Aldundiak nabarmendu du eskola kirolaren inguruan sortu den gizarte ehun itzela
Aldundiak nabarmendu du eskola kirolaren inguruan sortu den gizarte ehun itzela
Itxasok nabarmendu du nesken parte hartzeak izan duen igoera
- Itxasok azpimarratu du kirola baloreen eskola bilakatu dela eta areagotu egin dela nesken parte hartzea, % 20tik % 42ra pasatuz
- “Gipuzkoako errendimenduko kirolaren arrakasta ez litzateke ulertuko Eskola Kiroleko programarik gabe”
Denis Itxasok, Kultura eta Kiroleko diputatuak, eta, Goizane Alvarezek, Kiroleko zuzendariak, eskola kiroleko haur eta gazteen parte hartze datuak aurkeztu dituzte gaur. Aurten, hain zuzen ere, 25 urte betetzen dira eskola kiroleko programa abian jarri zenetik.
Kiroleko diputatuak azpimarratu du eskola kirolak izan duen bilakaera positiboa, parte hartzaile kopuruari dagokionez. Hala, 1990ean, % 30ak egiten zuen kirola, eta, iaz, zenbateko hori % 80ra iritsi zen. Gaur egun, Foru Aldundiak hitzarmenak sinatuta ditu 38 federaziorekin (guztira 52 kirol), 65 udalekin eta lehen hezkuntzako ikastetxe guztiekin.
Itxasok eskola kirolaren garrantzia nabarmendu du bere filosofia izanik “eskola-ume guztiek kirola egiteko aukera izatea, umeen kirol maila, gaitasuna, egoera sozio-ekonomikoa, bizilekua eta eskolatze lekua alde batera utzita”; beraz, baliorik handiena berdintasuna dela adierazi du. Era berean, Itxasorentzat oso adierazgarria da genero-arrailaren murrizketa, izan ere, 1990ean, eskola kirolean aritzen ziren mutilak % 80 eta neskak % 20 baziren, orain, 2015ean, % 58 eta % 42 dira, hurrenez hurren.
Zentzu horretan, adierazi du eskola kirolaren ezaugarrietako bat dela talde mistoen parte hartzea sustatzea kirol guztietan. “Gure buruari ezarri diogun zereginetako bat izan da berdintasuna sustatzea kirol munduan. Ezinbestekoa da emakumeek gizonek dituzten aukera berdinak izatea, eta hori lortzen da txikitatik hasita aukera berdinak badituzte. Funtsezkoa da, baita ere, aurreko guztiaren ondorioz ikusgai jartzea emakumeen kirola” adierazi du Kultura eta Kiroleko diputatuak.
Kirol modalitateen arteko oreka ere gertatu da. Ohiko kirol modalitate guztiekin jarraitu da, baina kirol berriak ere sartu dira, hala nola, surfa, sofbola eta esgrima. Helburua da, oso txikitatik neska-mutilek hainbat kirol modalitate ezagutzeko aukera izatea, baita horren ohikoak edo ezagunak ez diren kirolak ere, eta bakoitzaren gustu eta gaitasunetara ondoen egokitzen dena aukeratzea. Horretarako, lehiaketa egutegiek aukera ematen dute banakako eta taldeko kirolak aldi berean egiteko benjamin eta alebin kategorietan. Kiroleko diputatuak adierazi duenez, “Garrantzitsua da neska-mutilek askotariko aukerak izatea, eta ohikoenetara ez mugatzea”.
Zentzu horretan, Itxasok esan du eskola kirola garrantzitsua dela balore eskola gisa, errespetua, talde lana, hobetzeko grina, ahalegin pertsonala eta antzeko baloreak lantzeko.
Nolanahi ere, Nazioarteko Olinpiar Batzordearen eta beste erakunde batzuen gomendioei jarraituz, Foru Aldundia adi dago presio goiztiarrik ez ezartzeko neska-mutilei, osasunean eragin kaltegarriak ekiditeko, gaitasun gutxienekoak baztertuak ez izateko eta fitxaketa goiztiarren ondorioz deslokalizaziorik ez gertatzeko, hain zuzen ere, Itxasok adierazi duenez, “ez baitago oinarri zientifikorik ziurtatzeko goiz espezializatzeak talentu gehiago sorrarazten duenik, eta Gipuzkoako emaitzek hori berresten dute”.
Gainera, eskola kiroleko programak aukera ematen die neska-mutilei beren kirol jarduera klubetako kirol eskoletan osatzeko, aukeratutako kiroleko trebetasunak lantzearren.
Datu ekonomikoei dagokienez, 2015ean, Foru Aldundiak 2,5 milioi euroko inbertsioa egiten du urtero eskola kirolean, udalek 700.000 eurokoa, eta erabiltzaileek 700.000 eurokoa (kuoten bidez). Beraz, guztira, gastua edo inbertsioa 4 milioi euro ingurukoa da.
1872