Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiko Diputatuen Kontseilua Ataungo Sara Etxean elkartu da, Euskararen Nazioarteko Egunean

Aldundiko Diputatuen Kontseilua Ataungo Sara Etxean elkartu da, Euskararen Nazioarteko Egunean

Urte luzez Joxe Miel Barandiaranen bizitokia izandakoan elkartu dira foru diputatuak. “Euskararen desafio zahar eta berriei elkarlanean ekiteko garaia da, elkar hartuz eta berrituz, aurrekoek egin zuten moduan” adierazi dute, Euskararen Nazioarteko Eguna 75. aldiz ospatzen dugun honetan

Gipuzkoako Foru Aldundia

Euskararen Nazioarteko Egunean, euskaldunontzat sinbolismo eta esanahi handiko gune batean elkartu dira Aldundiko foru diputatuak. Iparraldetik itzuli ondoren urte luzez Joxe Miel Barandiaranen bizitoki izandako Sara Etxean, Ataungo San Gregorio auzoan, egin dute gaur goizean Kontseilu ibiltaria. Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusia buru dela, foru diputatuek bertan egin dute beren asteroko batzarra, non lurralde osoarekin zerikusia duten hainbat neurri eta erabaki onartu dituzten, ohikoa den moduan. Gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna 75. aldiz ospatzen dugun honetan, euskararen biziberritzeko lanean jarri dute azpimarra.

“Sustraiko eraldatze sozialak eta teknologikoak bizi ditugu”, gogorarazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak. Horren lekuko, “adimen artifiziala gure eguneroko bizitzan hedatzen ikusten dugu eta euskal gizartearen aniztasuna ere areagotzen ari da”, aipatu du. “Bien bitartean, euskararen erabilerak ez du ezagutzaren pareko hazkunderik. Euskararen desafio zahar eta berriei elkarlanean ekiteko garaia da, elkar hartuz eta berrituz, aurrekoek egin zuten moduan. Etorkizuneko belaunaldiei zor diegun moduan”, adierazi du.

Hala dio Kontseilu ibiltarian foru diputatuek onartu duten erakunde adierazpenean, non erreferentzia egin dioten duela 75 urte Baionan, Eusko Ikaskuntzak sustatuta, ospatutako Euskararen Nazioarteko Egunari. Aho batez onartutako idatziak dioenez, hitzordu honen hasiera hartako sustatzaileak “euskararen atzerakadak eztenkatzen” zituen eta “euskal hizkuntza zaharra biziberritu nahiak akuilatuta mugitu ziren, ondo garai zailetan mugitu ere”. “Bazuten bisioa bide berriak identifikatu eta berritzeko; bisioa, identifikatutako desafioak elkarlanean gauzatzeko, beti zientzia oinarri hartuta”, gehitu dute.

Ordutik euskararen biziberritzean egindako ibilbideari balioa eman diote foru gobernuko kideek, “aurrera egin dugu euskal autogobernuak eskainitako tresnen, erakunde publikoen eta euskalgintzaren bultzadari esker”. Horregatik, ahalegin horretan egindako ibilbidearekiko eta zilegitasunez onartutako urratsekiko “errespetua” eskatu dute. “Herritarren borondatearekin bat etorriz egindako bidea da Gipuzkoako gizartea aitzindaria da euskararen aldeko lanean eta horren parte izan nahi du Aldundiak, gainontzeko euskal erakundeekin eta euskalgintzarekin elkarlanean”, aldarrikatu du Aldundiak.

Amaitzeko, gaur onartutako erakunde adierazpenaren bitartez, “ahalegin partekatu horretan ekiten” jarraitzeko konpromisoa berretsi du foru gobernuak. “Erakundearen funtzionamenduan euskaratik eta euskaraz jarduteko. Beti elkarlanetik, beti berrikuntzatik, gipuzkoar gizartean euskara eremu berrietara zabaltzeko eta guztion artean hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko”, laburbildu dute.

Kontseilu ibiltaria

Legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien barruan elkartu da Diputatuen Kontseilua Ataunen. Bilkura hauen bitartez, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutu nahi da eta, horrekin batera, udalekin lankidetza estutzen jarraitu, herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeaz gain. Horrela, Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Martin Aramendik, Ataungo alkateak, lan-topaketa bat egin dute, herriko desafio eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko.

“Herriaren proiektu eta estrategiak ezagutzera eta gureak partekatzera” etorri gara Atauna, baita udalak izan ditzakeen “kezka eta ekarpenak” jasotzera ere, azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak. “Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osoko plazetara zabalik lan egiten ari gara, ahalik eta herri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin elkartzeko. Kontseilu ibiltariak bezalako ekimenek erakusten digute zein aberasgarria den maila ezberdinetan martxan jarritako elkarlan egitasmoak”, gehitu du Mendozak. Bide beretik jarraitzeko konpromisoa hartu du diputatu nagusiak, “gainontzeko erakundeekin lankidetza eta hartu-emana estutzen, hain zuzen ere”.

Aramendiren esanetan, “Garrantzitsua da herri erakundeak herritarrengandik ahalik eta hurbilen egotea, eta, bide horretan, keinu polita ez ezik beharrezkoa iruditzen zait Kontseilu ibiltari hau. Ataunek dituen erronka, proiektu eta oztopo nagusiak diputatu nagusiari bertatik bertara ezagutzera emateko modua izan dugu, hainbat gairen gainean hitz egiteko aukera izan dugu eta, orain arte bezala, etorkizunean ere lankidetzan segitzeko borondatea eta konpromisoa erakutsi diogu elkarri. Izan ere, baliabide oso mugatuak dituzten gurea bezalako herrientzat behar-beharrezkoa da udalaz gaindiko erakundeekin harreman estua izatea erronkak aurrera aterako badira eta herriak biziraungo badu”.

  

474