Apustu estrategiko bateratua mugikortasun jasangarriari lotutako industrian
Apustu estrategiko bateratua mugikortasun jasangarriari lotutako industrian
Ekonomia Sustapeneko departamentua estrategia bateratua lantzen ari da, 25 enpresa eta alorreko eragileren parte hartzearekin
"Gipuzkoa mugikortasun elektrikoaren eta iraunkorraren industriaren garapen ardatz bihurtu". Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurraldearen Orekako diputatuak azaldu duenez, hori da hurrengo hilabeteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko beste enpresa, elkarte, erakunde eta ikerketa zentro batzuekin batera, sustatuko duen "apustu estrategikoaren" xedea.
Diputatuak adierazpenok egin ditu Aldundiak antolatu duen lan topaketa batean. Bertan 25 enpresak eta mugikortasun iraunkorraren eta elektrikoaren alorreko eragilek parte hartu dute. Hiru orduz luzatu den dinamika batean, partaideek ideiak trukatu dituzte, eta Gipuzkoarentzat "aukera bikainak" eskaintzen dituen sektore honetarako estrategiaren helburu nagusiak adostu dituzte.
Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetarako duen lehentasun nagusietako bat ekonomia berpiztea da. Hori dela eta, foru erakundeak Ekonomia Suspertzeko Plana abiarazi du, zeinaren bidez, lau urtean, 200 milioi inbertituko baititu hainbat jarduera eta deialdiren bidez, hartara gure ehun ekonomikoaren lehiakortasuna sustatzeko. Ainhoa Aizpuruk zehaztu duenez, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuak helburu du "urrats bat gehiago ematea" eta "sektore estrategikoetan apustu berriak sustatu, erraztu eta aktibatzea", hartara gure lurraldeak "Europako industria eskualdeen buruan" jarrai dezan.
"Gure lana bideratu nahi dugu enpresentzako testuinguru berriak sorraraztera, Gipuzkoako industriaren ezaugarriak ikusita, gure lurraldea erreferente izan daitekeen alor batzuetan", zehaztu du diputatuak. "Gipuzkoak", esan du, "behar duen oinarria dauka" mugikortasun elektrikoan eta energia biltegiratzean mugarri izateko.
Izan ere, Gipuzkoak enpresa traktoreak ditu mugikortasunarekin zerikusia duten garraioaren eta ekipamendu ondasunen alorrean. Orobat daude lurraldean lehen lerroko zenbait teknologia zentro eta ikertzaile zentro, energia biltegiratzearen eta kudeaketa elektrikoaren ikerketan ibilbide nabarmen bat dutenak. Ez da ahaztu behar, gainera, zenbait elkarte eta entitatek herritarrak auzo, herri eta hirien artean mugitzeko sistema horien industriaren, ikerketaren eta egiazko aplikazioaren alde lan egiten dutela.
Aizpuruk zehaztu duenez, 40 eragile identifikatu dira Gipuzkoan –enpresa, erakunde eta ikerketa zentro– Sustainable Mobility esparruarekin zerikusia dutenak. Besteak beste, biltegiratze sistemen, motorren eta beste teknologia batzuen hornitzaileak dira, garraioaren mundu mailako mugarri diren enpresak, operadoreak eta zerbitzu hornitzaileak, eta alor honetako ekintzailetasun ekimenak burutzen dituztenak. Halaber, Gipuzkoan bada energiarekin eta mugikortasunarekin zerikusia duten puntako ikerketa sare bat, agentziak eta klusterrak.
Lantegian Irizar, CAF, Fagor Ederlan eta Ikusi enpresek hartu dute parte, besteak beste; baita zenbait ikerketa gunek: IK4-Cidetek, Ikerlan eta Tecnalia, kasu. Bertan, mugikortasun jasangarria eta energia biltegiratzearen alde lurraldeak egin behar duen apustu estrategikoaren helburuak adostu dira, eta "hainbat ahalmen" identifikatu dira Gipuzkoa "mugikortasun elektriko eta iraunkorraren industriaren garapen ardatz" bihurtzeko. "Gipuzkoako erakundeak konpromisoa dugu mugikortasun elektriko eta iraunkorraren alde. Aldundiak konpromiso hori industriara eta ikerketara eraman nahi du", amaitu du Aizpuruk.
2484