Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak ostiralean hasiko du Oindolar eta Gorosmendiko tunelak egokitzeko lanen bigarren fasea

Aldundiak ostiralean hasiko du Oindolar eta Gorosmendiko tunelak egokitzeko lanen bigarren fasea

• A-15eko trafikoa etenda geldituko da ostiraleko 22:00etatik aurrera, trafikoa antolatuko duen by-passa jartzeko lanak amaitu arte. • Horrela, A-15 errepideko lau tuneletatik hiru eguneratuta egongo dira eta Belabietako tuneleko bigarren fasea baino ez da geldituko 2025erako.

2024/09/24

Gipuzkoako Foru Aldundiak A-15 autobideko tunelak egokitzeko planarekin aurrera jarraitzen du, eta Oindolar (Iruñerako hodia) eta Gorosmendi (Donostiarako hodia) tunelak sendotzeko obren bigarren faseari ekin behar dio. Obrak ostiral honetan hasiko dira; errepidea erabat itxiko da 22:00etan, bi tunelak hartzen dituen zatian trafikoa antolatuko duen by-passa jartzeko. By-passa lanak bukatu arte egongo da jarrita, eta aurreikuspenen arabera, datorren urteko udaberrian bukatuko dira. Proiektuaren fase honetarako esleitutako aurrekontua 17,28 milioi euro da (BEZa barne). 

Irune Berasaluze foru bozeramaileak Diputatuen Kontseiluaren ondoren azaldu duenez, "obrak funtsezkoak dira gure azpiegiturek segurtasun eskakizun handienak betetzen dituztela bermatzeko. Estaldura berritzeak, argiztapen sistemak modernizatzeak eta teknologia aurreratua sartzeak zirkulazioa seguruagoa izatea ez ezik, edozein gorabeherari azkarrago erantzutea ere bermatzen dute. Gainera, aireztapena eta suteen aurkako sistemak hobetzeak erabiltzaileen babesa areagotzen du larrialdiren bat gertatuz gero, eta instalazioak estandarrik altuenen mailan egongo direla ziurtatzen du”.

Zehazki, lan hauek egingo dira: estaldura sendotu, drainatze sarea berritu, suteen aurkako babes sistemak eta aireztapen sistemak jarri, eta LED teknologia duen argiztapen sistema modernizatu; horrela, % 40 murriztuko da energia kontsumoa. Era berean, komunikazio sistema eta gorabeherak automatikoki antzemateko sistema berriak instalatuko dira, trafikoaren kudeaketa hobetzeko eta edozein gorabeheraren aurrean erantzuteko denborak murrizteko.

Lanen antolaketari dagokionez, aurrena bypassa prestatu eta instalatuko da, eta, ondoren, lan nagusia egingo da, obra bera, urritik datorren urteko martxora bitartean. Aldi berean, instalazio eta sistema teknologikoen modernizazioa azarotik maiatzera bitartean egingo da, eta, horrela, obrak amaitzen direnean tunelek segurtasunaren eta eraginkortasunaren arloko punta-puntako aurrerapenak izango dituztela bermatuta geldituko da.

Bigarren fase honekin, Aldundiak A-15 errepidearen Gipuzkoako zatiko lau tuneletako hiru egokituta izango ditu, ahalik eta eragozpen gutxien eraginda modu mailakatuan egin den prozesu baten ondoren. Lehenengo lanak 2018an hasi ziren, San Lorentzoko tunelean, eta 2021ean, Belabietako tunelaren lehen fasea (Iruñerako noranzkoan) egin zen. Berasaluzek aurreratu duenez, aurreikuspenen arabera, Oindolar eta Gorosmendiko tunelen bigarren fasea 2025ean amaituko da, eta Belabietako tunela berritzeko lanak (Donostiako noranzkoan), berriz, datorren urtearen amaieran hasiko dira.

Lan horiek egiteko, Oindolar eta Gorosmendiko tuneletako zirkulazioa murriztu egin beharko da, asteburu honetan jarriko den bypass baten bidez. Horretarako, errepidea erabat itxi beharko da irailaren 27ko (ostirala) 22:00etatik irailaren 29ko (igandea) arratsalde-gauera arte, orduan irekiko baita berriz. Lanak egiten diren bitartean, zirkulazioa kontrako hodietara desbideratuko da. Gainera, 3 metroko zabalera edo 4,5 metroko altuera gainditzen duten ibilgailuek, ibilgailu bereziek eta salgai arriskutsuak garraiatzen dituztenek debekatuta izango dute igarotzea, eta beste bide batzuk erabili beharko dituzte, zeinak behar bezala seinaleztatuta egongo diren.

Erabiltzaileengan ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko, Aldundiak Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin eta beste agintaritza batzuekin koordinatuta jardungo du, eta egoeraren berri emango du mezularitza aldakorreko panelen eta seinale finkoen bidez. Era berean, galiboa kontrolatzeko sistemak instalatuko dira tunelen sarbideetan, eta radarrak eta lehen esku-hartzeko ekipoak aktibatuko dira gorabeherarik gertatzen baldin bada behar diren neurriak hartzeko. Lanak neguko bidezaintza kanpainarekin batera egingo direnez (azaroa-apirila), protokolo berezi bat jarriko da abian A-15 errepidean elurra edo izotza dagoenean egoera kudeatzeko. Errepidearen egoerari buruzko informazioa unean-unean eguneratuko da, gaitutako Telegram kanalaren bidez: "A-15 autobidea – autopista".

68 suhiltzaile izendatzea

Bestalde, Berasaluzek jakinarazi duenez, Diputatuen Kontseiluak Suteen Prebentzio eta Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuko praktiketako 68 funtzionario izendatu ditu.  Izendapenak gaurtik aurrera izango ditu ondorioak eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Foru Aldundiaren egoitza elektronikoko enplegu publikoaren atalean argitaratuko da. Izendapenak 2019, 2020 eta 2021eko enplegu publikoaren eskaintzei lotutako suhiltzaileen 68 plaza hautatzeko prozesuari dagozkio.

"Kontseiluaren gaurko izapidearekin amaitutzat ematen dugu prozesu hau. Beste urrats bat da Suhiltzaileen Zerbitzua indartzeko egiten ari garen bidean, enplegu publikoa egonkortzearen eta bitartekotasuna murriztearen aldeko apustua eginez, giza baliabideak eta bitarteko materialak indartuz, eta Aldundiak oro har eta zerbitzu honek bereziki belaunaldi berrikuntzako prozesuan aurrera eginez", azaldu du bozeramaileak.

Ildo horretan, nabarmendu du Gobernantza Departamentuari atxikitako zerbitzu honi buruz langileen ordezkariekin martxoan lortutako akordioa, gehiengo sindikalak onetsi zuena, LABen eta CCOOen aldeko botoarekin eta ELAren abstentzioarekin. Akordio horrek, lehenik eta behin, lan eta funtzionamendu baldintzak arautzen ditu, eta hobekuntzak sartzen ditu giza baliabideen antolaketan eraginkortasun handiagoa lortzeko. Horrez gain, zerbitzua sendotzea bultzatuko du, eta, horretarako, zenbait neurri hartuko dira, besteak beste, 48 plaza berri sortuko dira eta plan estrategiko bat jarriko da abian.   "Argi eta garbi dago gure helburua: lankidetzatik abiatuta, zerbitzu moderno, kalitatezko eta arina finkatzea, Gipuzkoan gertatzen diren larrialdiei -urtean 4.500 inguru- ahalik eta erantzun onena eman ahal izateko", amaitu du.

  

5482