duela onartuko xenofoboak eta baztertzaileak diren eraso, jarrera edo adierazpenik. Zentzu horretan, Vaquerok nabarmendu nahi izan du Hernanin eman diren bezalako gertaerek “elkarbizitza eta aniztasunean oinarritutako Gipuzkoa baten alde lan egiteko gure konpromisoa indartzen dutela”, Aniztasuneko Bizikidetzarako Foru Planean jasotzen den bezala.
Maribel Vaquerok ziurtatu duenez, arrazistak, xenofoboak eta orokorrean pertsonen berdintasun eta errespetuaren kontrako jarrerak “gizarte guztiaren aurkako erasoak dira, eta bereziki, jatorria, sinesmenak edo kultura zeintzuk diren kontuan hartu gabe berdintasunean oinarritutako parte hartzean sinesten dugunengan”. Aldundiaren helburu nagusietako bat da Gipuzkoa izatea pertsonen arteko desberdintasun gutxien duen lurraldea, eta horregatik, “asteburu honetako pintaketak beti izango dira onartezinak, elkarbizitza eta kohesio sozialerako oztopoak baitira”.
Azkenik, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak bere babesa eta elkartasuna adierazten die islamiar sinesmeneko gipuzkoar guztiei.
1395