Aldundiak inflazioari eta egoera ekonomikoaren ondorioei aurre egiteko zerga neurriak onartu ditu
Aldundiak inflazioari eta egoera ekonomikoaren ondorioei aurre egiteko zerga neurriak onartu ditu
Foru erakundeak kurtso politiko berriko lehenengo Diputatuen Kontseilua egin du aste honetan, eta bertan onartu da araudi berria
Gipuzkoako Foru Aldundiak aste honetan egin du kurtso politiko berriko lehenengo Diputatuen Kontseilua. Bertan, inflazioari eta egoera ekonomikoari aurre egiteko zerga neurriak onartu ditu foru erakundeak, Araba eta Bizkaiarekin adostuta hartu direnak. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, “sekulako erronkei” egin beharko die Gipuzkoak datozen hilabeteetan. “Azken bi urteetan pandemia izan bada aurrean izan dugun erronka nagusia, orain egoera ekonomikoan da arreta gehien eskatzen digun alorra. Inflazioa, interes tipoen igoera, energiaren krisia, tentsio geopolitikoak… dira aurrean dugun agertokiaren osagaiak, eta Aldundia lanean ari da honek gizartean izaten ari den ondorioak mugatzeko”, azaldu du.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, azken Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan, udararen eta datozen hilabeteei buruzko irakurketa laburra egin du. Azaldu duenez, Gipuzkoaren kasuan, udazkenari aurre egiteko abiapuntua “ona” dela adierazi du. “Jarduera ekonomikoari dagokionez, datu makroekonomiko gehienak onak dira, orain artekoak behintzat: enplegua, salmenta, zerga-bilketa… Energiaren krisia eta prezioen gorakadak, ordea, oreka hau guztia kolokan jartzen dute, eta honi erantzutea da esku artean dugun erronka nagusia da. Aldundi bezala, horretan jarriko ditugu gure indar guztiak, oso gertutik jarraituko dugu ekonomiaren bilakaera”, azaldu du.
Honi zuzenki lotuta dago Aldundiak aste honetako Kontseiluan onartu duen erabakia, hain zuzen ere. “Konfiantza osoa dugu gure lurraldean; iraganean egin bezala, datorrena datorrela, etxeko lanak eginda ditugu eta krisialdiei erantzuteko gai izango garela uste dugu”, gaineratu du foru arduradunak. Bere ustetan, ekonomiarekin batera, noski, babes sozialean ere jarri beharko du arreta Aldundiak: “Pandemian egin bezala, egon daitekeen edozein aldaketaren aurrean, zaurgarrienen babesean sakontzea izango du gure lan eremua”.
Uda ikastaroa
Mendozak gogoratu duenez, aste honetan, ostiralean, Etorkizuna Eraikizen uda ikastaroa egingo da. “Hitzordu hau, azken urteetan mantendu dena, Gipuzkoako kurtso politiko berriaren abiapuntu bezala egonkortu den zita da”, azaldu du. Aurten, "Gipuzkoaren etorkizuna aldaketa eta ziurgabetasun testuinguru batean" izenburupean, egungo munduak bizi dituen eraldaketa eta ziurgabetasun handiek markatuko dute ikastaroa, lurraldearen oraina eta etorkizuna baldintzatzen ari baitira. “Uda ikastaroaren helburua izango da Gipuzkoako gizartea aktibatzen jarraitzea, bai arazo horiek hautematen, bai horiei aurre egiteko irtenbideak bilatzen, betiere Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen gobernantza ireki eta elkarlaneko ereduan oinarritutako lanaren bidez. Hau da, aipatu dugun agertokiaren inguruan hausnartzea”, esan du.
