Apirilaren 4an Artzain Eguna ospatuko du Ordiziak
Apirilaren 4an Artzain Eguna ospatuko du Ordiziak
Joxe Mari Goenaga zuzendari eta gidoilari Ordiziarrak moztuko du gazta eta Zacarias Puente omenduko dute.
Ordizian 2018ko azoka berezien egutegiari hasiera emango dion Artzain Eguna ospatuko da apirilaren 4an Ordizian. Artzainak eta gazta dira protagonista goiz horretan. Besteak beste, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egingo da, Joxe Mari Goenaga, Ordiziar Zine Zuzendari eta gidoilariaren eskutik.
Ordiziako Udalak honako erakunde hauekin batera antolatu du azoka: ELE Latxa-ardiaren Gipuzkoako Elkartea, Lurgintza, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapena, eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradia.
Goizean goiz ekingo zaio egunari, Plaza Nagusian eta inguruetan egingo den asteroko azoka izango da protagonista. Horrez gain, gazta, Goierriko produktu eta Gipuzkoako artisauen saltokiak jarriko dira.
Aharien erakusketa
Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa eta salmenta egingo da. Bertan, 200 abelburu inguru izango dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena gai horren inguruan, kalitate eta kopuruz Euskal Herriko bakarra.
Bi motako animaliak izango dira erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.
Mutur-gorrien kasuan Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia edo Donostialdeko animaliak izango dira ikusgai. Mutur-beltzetan, berriz, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak.
Garagartza Plazan gazta egingo da zuzenean haurren gozamenerako, nagusiki. Baina oso erakargarriak diren beste ekintzak ere izango dira. Esaterako, mamia dastatzea eta eguerdi partean ardien ile-mozketa, makinaz zein eskuz.
Transhumantzia birgogoratuz
Goizeko 11.00ak aldera, garai batean artaldeak negua bukatzen zenean mendira joateko herri barrutik igarotzen ziren bezala, Ordiziako Herri Zaharretik barrena ibiliko dira 2.000 ardi baino gehiago. Modu honetan antzinatik egin izan den eta denbora berriek zailtzen duten menditik haranerako eta alderantzizko desplazamendua gogoratuz, askok oinez eta errepidetatik egin behar izaten dutena.
Eta artzain gehienak kamioiez Aralar edo Aizkorriko magaletara garraiatzen dituzten arren, badaude oraindik antzinako usadioa mantentzen dutenak, ordutegi zehatz eta ez ohikoetan beraien bidaia osatuz. Maiatzaren lehenengotik aurrera egin ahal izango dute mendiko larreetara buelta.
1530