Aldundiko Diputatuen Kontseilua Aian elkartu da
Aldundiko Diputatuen Kontseilua Aian elkartu da
Herri txikietako biztanleen ongizatearekin “erabateko konpromisoa” berretsi du Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak; Aiako Udalak esku artean dituen proiektu eta egitasmoen berri izan du bertatik bertara

Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak Aiako udaletxean egin dute euren asteroko erakunde bilera nagusia, Diputatuen Kontseilua. Jon Ander Azpiroz alkateak plazan egin die harrera eta, ondoren, Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusia buru dela, foru diputatuek udaletxean bertan egin dute bilkura. Ondoren, azken urteotan herrian egindako hainbat proiektu ezagutu dituzte eta, baita ere, datozen urteetara begira esku artean dituzten egitasmo nagusien berri izan dute.
“Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatzea da Foru Aldundiaren lehentasun nagusia. Eta ‘gipuzkoar guztiak’ aipatzen ditugunean, herri txikietako biztanleen ongizateari ere erreparatu nahi diegu. Gure lurraldeari eta, oro har, Euskal Herriari izugarrizko ekarpena egiten diote herri txikiek, lurralde orekaren, ingurumenaren, ekonomiaren eta hizkuntzaren ikuspegitik. Baina herri biziak, bizigarriak, herritarren ongizatea bermatzen dutenak, nahi baditugu, urrats berriak eta berritzaileak eman behar ditugu. Aldundiaren konpromisoa berretsi nahi dugu elkarlan horretan, Aian nahiz gainontzeko udalerri txikietan bizi aukerak eta ongizatea bultzatzen jarraitzeko”, adierazi du diputatu nagusiak, diputatuen kontseilua egin ondoren.
Landa garapeneko diru-laguntza deialdi berria
Konpromiso horren lekuko, berriki Diputatuen Kontseiluak onartutako landa garapeneko diru-laguntza deialdi berriaren nondik norakoak azaldu ditu Mendozak. Programa honen xedea da landa ingurunearen “garapen ekonomiko eta sozialerako beharrezkoak diren baldintzak sortzea”. Norabide horretan, 800.000 euroko diru partida baten bitartez, bultzatuko diren proiektuak honako hauek dira: tokiko merkatuak eta banaketa zirkuitu laburrak sustatzeko inbertsioak; landa eremuan enplegua eta ekipamendu kolektiboak sortzeko proiektuak; makinak erostea; tokiko, eskualdeko edo lurraldeko eremuan proiektu berritzaileak, nekazaritza zerbitzuen digitalizazioa edo landa elektrifikazioa.
Azken lau urteotako landa garapeneko deialdien bidez, Gipuzkoa osoan 121 proiektu babestu ditu Foru Aldundiak eta 3.785.498,49 € banatu dira diru laguntzetan. Iazko deialdiaren bitartez, hain zuzen ere, Aiako Udalak herriko igerilekuko eremuaren berrantolaketa egin du, bertan taberna eta aldagelak jasotzen dituen eraikin berri bat eginez.
“Aia, lurraldez oso handia den arren, biztanlez txikia den udalerri bat da. Landa eremu eder bat nahi badugu, herri biziak behar ditugu. Herri biziak izan daitezen, berriz, etxebizitzak, zerbitzu egokiak eta azpiegitura zainduak edukitzea ezinbestekoak dira. Horregatik, datozen urteetako udalaren erronkak hortik doaz, gazteentzako etxebizitzak sustatzea, beraien osasuna zaintzeko eta aisialdia herrian igarotzeko kirol-gune berria eta erabili beharreko azpiegiturak hobetzen jarraitzea”, nabarmendu du Jon Ander Azpirozek, Aiako alkateak.
Kontseilu ibiltaria
Legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien barruan elkartu da Diputatuen Kontseilua Aian. Bilkura hauen bitartez, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutu nahi da eta, horrekin batera, udalekin lankidetza estutzen jarraitu, herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeaz gain. Horrela, Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Jon Ander Azpirozek, Aiako alkateak, lan-topaketa bat egin dute, herriko desafio eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko.
“Herriaren proiektu eta estrategiak ezagutzera eta gureak partekatzera” etorri gara Aiara, baita udalak izan ditzakeen “kezka eta ekarpenak” jasotzera ere, azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak. “Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osoko plazetara zabalik lan egiten ari gara, ahalik eta herri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin elkartzeko. Kontseilu ibiltariak bezalako ekimenek erakusten digute zein aberasgarria den maila ezberdinetan martxan jarritako elkarlan egitasmoak”, gehitu du Mendozak. Bide beretik jarraitzeko konpromisoa hartu du diputatu nagusiak, “gainontzeko erakundeekin lankidetza eta hartu-emana estutzen, hain zuzen ere”.
5036