Aldundiak, Udalak eta UNEDek Bergarako Errege Mintegiaren erabilerak desblokeatu dituzte
Aldundiak, Udalak eta UNEDek Bergarako Errege Mintegiaren erabilerak desblokeatu dituzte
Erabakiak “behin betiko konponbidea” emango dio urteetan luzatu den auziari
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bergarako Udalak eta UNEDek akordioa itxi dute gaur. Honen arabera, UNEDek Errege Mintegian mantenduko du egoitza eta, aldi berean, Errege Mintegiko eliza zaharra eraberritu eta kulturgune bilakatzeko lanekin jarraituko da. Erabaki honi esker urteetan zehar luzatu den auziari irtenbidea ematen zaio.
Diputatu nagusia, Markel Olano; Bergarako alkatea, Elena Lete; Kultura diputatua, Denis Itxaso; eta UNEDeko zuzendaria, Iñaki Esparza, hedabideen aurrean agertu dira UNED fundazioaren patronatuaren bileraren ostean, topaketa honetan hartu baitira aipatutako erabakiak. Bertan errege Seminarioa Arrizuriaga jauregiagatik trukatzea onartu da, eta baita UNEDeko zentroak behin betiko hartuko dituen instalazioak eraberritu eta modernizatzeko lanen exekuzioa.
Olanok, bere hitzaldian, alde guztien adostasunaren fruitu den erabaki “plural eta globalaren” garrantzia nabarmendu du. “Neurri zehatzak hartu ditugu auzi honi behin betiko irtenbidea emateko”, adierazi du. Erabaki honekin, azaldu duenez, Bergarak “beharrezko” duen kultura azpiegitura izango du, herriak aspalditik aldarrikatzen zuena. “Gaur egun handia da ez Bergararentzako bakarrik, baizik eta bailara osoarentzako eta Gipuzkoa guztiarentzako”, azpimarratu du.
Itxasok, bere aldetik, ekimenak UNEDentzat duen garrantzia aipatu du. Unibertsitatea egun duen kokalekuan mantenduko da, eta kulturgune berriarekin partekatuko du eraikuntza. Kultura foru arduradunak nabarmendu du akordioari esker Bergarak balio historiko handiko eraikina berreskuratu duela, “ez begira egoteko bakarrik baizik eta erabilera erreala emanez”. Gainera, bere ustetan ekipamendu berriak eskualdeko kultura ekoizpenari bultzada emango die, “teatrotik hasi eta dantzaraino”.
Proiektu honen bitartez Errege Mintegiko jesuiten eliza zaharra kultura eta aisialdirako agertoki balioaniztun bihurtuko da. Eraikinak bere jatorrizko gune banaketa mantenduko du, XVIII. mendekoa eta beranduko-barroko estilokoa. Azpiegitura San Martin Aguirre plazan kokatzen da, udaletxearen aurrean eta Bergarako gunerik ezagunenetariko batetan. Finka berean daude, eliza zaharraz gain, UNEDen eta Aranzadi ikastolaren instalazioak.
Azpiegitura berriak 1.200 m²-ko azalera izango du, horietatik 500 inguru elizari eta beste 700 inguruko gune osagarriei dagozkiolarik. Jarduketa ez-inbaditzaile eta itzulgarri eran diseinatu du, eta egungo fatxada errespetatuko du, neoklasiko estilokoa eta 1867koa. Egokitzapen lanen aurrekontua, BEZ barne, 1.429.295,29 euroko izango da. Eraikinaren berreskuratze proiektua ekipamendu hornikuntzarekin osatzen da, beste 1.184.082,97 euroko aurrekontua beharko duena: lantegien altzariak, altzari orokorrak, agertokiaren ekipamendua eta harmaila teleskopiko ekipamendua.
Foru erakundeak 1.107.043,03 euroko ekarpena egingo dio proiektuari, azpiegitura berriaren egokitzapen lanak eta ekipamendu hornidura finantzatzeko. Alde guztiek ontzat eman dute akordioa, eta berari esker Bergarak aspalditik aldarrikatzen zuen kultura azpiegitura izango du azkenean.
2392