Aldundiak "matxismo digitala deskodifikatu" eta erresistentzia antifeministak geldiarazteko deia egin du A-25ean
Aldundiak "matxismo digitala deskodifikatu" eta erresistentzia antifeministak geldiarazteko deia egin du A-25ean
Aldundiak "matxismo digitala deskodifikatu" eta erresistentzia antifeministak geldiarazteko deia egin du A-25ean
Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunari begira antolatutako ekintzen artean, besteak beste, gazteei zuzendutako dinamikak egingo dira, eremu digitaleko dinamika matxisten aurkako lanketarako.
Gobernu Kontseiluak Adierazpen Instituzionala onartu du gaur, datorren asteleheneko Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira. Aurten, erakunde-adierazpenak erresistentzia antifeministetan eta genero-desberdintasunari buruzko diskurtso ezeztatzaileetan jartzen du arreta; hain zuzen, sare sozialetan eta algoritmo-kanalen bidez zabaltzen direnak eta, bereziki, gazteei zuzentzen zaizkienak. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irune Berasaluze foru bozeramaileak azaldu duenez, "ideia eta jarrera matxistak ingurune digital berrietara nola egokitzen diren bistaratu nahi du” Azaroaren 25ean; “genero desberdintasunak betikotzen dituzten diskurtso matxistak nola anplifikatzen eta eraldatzen diren kanal hauetan eta nola berdintasunaren aldeko aurrerapausoak geldiarazten diren bitartean, emakumeen aurkako indarkeriak adierazpen eta ekintza modu berriak hartzen dituen". "Beharrezkoa da matxismo digitala deskodifikatzea eta jarrera eta eraso matxistak prebenitzeko lan egitea".
Ikuspegi hori Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoa legegintzaldi honetan garatzen ari den berdintasun politiken agenda berriaren baitan kokatzen da. Helburua emakumeei eragiten dieten desberdintasun iraunkorrei aurre egitea da baina teknologia berrietan eta gizarte-eraldaketaren arloetan begirada jarrita. "Aro digitalean, erresistentzia horiek indartu egiten dira, plataforma digitaletan ugaltzeko eremu emankorra aurkitzen duten diskurtso erreakzionario eta ezeztatzaileen bidez", adierazi du Berasaluzek. Hori dela eta, "ezinbestekoa da, alde batetik, kontzientziazioa eta hezkuntza sustatzea mezu berri horiek deskodetzeko, eta, bestetik, inguru horietan gertatzen diren mezu, jarrera eta eraso matxistak prebenitzea, salatzea eta aurre egitea".
Deskodifikatu bideo-podcasta
Azaroaren 25-ari begira, Berdintasunerako Organoak gazteei zuzendutako topaketa eta jarduera sorta bat antolatu du, gai honen inguruan lan egiteko eta hausnartzeko. Lehen saioa ostegun honetan egingo da, Ainhoa Vitoria kazetariak gidatuko duen Deskodifikatu bideo-podcast bereziaren grabaketarekin. Bertan parte hartuko dute EITBko Benetan zabiz? podcast ezaguneko aurkezle diren Aitziber Gredos eta Malen Altunak eta Amancay Gaztañaga artista eta aktibistak, Eider Goiburu hezitzaile, gizarte psikologo eta hezitzaile sexualarekin batera.
Bideo-podcast-a ostegun honetan, azaroaren 21ean, grabatuko da, 17:30ean, Aldundiaren GUNEA gunean. Gonbidapenak doakoak dira eta honako esteka honen bidez lor daitezke: http://www.gip.eus/deskodifikatu.
Gazteei bereziki zuzendutako atal honek emakumeen mezuak eta esperientziak modu hurbil eta dinamikoan jorratuko ditu sare sozialetan, bizipenak partekatzeko,
errealitate horiek ikusarazteko eta eremu digitalean indarkeria egoerak salatzeko helburuarekin. Ostiral honetatik aurrera egongo da eskuragarri Youtuben eta sare sozialetan.
Deialdiak, gainera, elkargune bilakatzeko asmoa du, gazteek esperientziak eta iritziak partekatzeko, giro informal eta aberasgarrian. Hori dela eta, Irune Berasaluze foru bozeramaileak Gipuzkoako gazteei bertaratzeko deia egin die," formatu hurbil eta oso interesgarrian hausnartzeko, partekatzeko eta ikasteko aukera paregabea" dela azpimarratuz.
Datorren astelehenean, bestalde, nerabeekin lan saio bat egingo da, eta foru arduradunek talde dinamika baten bidez aztertuko dute gaia. Saio honetan Donostia, Zarautz eta Arrasatetik etorritako Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 30 gaztek hartuko dute parte, eta berdintasunaren aurkako diskurtsoak identifikatu eta desmuntatzeko lan egingo dute, baita ingurune digitalean jarrera eta eraso matxisten aurrean jarduteko tresnak eskuratzeko ere.
