Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Alzheimerrari aurre egiteko “konpromiso partekatuaren” alde egiten du Afagik

Alzheimerrari aurre egiteko “konpromiso partekatuaren” alde egiten du Afagik

Irailaren 23an, X. Giza Kate Solidarioak gaixotasun hori ikusgai bihurtuko du, Gipuzkoan 13.400 pertsonari baino gehiagori eragiten diena.

Afagi

Datorren ostegunean, irailak 21, Alzheimerraren Munduko Eguna ospatuko da, eta Afagik, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen, eta haien senideen eta lagunen Gipuzkoako elkarteak, urteroko kanpaina egingo du, Alzheimerra duten pertsonen eta haien senide eta zaintzaileen egoera ikusarazteko helburuarekin. Irailaren 16tik 23ra bitartean, Gipuzkoa osoan zehar egingo diren hitzaldien eta kalean jarriko diren informazio mahaien bitartez, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonengana eta haien familiengana hurbiltzen saiatuko da elkartea, eta, aldi berean, gizartea kontzientziatzen eta sentsibilizatzen jarraituko du. Ekitaldi nagusia irailaren 23an izango da, 12:00etan, Donostian, X. Giza Kate Solidarioa egingo baita.

Afagik 2023ko kanpainarako aukeratutako leloa "Konpromiso partekatua" da, Alzheimerrak hura pairatzen duen pertsonari, familiari eta gizarte osoari eragiten dielako. Egoera horri aurre egiteko, Afagik uste du konpromiso partekatu bat hartu behar dela, "erantzukizunetik" eta "erantzunkidetasunetik" abiatuta, gizarte osoa hartzen duena, administrazio publiko eta erakunde pribatuak, komunitatea, boluntarioak eta gizarte erakundeak barne direla. "Hori guztia pertsonarengan oinarritutako printzipio humanista batetik", azaldu du Iñaki Olalde Afagiko presidenteak.

Olaldek eta Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako foru diputatuak prentsaurrekoa eman dute gaur, eta Alzheimerren Munduko Egunaren inguruan antolatutako egutegia aurkeztu dute. Maite Peñaren hitzetan, kanpaina honen helburua da Alzheimerraren aurkako borrokan dauden premiak erakutsi eta eskakizunak mahai gainean jartzea, eta, horrela, gaixoen zein haien inguruko pertsonen egoera ikusaraztea.

Gaur egun Gipuzkoan 13.412 pertsona daude Alzheimerrak erasanda, eta, ondorioz, gaixo horiek zaintzeaz arduratzen diren 40.000 senitartekori baino gehiagori eragiten dio gaixotasunak, baina aurreikuspenen arabera, 2050. urtean 37.000 pertsona ingururi eta 116.000 familiako zaintzaile baino gehiagori eragingo die. “Aurreikuspen horiek oso kontuan hartzen ditugu, eta etorkizuneko gizarte politikak diseinatzen laguntzen digute”. Maite Peñak gogorarazi duen bezala, lan hori 2020>2030 Agendaren esparruan egiten ari gara, gizarte politiketan inplikatutako pertsona eta erakunde guztiekin lankidetza estuan. “Hori dela eta, –adierazi du Peñak–, Afagiren eta halako elkarteen eskutik lanean jarraituko dugu, gizarte kontzientziazioan sakonduz, sentsibilizazioaren, komunitatearen inplikazioaren eta ikerketarako laguntzaren bidez”.

 

Giza katea, informazio mahaiak eta hitzaldiak

Aurtengo kanpaina, urtero bezala, Gipuzkoako zenbait eskualdetara iritsiko da, Alzheimerra babestu, lagundu eta hari buruz kontzientziatzeko. Lehenengo informazio mahaiak irailaren 16an jarriko dira, Ordizian, Arrasaten eta Oñatin; 17an, Pasai Donibanen; 18an, Errenterian;

21ean, Alzheimerraren Nazioarteko Egunean, Oriora eta Hondarribira joango da; 22an, Irunera, Mutrikura eta Zarautzera; eta 23an, Donostiara.

Donostiako informazio mahaia Cervantes plazan egongo da, eta eguerdiko 12:00etan Afagik urtero antolatzen duen X. Giza Kate Solidarioarekin bat egingo du; katearen bidez, Alzheimerraren kontzientziazioa, prebentzioa, detekzioa, diagnostikoa, tratamendua eta dolua lantzearen garrantzia aldarrikatu nahi da.

Era berean, irailaren 20an, 18:30ean, "AFAGI eta estimulazio kognitiboko tailerrak" topaketa antolatu da Oñatin, eta, ondoren, Ganbara Faktoria taldearen kontzertu bat izango da. Gainera, Zarautzen "Paquita Embil" jardunaldiak antolatu dira; lau hitzaldi eskainiko dira gaixotasuna hainbat ikuspegitatik aztertzeko, diagnostikoa, familien laguntza, dolu aurreratua, eta baita estimulazio kognitiboa ere. Jardunaldiak amaitzeko, antzerkia eta kontzertua egongo dira.

  

2044