Aldundiak narriadura kognitiboari buruzko ikerketa bultzatzen du, laguntza lerro berri baten bidez
Aldundiak narriadura kognitiboari buruzko ikerketa bultzatzen du, laguntza lerro berri baten bidez
Markel Olano diputatu nagusiak BCBL zentroa bisitatu du gaur, Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoarekin proiektuak garatuko dituen zazpi zentroetako bat.
Aldundiak narriadura kognitiboaren prebentzioarekin lotutako zazpi ikerketa proiektu babestuko ditu aurten lehen aldiz. Lurraldeko I+G arloko zazpi zentrok burututako proiektuak dira eta horiek bultzatzeko Aldundiak 860.345 euroko ekarpen ekonomikoa egin du. Markel Olano diputatu nagusiak Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentrora egindako bisita batean azaldu ditu Gipuzkoa Next izeneko laguntza programaren xehetasunak. Laguntza horiek dagoeneko emanak daude. “Azken urteotan, agerian jarri da zientziak eta ikerketak duten garrantzia pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko. Gipuzkoan punta-puntako I+G ekosistema bat dugu, aspalditik lanean diharduena narriadura kognitiboa prebenitzeko eta horri erantzuna emateko, eta laguntza horien bidez beste bultzada bat eman nahi dugu gero eta pertsona gehiagori eragiten dien errealitateari erantzuteko”, azaldu du.
Bisitan, diputatu nagusiak deialdi honen babesa jaso duen BCBLren proiektua xehetasunez ezagutu ahal izan du, baita zentroak lantzen dituen ekimen nagusiak ere. Ezagutza, garuna eta hizkuntza aztertzeko diziplinarteko ikerkuntzan diharduen zentroak 50 ikerlariz osatutako talde bat dauka (25 nazionalitate baino gehiago). Manuel Carreiras zuzendariak eta Miguel Ángel Arocena kudeatzaileak BCBLren egungo eta etorkizuneko erronkak partekatu dituzte Olanorekin, instalazioetan zehar egindako ibilbidean. Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak eta Jon Gurrutxaga Berrikuntzako zuzendariak ere parte hartu dute topaketan.
Aldundiaren laguntza jaso duten zentroak honako hauek izan dira: BCBLz gain (148.440 euro), Biodonostia (157.978 euro), Vicomtech (100.649 euro), CICBiomaGUNE (141.958 euro) eta Tekniker (93.611 euro), baita Cita Alzheimer fundazioa ere (103.097 euro). Programaren hasierako aurrekontua 315.000 eurokoa zen. Hala ere, kontuan hartuta aurkeztutako proiektuen interesa eta maila handia eta ikerketa lerro horrek lurralderako duen garrantzia, Aldundiak erabaki zuen aurrekontua 860.345 eurora arte handitzea, aurkeztutako eskaera guztiei erantzuna emateko.
"Aldundiak MultiModalCRCI proiektua finantzatzea garrantzitsua da BCBLrentzat, zahartze osasungarriari eta neurodegenerazioari buruzko zentroaren ikerketa-ildoetako bat sendotzen laguntzen duelako. Zehazki, bularreko minbiziari eta, bereziki, kimioterapiari lotutako narriadura kognitibo arina aztertzea ahalbidetuko digu, baita narriadura posible horren biomarkatzaile goiztiarrak aurkitzea ere, neuroirudi-teknika aurreratuak erabiliz. Biomarkatzaileen detekzio goiztiarrak paziente horien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du", adierazi du Manuel Carreirasek. Bisitan, foru arduradunek Manuela Rizzoli proiektuaren ikertzaile nagusiaren azalpenak entzun ahal izan dituzte.
Gipuzkoa Next laguntza lerroa 2021ean jarri zen abian, I+G ekosistemari laguntzeko ohiko deialdiaren barruan, lurralderako estrategikotzat jotzen diren proiektuak bereziki sustatzeko asmoz. Deialdi bakoitzean laguntza hori jasoko lukeen jarduera ildo espezifiko bat jasotzen da. 2021ean, Gipuzkoa NEXT proiektuak teknologia kuantikoen esparruan zentratu ziren, eta 2022an narriadura kognitiboaren prebentzioaren ikerketa arloa hautatu zen. Gai horrek lotura zuzena du ADINBERRI erreferentziazko estrategiarekin eta zahartze osasuntsua lortzeko helburuarekin.
