Aldundiko Diputatuen Kontseilua Elgetan elkartu da, hamabigarren bilkura ibiltarian
Aldundiko Diputatuen Kontseilua Elgetan elkartu da, hamabigarren bilkura ibiltarian
Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, herriko udalak esku artean dituen proiektu eta egitasmoen berri izan du bertatik bertara

Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak Elgetako udaletxean egin dute euren asteroko erakunde bilera nagusia, Diputatuen Kontseilua. Ibon Unzetabarrenetxea alkateak bertan egin die harrera eta, ondoren, Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusia buru dela, foru diputatuek udaletxean bertan egin dute bilkura ibiltariaren hamabigarren hitzordua. Ondoren, datozen urteetara begira herrian bultzatzen ari diren hainbat egitasmo ezagutu dituzte, bertatik bertara.
“Herriaren proiektu eta estrategiak ezagutzera eta gureak partekatzera” etorri gara Elgetara, baita udalak izan ditzakeen “kezka eta ekarpenak” jasotzera ere, azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak. “Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osoko plazetara zabalik lan egiten ari gara, ahalik eta herri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin elkartzeko. Kontseilu ibiltariak bezalako ekimenek indartu egiten dute maila ezberdinetan abian den elkarlana”, gehitu du Mendozak. Bide beretik jarraitzeko konpromisoa hartu du diputatu nagusiak, “gainontzeko erakundeekin lankidetza eta hartu-emana estutzen, hain zuzen ere”.
Diputatu nagusiak Elgeta bezalako herri txikien errealitateari ere erreparatu dio. “Herri txiki biziak eta bizigarriak nahi ditugu eta horretarako urrats berriak eta berritzaileak emateko konpromisoa dugu. Gaur konpromisoa berretsi nahi dugu elkarlan horretan, Elgetan nahiz gainontzeko udalerri txikietan bizi aukerak eta ongizatea bultzatzen jarraitzeko”, adierazi du diputatu nagusiak, diputatuen kontseilua egin ondoren. “Horrela, izan ere, gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatzeko ahalegin partekatuan ekarpena egiten dugu”, laburbildu du.
“Elgeta historia handiko herri bat da, komunitate bizia duena eta etorkizunari begira ilusio handiz ari dena lanean. Herri txikiak bizirik mantendu behar dira, horretarako oso garrantzitsua da gure ondare historikoa balioan jartzea eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea. Elgetako errealitatea ezagutzeko aukera izango dute eta Elgetako ordezkari bezala, gure behar eta proiektuak beraiekin partekatzea oso onuragarria iruditzen zait gure arteko harremanak estutzeko eta lankidetza aukerak zabaltzeko”, adierazi du Elgetako alkateak.
Herriko proiektuak
Legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien barruan elkartu da Diputatuen Kontseilua Elgetan. Bilkura hauen bitartez, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutu nahi da eta, horrekin batera, udalekin lankidetza estutzen jarraitu, herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeaz gain. Horrela, Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Ibon Unzetabarrenetxeak, lan-topaketa bat egin dute, herriko desafio eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko. Horrela, Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroa, nahiz herriko kirol eta kultur instalazioak bisitatu dituzte.
7240