Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aralarko baso-sutea itzali dute

Aralarko baso-sutea itzali dute

60 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten asteburuan suari aurre egiteko lanetan, eta atzo 20:00etan lortu zuten itzaltzea.

Aralar oharra

Arastortz mendian, Aralarren, larunbat goizean hasitako baso-sutea dagoeneko itzali dute. Mendietako eta Natura Inguruneko Foru Zuzendaritzako basozainak, baso-suteen aurkako brigaden eta Gipuzkoako suhiltzaileen laguntzarekin, lanean aritu ziren atzo egun osoan zehar suari aurre egiten, eta fokuak egonkortzea lortu zuten. Arratsaldean, Aizkoate tontorraren inguruan zentratu ziren lanak, eta 20:00ak aldera itzalitatzat jo zen ofizialki sua. Hala ere, Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritzako 5 kide eta suteen aurkako brigadako 2 lagun bertan egon dira gaur goizaldeko 4:00ak arte, zaintza-lanetan, eta egoeraren unean-uneko jarraipena egingo da. Gauean Beaskin inguruan balizko sute berri baten abisua jaso bazen ere, puntu horretan bertaratutako erretenak ez zuen surik atzeman.

Suteak Aralar Parke Naturaleko lurrak kaltetu ditu, eta horien inguruko beste batzuk. 25 hektarea inguru hartu ditu guztira, hein handi batean harkaitzez, otadiez, eta landaketa eta hostozabal-baso batzuez –batez ere azpiko landarediaz– Osatutakoa. Nolanahi ere, astebetetik gorako epea beharko da kalteen irismenaren balantze zehatza izateko.

Sutea larunbat goizean piztu zen Arastortz mendian, Ataun, Lazkao eta Zaldibia artean dagoen mendigune batean, Aralar Parke Naturalean. Egun horretan, batez ere, Aitzarte izeneko parajea kaltetu zen. Abisua goizeko 11:20an jaso ondoren, Mendiko eta Natura Inguruneko zuzendaritzako basozainak eta baso-suteen aurkako brigadak bertaratu ziren eta sua itzaltzeko lanak aktibatu zituzten. Gipuzkoako suhiltzaileak ere bai, inguruko baserriak babesteko eta sutea itzaltzen laguntzeko, kasu hauetan ohikoa den moduan.

Igandean zehar, alde batetik, sua itzaltzeko lanek Arastortz hego-mendebaldeko zonaldeetan jarraitu zuten, eta arratsalderako egoera kontrolatu zuten. Bestalde, goizean zehar, sua Arastortz iparraldean ere zabaldu zen hainbat gunetan, eta baso-suteen aurkako brigadak eta suhiltzaileak ere aritu ziren lanean. Bereziki, arratsaldean zehar, Aizkoateko tontorretik gertu zeuden sareetan egin zen ahalegina, iristeko oso zaila zen leku batean. Azken orduetan gertatu den aldaketa meteorologikoak, aire hotzagoa eta euri-langarra sartu baitira, norabide onean lagundu du, eta iragarpenaren arabera, euri gehiago sartuko da, kaltetutako lurzoruak bustitzea eta hoztea ahalbidetuko du.

Beste behin ere, Foru Aldundiak eskerrak eman nahi dizkie baso-sutea itzaltzen parte hartu duten 60 pertsona baino gehiagori, errelebo desberdinetan eta Mendietako eta Natura Inguruneko teknikariek koordinatuta. Izan ere, oso eremu malkartsuetan lan egin dute eta, batez ere, larunbatean, 35 gradutik gorako tenperaturekin. Suhiltzaile bat artatu behar izan zuten, bero-kolpe baten ondorioz. Giza-baliabideen eta baliabide teknikoen dispositibo zabalak –suhiltzaileen lau kamioi handi, mendiko bi ibilgailu handi eta hiru ibilgailu arin-, lan taldeen arteko koordinazio egokiarekin batera, ahalbidetu zuen sutea 36 ordu inguruko epean itzaltzea, nahiz eta itzaltze lanetarako baldintzak oso zailak izan.

Era berean, Aldundiak eskerrak eman nahi dizkie inguruko baserritarrei, baso-suteari aurre egiteko erakutsi duten jarreragatik, bai eta laguntza eskaini duten herritar guztiei ere.

  

3416