Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiaren EPEen 13 hautapen prozesuen deialdiak eta oinarriak onartu ditu Kontseiluak

Aldundiaren EPEen 13 hautapen prozesuen deialdiak eta oinarriak onartu ditu Kontseiluak

Ekonomia arloko teknikariak, lehen sektorekoak, informatikariak, arkitektoak edota herri lanetako teknikarien deialdiak dira onartu direnak, besteak beste.

2021/06/22

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu ditu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko 13 hautapen prozesuren deialdiak, eta hauek arautuko dituzten oinarriak. Eider Mendoza foru bozeramaileak nabarmendu duenez, erabakia “mugarri oso garrantzitsua” da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Enplegu Publikoko Eskaintzen (EPE) ibilbidean, deialdi hauek guztira 86 plaza baitituzte. Datozen egunetan argitaratuko da deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta interesatuek bertan izango dituzte xehetasun guztiak. Hautapen probak ez dira hasiko 2021eko abenduaren 1a baino lehen.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluak hartu dituen erabakien berri emateko. Zehaztu duenez, 13 deialdi hauek barne hartzen dituzten 86 plazak modu honetan banatzen dira: 14 goi mailako teknikari ekonomialari; 14 kudeaketa ekonomikoko erdi mailako teknikari; 7 erdi mailako teknikari informatiko; 10 arkitekto tekniko; 11 nekazaritzako erdi mailako teknikari; 4 basoetako erdi mailako teknikaria; 3 instalazioetako erdi mailako teknikaria; 8 herri-lanetako erdi mailako teknikari; 2 topografiako ingeniari teknikoa; 3 erizain; 5 kiroletako erdi mailako teknikaria; 2 lan arriskuen prebentzioko erdi mailako teknikaria; eta 3 euskararen sustapeneko erdi mailako teknikaria.

Mendozak azaldu duenez, 13 deialdi hauen EPEak 2018 amaieran onartu ziren. Orduan, guztira, 300 plaza baino gehiago onartu ziren eta, ordutik hona, enplegu publikoko eskaintza hauek gauzatzeko lanean dihardu Aldundiak. “Ordutik hona, EPE horien deialdiak onartzen joan gara eta, pandemiak sortutako zailtasunak kontutan hartuta ere, hautaketa prozesuak ere egiten joan gara. Gaurko 13 deialdiez gain, udazkenean jada onartuta dauden EPEen beste 8 deialdi gehiago onartuko ditugu. Eta gainera, azken urte hauetan, urteroko EPEak onartzen joan gara, legeak ahalbidetzen digun plaza kopuru altuenekin”, gogoratu du foru arduradunak. “Hau da, prozesu bizi baten aurrean gaude, eta Aldundia benetan ari da EPEn aldeko apustua egiten”, gehitu du.

Bozeramaileak gogorarazi du 2010eko hamarkadan indarrean egon zen legediak ezinezko egin zuela urteetan EPE normalizatuak martxan jartzea. Hala ere, hauek arindu orduko, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere historiako EPErik handiena onartu zuen, eta ordutik hona hautaketa prozesu horiek gauzatzen joan da foru erakundea; gaur onartu diren deialdiak ere horren parte dira. “Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikuspegitik, ezbairik gabe EPE-k dira bidea, enpleguaren egonkortasuna hobetu eta bitartekotasuna murrizteko ahaleginean. Hori bai, betiere, berdintasuna, merezimendua eta gaitasunaren irizpideak zorrotz errespetatuz”, esan du Mendozak.

“Aldundia transformatu eta modernizatzea legealdi honetan daukagun erronka nagusietakoa da, eta horrela dator jasota Gobernu akordioan ere. Erakunde bezala, seguruenik esku artean daukagun erronka nagusia da”, azpimarratu du bozeramaileak. Bere ustez, pertsonak dira transformazio prozesu honen ardatza, eta erronka bikoitza da: alde batetik, belaunaldi berriak erakarri behar ditugu eta egungo gizarteak behar dituen profil berriak lortu; eta, bestetik, ezin galtzen uztea erretirora iristen diren foru langileek duten ezagutza eta eskarmentua. “Aldundia lurraldeko erakunde nagusia da eta, ondorioz, Gipuzkoako gizarte osoari eragiten dion aldaketa prozesu baten aurrean gaude. Prozesu honekin guztiz konprometituta gaude erakunde bezala, eta aurrerantzean ere bide berdinetik jarraituko dugu”, esan du.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinekoen egoitzen erabiltzaileen ez dago kasu positiborik, eta langileen artean egun 7 pertsona daude diagnostiko positiboarekin 7 egoitza ezberdinetan. Gainerako baliabideetan ez da kasu positibo berririk atzeman azkeneko astean, ez eguneko zentroetan, ez desgaitasuna dutenei arreta ematekotan, ez gizarte inklusioan eta ezta ere adingabeei zerbitzua emateko zentroetan.

  

2009