Aldundiak zarataren kontrako pantailak jarriko ditu Errenterian, Beraun, Pontika, Markola, Agustinak eta Lartzabal auzoen parean
Aldundiak zarataren kontrako pantailak jarriko ditu Errenterian, Beraun, Pontika, Markola, Agustinak eta Lartzabal auzoen parean
Aldundiak zarataren kontrako pantailak jarriko ditu Errenterian, Beraun, Pontika, Markola, Agustinak eta Lartzabal auzoen parean
20 milioi inguruko inbertsioa aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2025 bitarte definitu den akzio plana egikaritzen. Urtean 3 milioi ibilgailu baino gehiago jasaten duten foru sareko errepideekin diseinatu da Gipuzkoako zarataren mapa.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak bilera egin du Errenteriako alkate Aizpea Otaegirekin, datozen urteei begira, herrian egingo diren proiektuen inguruan hitz egiteko. Bileran, Oiarbidek aurreratu du Errenterian, Beraun Pontika, Markola, Agustinak eta Lartzabal auzoen parean, zarataren kontrako hesiak jartzea aurreikusten duela Aldundiak. GI-20 errepidean eta AP-8 autobidean jarriko dira babesak eta 1,8 milioi eta 425.000 euroko aurrekontua izango dute hurrenez hurren.
“Zarataren aurkako 2025 urte bitarteko akzio planak 20 milioi inguruko inbertsioa aurreikusten du Gipuzkoako hainbat udalerritan. Zarataren aurkako plana, Europako araudiari jarraituz, urtean 3 milioi ibilgailu baino gehiago jasaten duten foru sareko errepideak kontuan hartuta egin dugu eta mapa horretan daude, besteak beste, Beraun, Pontika, Markola, Agustinak eta Lartzabal auzoen parean pasatzen diren GI-20 eta AP-8 errepideak”, azaldu du Bide Azpiegituretako diputatuak.
Azterketak erakutsi du Errenterian, GI-20 errepideko trafikoaren eraginez 3.915 lagunek baimenduta dagoena baino zarata maila altuagoa jasaten dutela. “Lekua aztertu ondoren, Errenteriako hirigune hau babestuko luketen zarataren aurkako babesak jarriko ditugu kilometro bat pasako errepide zatian eta zubibidean, Donostiako norabidean”, zehaztu du Aintzane Oiarbidek. “Neurri zuzentzaile hauekin, 2.985 pertsonak jasoko dituzte onurak, eta gaur egun gehiegizko zarata jasaten duten bizilagunen %76,25ek beraien egunerokoan hobekuntza nabarmena izango dute”. Proiektua aurten idatziko da eta 1,8 milioiko aurrekontua izango du.
Bigarren proiektua Errenteria eta Oiartzun artean egingo da, GI-20 eta AP-8aren arteko bidegurutzean, Markola, Agustinak eta Lartzabal auzoak babesteko. Gaur egun dauden pantaila akustikoei jarraipena emanez beste ia 400 metrotan luzatuko dira, inguruan dauden elementu sentikorrak eta herri guneak, aldi berean, babestuz. “Gune honetan 2.276 pertsonek pairatzen dute onargarriak direnak baino zarata maila altuagoak. Proposaturiko pantaila eraikita 1.500 pertsona inguruk jasaten duten zarata maila gutxituko litzateke 1 eta 3 dezibelioen artean. 425.000 euroko aurrekontua izango luke zati honek eta GI-20ko pantailak eraiki ondoren ekingo zaio zati honi”, adierazi du diputatuak.
“Bi eremu horietan zarata gutxitzeko pantaila akustikoak jartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepideetan Zaratari Aurre Egiteko Ekintza Planean jasota egon arren, ez genuen epeen inguruko zehaztapenik eta positiboki baloratzen dugun bileran jakin duguna, alegia, Pontika-Beraun eremuan zarata murrizteko pantailak 2022an jarriko direla eta Markola-Agustinak-Lartzabal eremuan berriz 2023an. Bestalde, eta bere unean Errenteriako Udalak Zaratari aurre egiteko Planari aurkeztutako alegazioen ildotik, berriro ere jarri nahi izan dugu mahai gainean, Pontika-Beraun eremuan pantailen altuera 4 metrokoa izan ordez, 5 metrokoa izateak izango lukeen eragin positiboa, baita,bi eremutan errepidearen zati horietan abiadura murrizteko neurriek ere izan dezaketena. Bi eremu horietarako proiektuak idazteko garaian, Errenteriako Udalaren ekarpen horiek kontuan hartzekotan geratu da Diputatua eta hori ere positiboki baloratzen dugu, herritarren bizi-kalitatean inpaktu handia duen eragozpen bati buruz ari baikara, bizilagun askori eragiten diena. Behin esku hartzen hasita, ahalik eta eragin positiborik handiena izatea nahi genuke”, adierazi du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak.
Zarataren aurkako ekintza planari jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundia, gaur egun, Tolosan, N-I errepidean, eta Elgoibarren, AP-8an, pantaila akustikoak eraikitzen ari da.
1572