Diputatu nagusiak azaldu duenez, “deialdi honek izan duen erantzun onak gure I+G zentroen dinamismoa eta indarra egiaztatzen ditu. Zentro horiek hainbat ikuspegitatik lantzen ari dira bizi-itxaropena eta adinekoen kopurua handitzearen ondorioz Gipuzkoan gero eta intzidentzia handiagoa duten gaixotasunak, hala nola alzheimerra edo beste dementzia mota batzuk, goiz detektatzeko, prebenitzeko edo tratatzeko proiektuak. Jarduera honen bidez indartzen dugu Etorkizuna Eraikiz programaren barruko etorkizuneko gure apustu nagusietako bat, zahartze aktibo eta osasuntsua, gure gizartearentzat garrantzi handikoa den esparru batean ikerkuntza ahalegina babestuz”. Laguntza jaso duten proiektuak ondorengoak dira:
BCBL: ‘MultiModal CRCI’. Bularreko minbizia duten pazienteen narriadura kognitibo arinaren markatzaile neuralak aztertzen ditu, detekzio, iragarpen eta monitorizaziorako hurbilketa multimodala egiteko. Minbiziarekin lotutako narriadura kognitiboak pazienteen % 75i eragin diezaioke prozesu onkologikoaren uneren batean, eta eragin negatiboa izan dezake paziente horien bizi kalitatean. ‘MultiModal CRCI’ proiektuak jorratuko ditu bularreko minbizia duten emakumeen aldaketa kognitiboak eta garunekoak kimioterapia tratamenduan zehar eta ondoren. Horrela, arazo horren oinarri neurokognitiboak ulertzen aurrera egingo da.
CIC BiomaGUNE: ‘Mielimagen’: MIELIMAGEN proiektuaren helburua da aztertzea zein den mielinaren zeregina zahartze osasuntsuarekin lotutako narriadura kognitibo arineko prozesuetan, neuroendekapeneko prozesu patologikoekin (Alzheimer gaixotasuna, Parkinson, dementzia baskularra, etab.) lotutako narriadura kognitibo larriekin alderatuta. Desmielinizazio prozesuek subjektu osasuntsu eta patologikoen sare neuronalen egituran eta funtzionamenduan nola eragiten duten hobeto jakinez gero, diagnostiko goiztiarreko tresnak diseinatu ahal izango dira, gaixotasun neurodegeneratiboak lehenago detektatzeko eta horien aurrean terapia eraginkorragoak garatzeko.
CITA-Alzheimer: ‘Oroix-xenda’. Osasun zerebrala eta kognitiboa sustatzeko eredu prediktiboen analisi adimenduna, neuroirudian eta biomarkatzaileetan, kognizioan, bizi estiloetan eta arrisku faktoreetan oinarrituta. Zer gertatzen da maila zerebral eta kognitiboan zahartzean? Zer fenomeno dira berezkoak prozesu biologikoan eta zein dira patologikoak? CITA-Alzheimerren urteetan zehar bildutako datuak oinarri hartuta, adinari soilik egotz dakizkiokeen garuneko aldaketak definituko dituzte, eta garaiz detektatuko dituzte pertsona bat narriadura kognitiboaren bide patologikora eramaten duten faktoreak. Ezagutza horrekin, zahartze osasuntsurako eta narriadura kognitiboaren eta Alzheimerraren prebentzio eraginkorrerako estrategiak diseinatu ahal izango dira.
Biodonostia Institutua: Hainbat faktorek baldintzatzen dute narriadura kognitiboaren garapena adin aurreratuan, eta elkarren artean modu konplexu eta, oraingoz, ezezagunean lotuta daude. Proiektu honen helburua da narriadura kognitiboarekin lotutako arrisku faktoreak eta horien arteko harreman konplexuak aztertzea, indize konplexuen garapenean aurrera egiteko eta narriadura kognitiboaren eta dementziaren arriskuaren prebentzioari modu pertsonalizatuan heldu ahal izateko. Horretarako, hainbat jatorritako datuak integratzen dituzte analisi-metodologia konplexuak aplikatuz.
Tecnalia: ‘Neurocog’. Narriadura kognitiboa prebenitzeko, geldiarazteko edo lehengoratzeko ere terapia eraginkorrak behar direnez, proiektuak planteatzen du neuro-berrelikadurako metodo berriak ikertzea. Adimen artifizialean oinarritutako algoritmoen bidez, garuneko seinaleak prozesatzen dira, barrutik nola funtzionatzen duen aztertzeko eta pertsona osasuntsuak eta narriadura kognitiboa izateko arriskuan dauden pertsonak bereizi ahal izateko. Ikerketa bide berri horri esker, tresna terapeutiko pertsonalizatuak garatu ahal izango dira etorkizunean, eta pertsonalizazioa funtsezko alderdia izango da tresna horiek eraginkorrak izan daitezen.
Tekniker: ‘Argitu’. Proiektuaren ardatza da aurrera egitea ‘eye-tracking’ gailuen hardware eta software teknologian, narriadura kognitiboaren errehabilitaziora bideratutako plataforma automatizatuak sortzeko. Teknikerrek arlo horretan egiten dituen ekarpen teknologikoek IRISBOND enpresa gipuzkoarraren ezagutza eta plataformak baliatuko dituzte, pazienteari pertsonalizatu ahal izango zaizkion prebentzio- eta errehabilitazio-terapietarako produktuak etorkizunean garatzeko oinarriak eraikitzeko helburuarekin.
Vicomtech: ‘Ohartu’. Proiektuaren helburu nagusia da zahartze aldian portaeraren anomaliak detektatzeko eta narriadura kognitiboa izateko arriskua aurreikusteko tresna adimentsu bat garatzea, prebentzioaren eta esku-hartze goiztiarraren euskarria izan dadin, egoitza baten eguneroko bizitzaren testuinguruan.
4547