Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Juan Joxe Agirre beneditarra omenduko du, Euskal Herriko “hurbileko memoriaren alde egindako lan nekaezin eta aitzindariagatik”

Aldundiak Juan Joxe Agirre beneditarra omenduko du, Euskal Herriko “hurbileko memoriaren alde egindako lan nekaezin eta aitzindariagatik”

• Euskal historia garaikidea ezagutzeko ezinbesteko funtsa garatu eta zaindu du mende erdiz Lazkaoko Beneditarren Artxiboaren sortzaileak. • Udazkenean izango da omenaldia, herrian bertan antolatutako ekitaldi batean.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Juan Joxe Agirre Begiristain beneditar eta artxibozain goierritarrak (Alegia, 1930) Gipuzkoako Foru Aldundiaren omenaldia jasoko du datorren udazkenean, Euskal Herriko “memoria historikoaren eta hurbileko memoriaren alde egindako lan nekaezin eta aitzindariagatik”, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, gaur jakinarazi duenez. Giza Euskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaritzak, Lazkaoko Udalarekin eta Lazkaoko Beneditarren komunitatearekin elkarlanean, antolatuko du aitortza ekitaldia eta herrian bertan egingo dute. Euskal historia garaikidea ezagutzeko ezinbestekoa den artxibo eta dokumentu funtsa garatuz eta zainduz, fraide alegiarrak dagoeneko mende erdiz gure herriaren hurbileko memoriari egindako ekarpena errekonozituko dute horrela.

“Oraindik zereginik badugu ere, zorionez, azken hamarkadetan asko egin dugu aurrera Euskal Herriaren memoria historikoa eta hurbileko memoria ezagutu eta garatzeko garaian. Hori horrela izan dadin, Gipuzkoan eta Euskadin hainbat pertsona, elkarte eta erakundek izugarrizko lana egin dute eta horietako bat, zalantzarik gabe, Juan Joxe Agirre da”, adierazi du diputatu nagusiak, fraide beneditarrarekin Lazkaon egindako topaketaren ondotik. Izan ere, bere esanetan, oraindik “diktadura ilunean egonik ere”, euskal kulturari eta politikari lotutako materialak biltzen hasteko “bisioa eta ausardia” izan zuen Agirrek. “Eta hori gutxi balitz, bestelako mehatxuak sentitu eta jaso izan baditu ere, lanketa horri eutsi eta bere jakintza eta bizitza osoa eman dio ahalegin horri, gure herriaren historia eta gure herriaren bilakaeran azken hamarkadetan jazotako guztia ezagutzeko ezinbesteko funtsa sortuz, beti ikertzaileen eta gizarte osoaren eskuragarri jartzeko bokazioarekin”, gehitu du.

Horregatik, Mendozaren iritziz, Agirrek egindako lan “nekaezina eta bidegilea” aitortzea, “hurbileko memoria justu baten eta kultura demokratikoaren alde” egitea da. “Iraganeko akatsak ez errepikatzeko, gaurko eta biharko elkarbizitza bermatzeko, herri batek bere historia aztertu eta ezagutzeko aukera eduki behar du. Lurralde eta herri aurreratua izan nahi badugu, Giza Eskubideetan oinarritutako kultura politiko demokratiko sendo batekin aurrera egin, halako azpiegitura eta dokumentazio guneak ezinbestekoak ditugu. Ikerlari, historiagile eta gizarteak bere iragana eta oraina hobeto ulertzeko ezinbestekoak dira”, azpimarratu du diputatu nagusiak.

1970. urtean Lazkaoko Beneditarren monasterioko bibliotekaren ardura hartu ondoren, Montserrateko abadian jasotako Bibliotekonomia ikasketei jarraituz, garai hartan gainerako liburutegi eta artxiboetan gordetzen ez ziren funtsak biltzeari ekin zion Agirrek; formatuaren aldetik bereziak zirenak –panfletoak, kartelak, pegatinak, etab.– eta erbestean nahiz klandestinitatean ateratzen zirenak, alegia. Horrela, urte hauetan guztietan euskal gaien inguruko artxibo handia sortzen joan da Lazkaoko Beneditarren monasterioan, azken hamarkadetako euskal ondare dokumentalaren zati handi bat desagertzetik salbatuz eta ikertzaileen esku jarriz.

2011tik, Agirrek sortutako funtsa Lazkaoko Beneditarren Fundazioak kudeatzen du, monasterioaren ondoan eraikitako artxiboan. Hain zuzen ere, artxibozain beneditarrak egindako lanari jarraipena eta babesa emateko sortu zuten fundazioa Beneditarren komunitateak, Lazkaoko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaur egun, besteak beste, 80.000 kartel, 35.000 pegatina, 8.000 aldizkari, 150etik gora bilduma dokumental eta dohaintzan jasotako 70 artxibo dauzka gordeta, Gipuzkoaren eta Euskadiren garapen historiko garaikidea aztertu eta ezagutzeko ezinbestekoak direnak.

Bere lan eta bizitza ibilbidean hainbat aitortza jasotakoa da Agirre, 1995ean Sabino Arana Saria jaso zuenetik. Ondoren etorri ziren Durangoko Liburu eta Disko Azokako Argizaiola Saria (1998), Euskal Pen Klubaren ohorezko luma (2007), Alegiko seme kuttun izendapena, Tolosako Galtzaundi Saria (2009) edota Manuel Irujo Saria (2009), besteak beste.

  

5080