Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiaren eta DYAren arteko lankidetza, egoitzetan ‘PCR masiboak’ egiteko

Aldundiaren eta DYAren arteko lankidetza, egoitzetan ‘PCR masiboak’ egiteko

Markel Olano diputatu nagusia erakunde solidarioko arduradunekin bildu da, eta haien ekarpen “komunitario erabakigarria” aitortu du COVID-19aren aurkako borrokan.

Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia, eta Maite Peña, Gizarte Politikako diputatua, DYAko presidente eta gerentearekin bildu dira gaur goizean, Irene Tapia eta Maider Makazaga hurrenez hurren, Gipuzkoako egoitzetan prebentzio testak egiteko lehen asteen ostean, egindako ibilbidearen berri emateko eta etorkizuneko lankidetza bideak aztertzeko. “Azken hiru astetan, Aldundiko eta DYAko talde espezializatuak PCR test masiboak egiten ari dira Gipuzkoako egoitza zentroetan, zer gertatzen den denbora errealean jakiteko eta erantzun azkarra eman ahal izateko”, adierazi du Olanok.

          Olanoren hitzetan, prebentzioa, aurrea hartzea eta erantzun azkarra dira COVID-19ari aurre egiteko gakoak: “Gure erabateko lehentasuna oraindik ere da birusaren aurrean zaurgarritasun handien duten pertsonen ongizatea eta segurtasuna babestea. Horretarako ahalegin guztia egiten ari gara, eta atsedenik gabe ari gara lanean”. “DYArekin lankidetzan aritzeak aukera ematen dio Aldundiko taldeari azkarrago jarduteko eta gaitasun handiagoa izateko prebentziozko jarraipenean, Gipuzkoako gizarte baliabideetan PCR proba masiboak eginez”, azaldu du.

Orain arte, 4.400 proba inguru egin dira erabiltzaileen eta langileen artean, COVID-19ari dagokionez Gipuzkoako gizarte baliabideek bizi duten egoeraren erradiografia “ahalik eta zehatzena” izateko. Horietatik 2.000 adinekoen egoitzetan egin dira, 1.300 adinekoen eguneko zentroetan eta 1.100 desgaitasuna duten pertsonentzako baliabideetan. “Gure lantaldeak, DYAren laguntzari esker, astean 800 prebentzio proba egiteko gaitasuna du”, esan du Olanok, eta gaineratu du lan hori Osakidetzak egiten duenaren osagarria dela, “probak egiten jarraitzen baitu, eta beraiek jarduten baitute kasu susmorik badago eta kasuen zein kontaktuen jarraipena egiteko”.

“Gipuzkoak erantzun komunitarioa eman dio pandemiari, eta hala jarraitzen du” adierazi du diputatu nagusiak, eta zentzu horretan, DYAn egiten duen “lan nekaezin eta eskuzabala” azpimarratu eta eskertu du. DYAren ekarpena erabakigarria izan da COVID-19aren hedapena geldiarazteko, bai pertsona zaurgarrienak babesteko pandemiaren eta konfinamenduaren eraginen aurrean. “Gipuzkoa lurralde solidarioa da eta horren isla zuzena da DYA. Familia bat da, 500 boluntario baino gehiagok eta 28.000 bazkidek osatzen dutena, eta dena eman dute besteei laguntzeko. Orain haiek behar dute gure laguntza” azpimarratu du, irabazteko asmorik gabeko entitate horrek funtsak biltzeko abian jarritako kanpainari erreferentzia eginez, horren bidez, lan solidarioa egiten jarraitu ahal izateko.

 

Alerta Horia

DYAk kanpaina bat jarri du abian, #AlertaHoria lelopean, funtsak biltzeko, hain zuzen ere pandemiaren unerik gogorrenetan zehar lagatako eta banatutako materiala berrezartzeko. “40.000 kilometro baino gehiago egin ditugu eta 50.000 maskara baino gehiago banatu ditugu; orain inbertitutako funtsak berreskuratu behar ditugu, premia handiena dutenei laguntzen jarraitzeko”, azaldu du Irene Tapiak, Gipuzkoako DYAko presidenteak. Horretarako, dohaintzak egiteko atal bat ezarri dute beren webgunean: https://dyatenecesita.com/eu/. Bizum bidez: 38071

          DYA irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta pertsonen laguntza, prebentzioa, ongizatea eta osasuna sustatzea du helburu. Gipuzkoan 1973an sortu zen, eta ibilbidearen lehen urteetan errepideko laguntza eman bazuen ere, elkarteak gaur egun dibertsifikatu egin du bere jarduera, eta larrialdietan eta erreskateetan, prebentzio laguntzan, gizarte ongizatean eta prestakuntzan espezializatuta dago, besteak beste.

  

1710