Aldundiak N-I errepidea erabiltzeagatik garraiolariei kobratzen jarraituko du
Aldundiak N-I errepidea erabiltzeagatik garraiolariei kobratzen jarraituko du
6/2018 Foru Araua baliogabetzen duen epaia errekurrituko du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak N-I errepidea erabiltzeagatik ibilgailu astunei kobratzen jarraituko du, 2018ko urtarriletik egin duen bezala, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak jakitera eman duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak 6/2018 Foru Araua baliogabetzen duen epaia ezagutu ondoren. Arau hori azaroaren 12an onartu zen, gehiengoz, Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Oiarbidek azaldu duenez, epaia ez da irmoa eta, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak duela bi urte egin zen kobrantza politikari eusten jarraituko du. Gipuzkoako Batzar Nagusien babesa duela gogoratu du eta Gipuzkoako trafiko gehien duen errepide sareko zati horren mantenua finantzatzeko helburuarekin ezarri zela sistema. Kalkulatzen da egunero 12.000 kamioi inguru ibiltzen direla errepide horretan.
Diputatuak iragarri du, halaber, foru erakundeak kasazio helegitea aurkeztuko duela eta Auzitegi Gorenak ebatziko duela 60 eguneko epean, zerbitzu juridikoek jakinarazi dutenez.
Foru arduraduna oso kritiko agertu da epaiaren zentzuarekin, eta azpimarratu du aipatutako 6/2018 Foru Araua zehatz-mehatz idatzi zela, Europa barneko errepide-ardatzen erabileragatik ordaintzea agintzen duen Europako zuzentarauari jarraituz eta Europako Batzordeak dagozkion abalak lortu ondoren. Gogoratu duenez, Foru Arauaren proiektua Europak eskatuta bidali zen, Batzar Nagusietan onartu aurretik, eta Europako Batzordeko arduradunen onespena izan zuen.
Oiarbidek ukatu egin du Foru Araua gipuzkoarrak ez diren garraiolariekin diskriminatzailea denik, epaiak dioen bezala. Eta baieztapen hori gezurtatzeko datu errealak eman ditu: "N-I errepideko bidesariak erabiltzen dituzten garraiolarien % 40 Gipuzkoakoak dira".
1517