Antzuolako Bide Berdeko tunela konpontzea eta garbitzea onartu da
Antzuolako Bide Berdeko tunela konpontzea eta garbitzea onartu da
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak, Rafaela Romero buru duela, Antzuolako bide berdeko tunela konpontzeko herritarren eskaerei erantzuten die, eta ia 200.000 euro bideratzen ditu tunela konpontzeko eta garbitzeko.
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, Rafaela Romero buru duela, 2020ko urrian Jauregi baserriaren azpian Antzuolako bide berdean izandako lur-jausiak konpontzeko proiektua onartu duela jakinarazi du. Jarduketa horrek trazadura hori erabiltzeko eta gozatzeko berreskuratzea eskatzen zuten herritarren eskaerei erantzuten die. “Kantitate ekonomiko garrantzitsua da, Antzuolako bide berdeak duen garrantziagatik justifikatuta dago, batez ere aisialdiari eta osasunari dagokienez, inguruko herritarrentzat bide berde horretan paseatzeko edo bizikletaz ibiltzeko eguneroko ezinbesteko espazioa berreskuratzen baitute”.
Egikaritze-aurrekontua 191.654,80 eurokoa da, eta hiru jarduketa aurreikusten ditu: bi euste-harri-lubeta sortzea, mendebaldeko eta ekialdeko luizietan bide berdearen egonkortasuna ziurtatzeko, eta tunelaren ahokalekua handitzea, 2 metro kanporantz luzatzeko, malda egonkorragoa sortzeko.
Itxiturak jarri eta oinezkoak eta makinak obrako eremura sar ez daitezen babestu ondoren, eragindako lursailean soiltze-lanak, sastrakak kentzea eta lur-mugimenduak egingo dira. Jarduketa bakoitzerako, proiektuak drainatze-sistema bat aurreikusten du, euri-ura pilatzea saihesteko. Proiektuaren azken etapa batean, eremua landareztatzeko lanak egingo dira.
Mugikortasuneko Departamentua pozik agertu da prozedura atzeratu duten oztopo administratiboak gainditzeagatik eta Antzuolako Udalarekin lortutako akordioa ospatu dute. Romenok adierazi du “bi erakundeok ulertu dugu herritarren aldarrikapenei erantzun behar zaiela, herritarrek asko erabiltzen duten azpiegitura baten inguruan. Inbertsio horri esker, txirrindulariek eta oinezkoek bide hori berriro erabili ahal izango dute, eta mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren aldeko apustua egiten jarraituko dute, ibilbide seguru eta irisgarri batean. Eskerrak eman nahi dizkiogu Antzuolako Udalari akordio hau eta proiektu hau posible egiteko erakutsi duen prestasunagatik eta egindako lanagatik”.
Era berean, foru diputatuak azpimarratu du “inor ez dadin geratu Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoa konektatu eta iraunkorraren alde egiten dituen jardueretatik kanpo, Sailak lanean jarraitzen du, Gipuzkoako gizarte- eta lurralde-kohesioko irizpideen arabera”.
Proiektua jendaurrean jarriko da hilabeteko epean. Aldi horretan, eragindako pertsona guztiek aztertu ahal izango dute proiektua, eta egoki iritzitako ohar edo alegazioak egin ahal izango dituzte.
1924