Testuinguru horretan, Berdintasunerako Organoak Gipuzkoako eremu digitalean indarkeria matxistaren dinamika eta moduei buruz egindako aurre-azterlan bat ere aurkeztuko da, eta emaitzak astelehen honetan bertan emango dira ezagutzera.
Adierazpen instituzionala
Gobernu Kontseiluak onartutako adierazpenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak indarkeria matxista mota guztiak desagerrarazteko konpromisoa berretsi du, eta indarkeria eta desberdintasun adierazpen berriei aurre egiteko kontzientziazio, prebentzio eta lankidetza ahaleginak areagotzearen aldeko apustua egin du. Berasaluzeren arabera," indarkeria mota horiek berdintasunaren aldeko aurrerapausoa oztopatzeaz gain, matxismoa legitimatzen duten narratiba arriskutsuak indartzen dituzte eta indarkeria sinboliko eta fisikoaren dinamikak sustatzen dituzte".
Errealitate horren aurrean, Aldundiak konpromisoa hartu du ingurune digitalean erresistentzia antifeministak eta indarkeria matxistaren azterketan sakontzeko, bai eta genero-indarkeria modu integralean lantzen jarraitzeko ere, prebentzioaren, sentsibilizazioaren eta biktimen arretaren bidez. Gainera, erakunde feministen eta emakumeen elkarteen ekimenak eta eskariak babesteko deia egin die Berasaluzek herritarrei, lortutako eskubideetan atzera egiteko edozein saiakera irmoki baztertuz. "Gainera, gizonei dei berezia egiten diegu diskurtso horien aurka paper aktiboa har dezaten, ez bakarrik errefusatuz, baita haien normalizazioa oztopatu eta heziz ere, batez ere gazteenen artean", gaineratu du Berasaluzek.
Aurrekontu-negoziazioa
2025eko Aurrekontu Orokorren negoziazio prozesuaren baitan, joan den astean egindako bilera-sortaren ostean, foru gobernuak aste honetan jarraituko du proposamen ezberdinetan lanean," elkarrizketarako erabat irekitako jarrerarekin eta lankidetzarako prest". Eider Mendoza diputatu nagusia buru duen taldeak 18 bilera egin ditu dagoeneko talde politikoetako ordezkariekin.
Bestalde, Irune Berasaluzek oposizioaren ekarpenak jaso eta balioesteko borondate irmoa azpimarratu du, eta aurrekontu-proposamen onena diseinatzeko elkarrekin lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du," lurraldearen etorkizuneko erronkei kaudimenez aurre egiteko eta Gipuzkoako ongizatearen hazkundea bermatzeko".
Zerga hezkuntzako programa
Gipuzkoako Foru Aldundiak Zerga Hezkuntzako programaren hurrengo bi ikasturteetarako (25-26 eta 26-27) hitzarmena sinatzea onartu du gaur, Eusko Jaurlaritzarekin eta lurraldeko beste bi foru-aldundiekin garatzen duena. Gipuzkoaren kasuan, 2014-2015 ikasturtean hasi zen, eta orain arte 21.000 ikasle gipuzkoarrek baino gehiagok hartu dute parte.
Hitzarmen berriak, gainera, programa hau ikasle gehiagori zabaltzea jasotzen du; izan ere, lehen aldiz, eta 2025-2026 ikasturtetik aurrera, programa Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetara eta DBHko 1., 2. eta 3. mailetara zuzenduko da, bai eta orain arte DBHko 4. mailakoak, Batxilergokoak eta Erdi Mailako Lanbide Heziketakoak izan diren ohiko ikasleei ere. Ikasturterako izena emateko epea zabalik dago oraindik, eta orain arte Gipuzkoako 92 ikastetxek eman dute izena unitate didaktiko hori 2024-2025 ikasturtean emateko.
“Unitate didaktiko honen bidez, ikasleek gure sare instituzionalaren oinarrizko ezagutza izan dezaten eta zergen zentzu soziala uler dezaten bilatzen da, baita administrazioak emandako baliabideak ondasun eta zerbitzu publiko gisa nola itzultzen dituen uler dezaten ere”, foru bozeramaileak azaldu duenez. Unitate didaktiko honen testuinguruan, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak fiskalitatean berritzaileak diren ideien lehiaketa bultzatuko du aurten ere. Horren bidez, unitate hau ikasten duten ikasleek beren sormenarekin herritarrek zerga betebeharrak eta iruzur fiskalaren aurkako borroka borondatez betetzera bideratutako ideiak ematen laguntzea bilatzen da. Ildo horretan, 2024/2025 ikasturterako deialdia irekita dago ideia horiek aurkezteko, eta 2025eko maiatzaren 9an amaituko da. Oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kontsulta daitezke.
2747