Horretarako, topaketan nazioarteko adituek zein Etorkizuna Eraikizeko ekimenari lotutako arduradun teknikoek eta politikoek hartuko dute parte, baita joera berrietan aditu diren pertsonek ere. “Pasa den legealditik ari da Gipuzkoako Foru Aldundia lanean, gobernantza eredu berri bat sendotu eta lurraldean hedatzeko. Politika egiteko modu hau irekia eta elkarlanekoa da, eta eremu guztietara zabaldu nahi da, bereziki Gipuzkoaren etorkizunarekin harremana duten esparruetara. Zentzu honetan, uda ikastaroak datozen hilabete eta urteetan gure lurraldeak hartu beharreko norabideari buruz hausnartzen lagunduko digu, eta etorkizun hori elkarlanean nola eraiki argitzen”, azaldu du.
Zerga neurriak
Bestalde, bozeramaileak gogoratu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek zerga neurri sorta berria aurkeztu zituztela pasa den uztailean. “Helburua inflazioari eta egungo egoera ekonomikoaren ondorioei aurre egitea zen”, gaineratu du. Hiru lurralde historikoen artean modu harmonizatuan hartutako neurri hauek 249,5 milioi euroko ahalegin fiskal bateratua ekarriko dute, 84,6 milioi euro Gipuzkoan. EAEko zergadun guztiak izango dira onuradunak, eta intentsitate handiagoa izango du zaurgarrienen kasuan. “Erabaki sorta hau jasotzen duen araudia da aste honetan Diputatuen Kontseiluan onartu duguna”, azaldu du Mendozak.
Lehenengo neurriak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) tarte guztiak % 4 deflaktatzea dakar. Horrela, zerga horren ordainketa egungo egoera ekonomikora egokitu nahi da, inflazioaren ondorioz herritarrek erosteko ahalmenik galdu ez dezaten. Gogoratu behar da foru ogasunek % 1,5 deflaktatu zutela PFEZa urte hasieran; beraz, deflaktazioaren zifra guztira % 5,5ekoa izango litzateke. Neurria bihar bertan sartuko da indarrean. Ondorioz, alde batetik, iraila eta urte amaiera bitartean ordaintzen diren soldatetan berehalako eragina izango du; beste aldetik, lehenago ordaindutako nominen kasuan (hau da, urtarrila eta abuztuaren artekoak), atxikitako gehiegizko zenbatekoak hurrengo Errenta kanpainan doituko dira. Neurriak EAEko errenta-zergadun guztiei egiten die mesede, eta 44,8 milioi euroko eragina izango du Gipuzkoan.
Bestalde, foru ogasunek inflazioaren aurkako 200 euroko kenkaria ere onartu dute, 30.000 eurora arteko errenta oinarri orokorra duten zergadunek aplikatu ahal izango dutena. Aldiz, 30.000 euro eta 35.000 euro bitartean, 200 euroko kenkaria pixkanaka murrizten joango da, aitorpenaren oinarria handitu ahala. “Neurriak egungo egoeraren aurrean egoera zaurgarrienean dauden zergadunetan jartzen du arreta, eta guztira 39,8 milioi euroko kostua izango du Gipuzkoako foru Ogasunarentzat”, argitu du Mendozak. Honen eragina hurrengo Errenta kanpainan islatuko da.
Azkenik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek beste neurri finantzario batzuk ere adostu dituzte, pertsona autonomoen eta enpresen egoera arintzeko eta hauei likidezia gehiago emateko: autonomoen kasuan, ekitaldi honetako hirugarren eta laugarren hiruhilekoetako ordainketa zatikatuak egiteko betebeharretik salbuetsita geratzen dira. Bestalde, 50 milioi eurotik beherako eragiketa bolumena duten eta enpresa-taldeetan sartuta ez dauden enpresek ere ez dute Sozietateen gaineko Zergaren ordainketa aurreraturik egin beharko. Eta, hirugarrenik, 11/2022 Errege Dekretu Legea dela eta jasotzen diren 200 euroko dirulaguntza publikoak salbuetsita geratzea erabaki dute foru Ogasunek.
Donostia, 2022ko abuztuak 31
2689