Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak ia milioi bat euro inbertituko ditu egoitza eta eguneko zentroetan

Aldundiak ia milioi bat euro inbertituko ditu egoitza eta eguneko zentroetan

Adinekoen edo desgaitasuna duten pertsonen egoitza eta eguneko zentroetan inbertsioak egitearen garrantzia azpimarratu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Imanol Lasa prentsaurrekoan

Diputatuen Kontseiluak ia milioi bat euroko diru laguntzak onartu ditu adinekoen edo desgaitasuna duten pertsonen egoitza eta eguneko zentroetan inbertsioak egiteko. Imanol Lasa foru bozeramaileak neurri honen garrantzia azpimarratu du, esanez gaur egun, zentroetan edo egoitzetan dauden instalazioak hobetuko direla horrela, "erabiltzaileen mesedetan". Are gehiago, ziurtatu du Kontseiluak onartutako inbertsioari esker -912.000 euro, zehazki-, "legealdiko helburu nagusietako bat, plaza berriak sortzearena", mamitzen hasten dela, horretarako baldintzak jartzen baitira azpiegituren arloan.

Kopuruari dagokionean, onartutako diru laguntzen artean aipagarriena, Errenteriako Sanmarkosenea egoitzari dagokiona dela adierazi du Lasak: 525.000 euro bideratuko dira egoitzan hainbat moldaketa lan egiteko, legeari egokituz. Gainerako diru atalak, berriz, honela banatuko dira: 75.000 euro erabiliko dira Eskoriatzako Nuestra Señora de las Mercedes egoitzako behe, lehen eta bigarren solairuak egokitzeko, eta beste 90.000 euro emango zaizkio Gautena elkarteari, familien arretarako erabiltzen duten espazioa handitzeko, Donostiako zentroan.

Balizko plaza berrien sorrerari dagokionean, Lasak zehaztu duenez, 70.000 euroko diru laguntza jasoko du Oiartzungo Petra Lekuona egoitzak, bertako 20 plaza hornitu eta psikogeriatria unitate bat sortzeko. Beste 50.000 euroko laguntza onartu da Goyeneche fundazioarentzat, desgaitasuna duten pertsonentzako Donostian eguneko zentro bat zabal dezan. Usurbilgo Udalak ere beste 23.110 euro jasoko ditu, Puntapax eguneko zentroan 6 plaza berri sortzeko aukera izateko.

Amaitzeko, foru bozeramaleak jakinarazi du Gurutze Gorriarekin hitzarmena sinatu dela. 78.890 euro jasoko ditu elkarteak, Donostian duen zentroa egokitu eta 8 plaza berri sor ditzan; 4 arlo soziosanitariorako izango lirateke eta beste 4, buruko osasun arazo larriak dituzten pertsonen arretarako. Lasak azpimarratu egin ditu Diputatuen Kontseiluak onartu dituen diru laguntzak, adinekoen edo desgaitasuna duten pertsonen "arreta hobetzea" baitute helburu.

Elkarteen eta erakundeen artean elkarlanean aritzearen garrantzia azpimarratu du ere: Hirugarren sektorearekiko lankidetza da gure apustua, mendekotasuna duten pertsonen beharrei erantzunik onena emateko eta haien bizimodua errazteko. Politika sozialek Aldundiaren eguneroko jardunean zein aurrekontuan duten pisuaren adierazle dira gaur iragarri ditugun erabakiak.

Bide azpiegiturak

Bestalde, ezaugarri teknikoen orria onartu da prozedura irekia zabaltzeko, Gipuzkoako errepideetan neguko bide-lanak egiteko urgarrien horniketa egiteko. Lizitazioko oinarrizko aurrekontua 581.532,00 eurokoa da, eta gauzatzeko epea bi urte, beste bi urtez luza daitekeena. Foru bozeramaleak gogorarazi duenez, Neguko Errepide Planak 2,5 milioi euroko aurrekontua edukiko du guztira; 80 kamioi, hamabost ibilgailu arin, eta 10.450 tona gatz erabiliko dira errepideetan izotzari eta elurrari aurre egiteko, aurreikuspenen arabera.

Horrez gain, lehiaketa deitu da Aldundiaren errepide sareko tuneletan segurtasun zerbitzuak bermatzeko. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 217.200 eurokoa da, eta lana burutzeko epea 24 hilabetekoa da, beste 24 hilabetez luza daitekeena.

Erabilera lagapenak

Aldundiak deliberatu du Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Gipuzkoako Batzordeari dohainik lagatzea, hamar urterako, Donostiako Peña y Goñi kaleko higiezinaren erabilera, elkartearen egoitza gisa erabiltzeko. RSBAP-ek 1994az geroztik du bertan egoitza soziala. Eibarko Arial Etxearen erabilera lagapena ere beste hamar urtez luzatuko da, bertan parrokiako jarduerak eta interes sozialeko beste ekintza batzuk garatzeko, hala nola topaketak, ekitaldi sozialak, solidarioak eta ongintzazkoak, etabar.

Neurri hauekin, gipuzkoar guztion ondarea "elkartegintza ehunaren mesedetan" jartzea du Aldundiak xede, horren jarduerak Lurraldearentzat onuragarriak direlakoan "gizarte, ekonomia, kultura edota kirol arloetan".

LHLren aurkako auzia

Azkenik, Lasak berretsi du Aldundiak konpetentzia auzia aurkeztuko duela Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Antolaketa Instituzionalerako Lege Proposamenaren aurka (1983ko Lurralde Historikoen Legearen erreforma). Eusko Legebiltzarrak joan den azaroaren 12an egindako osoko bilkuran onartu zuen proposamena aintzat hartzea.

Erabaki hau atzoko Diputatuen Kontseiluan bozkatu eta onartu zen, baina ez aho batez. Foru bozeramaileak azaldutakoaren arabera, "eztabaida politikoetan sartu gabe, uste dugu, planteatu den moduan, konpetentzien gatazka bat egon litekeela. Horrenbestez, beharrezkotzat jotzen dugu Batzorde Arbitralak bere epaia ematea, erreforma berme tekniko eta juridiko guztiekin egin ahal izateko, hau da, oinarri sendoen gainean".

  

1589