Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak tokiko komunitate energetikoak aurkeztu ditu Larraulen

Aldundiak tokiko komunitate energetikoak aurkeztu ditu Larraulen

Energia-komunitateak energia berriztagarria kontsumitzeko eta faktura elektrikoa merkeago egiteko aukera emango die Larraulgo 50 etxebizitzei.

2021/04/09

Larraulgo Udalak frontoiaren estalkia utziko  du 90 eguzki plaka instalatzeko.

Jose Ignacio Asensio: "Energia-komunitateek energia berriztagarrien erabileran oinarritutako eredu jasangarria bultzatzen dute, kontsumitzaileentzako aurrezkia adierazten dute eta energia-pobreziari aurre egiteko tresna eraginkorra dira”. “Hain beharrezkoa dugun trantsizio energetikoa da gizarteak duen erronketako bat; izan ere, Klima Aldaketari aurre egiteaz gain, Gipuzkoako 62.000 etxebizitza baino gehiagori eragiten dien kalteberatasun energetikoa erauzteko tresnarik onena da”.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, Maite Arana Larraulgo alkateak eta Juan Diego Edinorreko kontseilariak Larraulgo energia komunitatearen proiektua aurkeztu dute gaur goizean. Energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatzeko komunitate hau Larraulgo frontoiko estalkian egingo da. Udalak utziko du frontoia,  Larraulgo familiek energia elektrikoa sortzeko eta kontsumitzeko eredu jasangarria eskura dezaten.

Frontoiaren estalkiak 160 metro koadroko azalera du, 25 urterako plaka fotovoltaikoak instalatzeko. Aurreikusita dago 30 kW-ko instalazioa egitea eta 500 m-ko erradioan dauden Larraulgo 50 etxebizitza eta saltoki energia berdez hornitzea autokontsumoko erregimenean. Energia erkidego horretan parte hartuz, etxe edo saltoki bakoitzak urtean % 20 inguru aurreztuko du, gutxi gorabehera, argiaren fakturan.

Komunitatean parte hartzeko interesa duten herritarrei egingo die estalkian lagapena Udalak, eta bertan plaka fotovoltaikoak instalatuko dira, eta horietatik 500 metroko erradioan dauden etxebizitzak eta saltokiak sartu ahal izango dira komunitate horretan. Komunitatean parte hartzeko interesa dutenek Udalean egin dezakete aurreinskripzioa. Prozesu horretan, arreta berezia eskainiko zaie ahultasun energetikoan dauden familia unitateei. Bestalde, Zumarragako Udalak, dagoeneko aurkeztu den Izazpiko estalkiaz gain, azterketa bat egingo du, jakiteko halako instalazioak zer eraikin publikok har ditzaketen eta zenbateko energia ekoitzi dezaten.

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok nabarmendu du horrelako ekimenak bultzatu eta erraztu behar direla, autokontsumoa, mendekotasun energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko, trantsizio energetiko bidezko batera iristeko bidean: “Energia-komunitateek energia berriztagarrien erabileran oinarritutako eredu jasangarria bultzatzen dute, kontsumitzaileentzako aurrezkia adierazten dute eta energia-pobreziari aurre egiteko tresna eraginkorra dira”.

Edinorreko kontseilari delegatu Juan Diegok adierazi duenez, “Larraulgo CELean parte hartzen dutenek, beren udalerrian energia jasangarria sortzen laguntzeaz gain, autokontsumo partekatuko erregimenean egingo dute, beti faktura elektrikoan sartzen diren bidesarien eta karguen kostuak aurrezteko.”

Era berean, foru diputatuak gogorarazi du Gipuzkoa 2050 Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiaren helburua dela energia eskariaren kudeaketa efizientean oinarritutako lurralde eredu energetiko bat lortzea, "Energia-eskariaren kudeaketa da ekonomia deskarbonizatu eta lehiakor bateranzko aldaketaren palanka nagusia. Hain zuzen ere, eskaria murriztea da, iturri fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzearekin batera, aurrera egitea ahalbidetzen diguna, bai energia horniduraren kostua murrizteko, bai ingurumen eragina murrizteko eta bai energia-segurtasuna areagotzeko, hori dena ahalik eta modurik ekonomikoenean gainera.

Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak hainbat ekimen bultzatu eta babestuko ditu Gipuzkoako udalerrietan, mendekotasun energetikoa murrizteko, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko eta autokontsumoa bultzatzeko. Gaur egun, Gipuzkoak duen kanpoarekiko mendekotasun energetikoa %92,77koa da, eta, beraz, gure autohornikuntza %7,23koa baino ez da. Horregatik, Gipuzkoa 2050 Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiaren helburuetako bat da, hain zuzen, lehen mailako energia berriztagarria ekoizteko ahalmena handitzea, eraikinetan eta beste unitate batzuetan autokontsumorako hainbat energia banaketa eredu bultzatuz.

Autokontsumoa sustatzeaz gain, beste helburuetako bat da energia berriztagarrien kuota hobetzea, gaur egun ez baita % 20ra iristen. Erabiltzen dugun energia osoan jatorri berriztagarriak (guk geuk ekoitzia edo kanpoan erosia) hartzen duen proportzioa ematen du adierazle honek. Helburu gisa, Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiak berriztagarrietan % 80ko kuotara iritsi nahi du 2050erako.

Testuinguru horretan, tokiko energia komunitateak, Zumarragan aurkeztutako instalazioak kasu, trantsizio energetikorako aldaketa bizkortu dezakete. Bultzatzen den eredu berria deskarbonizazioaren kontzeptuan oinarritzen da; izan ere, fosil jatorriko energia era progresiboan utziz eta deszentralizazioan oinarrituz, garraio beharrak sortutako ingurumen inpaktua ere murriztuko litzateke. O km eredu berri honetan, instalazioak kontsumitzailearengandik gehienez 500 metroko erradioan daude. Kontsumitzailearen ahalduntzea da eredu berri honen hirugarren ardatza, eta herritarrek rol aktiboa jokatzea sustatzen du, energia berriztagarrien ekoizpenean, erosketan, kontsumoan eta biltegiratzean.

Proiektu hori lankidetza-eredu publiko eta pribatu batean garatuko da, eta Edinor, Energía Distribuida del Norte S.A.k parte hartuko du. Energia-trantsizioko proiektuen artean, Tokiko Energia Komunitateak bultzatu eta garatuko ditu hiri-eremuetan.

  

1766