Amalur jardunaldien hamaseigarren edizioa, irailaren 29tik azaroaren 27ra bitartean
Amalur jardunaldien hamaseigarren edizioa, irailaren 29tik azaroaren 27ra bitartean
Aurten, berritasun gisa, ospe handiko hizlariez gain (Fernando Valladares, Sydney Possuelo, Luis Miguel Domínguez eta Juan Luis Arsuaga, besteak beste), prestakuntza jardunaldi bat egongo da eta ikuskizun bat, ikastaro bat eta erakusketa bat ere eskainiko dira.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Patxi Amantegi Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotziak, Aitor Imaz Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak, eta Alberto Luengo Amalur Jardunaldien sortzaile eta sustatzaileak Amalur jardunaldien hamaseigarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean.
Irailaren 29tik azaroaren 27ra arte 7 hitzaldi eskainiko dira; prestakuntza jardunaldi bat, gazteek aldaketa globalaren aurrean kontzientzia kritikoagoa gara dezaten; eta hiru eguneko ikastaro bat, soinuak naturan grabatzeko teknikei buruzkoa, Carlos de Hitaren eskutik. Edizio honek berrikuntzak dakartza, erakusketa bat eta ikuskizun bat izango baititu, beste arte adierazpen batzuen bidez herritarrekiko lotura areagotzeko asmoz. Ikuskizuna Julio Villarren "Viaje a pie" antzerki musikatua izango da, eta erakusketa, "USK Garabateando Bidasoa" izenburupean, Topic-en ikusi ahal izango da Amalur jardunaldietan zehar. Asensio foru diputatuak jardunaldi horien balioa nabarmendu du. «Jardunaldi hauek balio iturri bat dira, eta Alberto Luengok Amalur jardunaldiekin lortu du gaur egun Europako agendaren erdigunean dauden trantsizio ekologikoaren balioak eta ideiak ikusgai jartzea, hala nola klima aldaketaren erronkak; biodibertsitatearen krisia; ekosistemen oreka; eta garapen jasangarriaren sustapena, gizartearen ongizatearen oinarri gisa hartuta».
Patxi Amatengi Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotziak Amalur jardunaldien balioa nabarmendu du. Adierazi duenez, jardunaldiak bidaiatik abiatzen dira naturari, kulturari, ingurumenari, pertsonei eta errespetuari buruz hitz egiteko; «hau da, gogoeta egiteko Amalur jardunaldiek urtez urte zabaldu eta sustatu dituzten eta gizartean funtsezkoak diren balioei buruz. Jardunaldiek klima aldaketa, erronka globalak eta biodibertsitatea azpimarratzen dituzte aurten, guztion konpromisoa eskatzen duten lehen mailako erronkak baitira.» Horregatik, ekintza klimatikoaren aldeko konpromisoan, Tolosako Udalak, Alberto Luengorekin batera, Biodibertsitate Gela du abian, herritarrek biodibertsitatearen kontserbazioan duten interesa eta parte-hartzea sustatzeko eta, horrela, Tolosa jasangarriago baterantz urratsak egiten jarraitzeko.
Alberto Luengok, bestalde, azpimarratu duenez, «ezagutzari egiten diogun ekarpena, neurri handi batean, ingurumen gaien zabalkundetik dator». Zeharkakotasuna eta gaurkotasuna dira AMALUR jardunaldien bi ezaugarri nagusiak, eta are gehiago edizio honetan. Badakigu, azken ekintzara iristeko, hau da, natura ondarea eta bertan dagoen biodibertsitatea kontserbatzeko eta jasangarritasun postulatuen arabera ibiltzeko, aldez aurretik urrats batzuk egin behar direla, eta horietako bat dela ondo informatuta egotea. Erronka punta-puntan dagoen jendarekin informatzea da eta, aurten ere, AMALURrek lortu du».
«AMALUR jardunaldiak ezagunak eta aintzatetsiak dira, jendearen erantzun handiari esker, duela 15 urte baino gehiagotik Tolosara gustura asko etortzen diren hizlariei esker eta, jakina, erakundeei esker (Ingurumen Departamentua eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Tolosako Udala, batez ere), urtea joan eta urtea etorri, gure lanerako behar dugun babesa eman baitigute. «Haiengatik eta haientzat gure esker onik zintzoena» azpimarratu du Alberto Luengok.
3950