Gipuzkoa, paisaiaren geruzak dokumentuen bitartez
Gipuzkoa, paisaiaren geruzak dokumentuen bitartez
Helburua da paisaiaren bilakaera azaltzea, gure artxibo, liburutegi eta museoek duten informazioa oinarritzat hartuta.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren artxibo historikoek (Gipuzkoako Artxibo Orokorra eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa) Ondareari buruzko Europako Jardunaldietan hartu dute parte erakusketa birtual bat aurkeztuz. Erakusketa honen izenburua Gipuzkoa, paisaiaren geruzak dokumentuen bitartez da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak bigarren urtez jarraian antolatu ditu Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak, Bizkaiko eta Arabako foru aldundiekin era koordinatu batean, lurraldeko kultur eragile askoren inplikazioarekin.
Europako Kontseiluak aurtengo deialdirako hautatu duen gaia Ondarea eta natura: aukeren paisaia bat izan da, eta gure baterako proiektuan Paisaia bizi. Gure paisaia kulturaren eraikuntza lelopean interpretatu da. Paisaiara gerturatzea izan dugu helburua, faktore askok parte hartu duten hainbat eraldaketaren bidez; izan ere, egun gure nortasunaren eta kulturaren elementu bat da, eta aukera ematen digu, gainera, hiru lurraldeen arteko harreman-gune garrantzitsuak izateko.
Ekimen horren baitan Gipuzkoako Foru Aldundiaren artxibo historikoek (Gipuzkoako Artxibo Orokorra eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa) antolatu duten erakusketaren helburua da Gipuzkoako paisaiaren bilakaera azaltzea, gure artxibo, liburutegi eta museoek duten informazioa oinarritzat hartuta.
Lurralde honetan bizi izan ziren gizarteen bilakaeraren paisaia eredugarrien hautaketa bat azaltzen dugu, dokumentatutako geruza desberdinak eta oraindik ere gure paisaietan dirauten hainbat elementu esanguratsu agerian jarriz.
Artxibo Orokorreko erakusketa birtualean ikusgai dago lurralde honetan bizi izan diren gizarteen ekintza eraldatzailearen ondoriozko paisaia adierazgarrien hautaketa bat, zeinaren bitartez dokumentatutako hainbat estratu ikus daitekeen eta baita ere gure paisaietan oraindik bizirik irauten duten elementu adierazgarri batzuk.
Sei espazio aukeratu dira –Zarautz, Alzolaras, Donostiako Antigua auzoa, Beasain, Zerain eta Arrasate- denboran zehar paisaiak jasandako eraldaketari buruzko argudioa garatzeko, betiere paradigma desberdinak bilatuz. Zarauzko kasuan, adibidez, adierazi nahi izan dugu nola arrantza tradizioko herri bat turismoaren fenomeno bihurtu den, XIX. mendearen amaieran gorantz hasi eta gaur arte jarraitu duena. Alzolarasi dagokionez, argi ikusten da nola aldatu daitekeen espazio bat; izan ere, XV. eta XVI. mendeetan, burdinari lotutako industria indartsua zegoen gune horretan, baina gaur egungo landa irudia ikusita, zaila egiten zaigu irudikatzea bailara horretan burdin kopuru handiak atera zirela.
Horrela, berrogeita hamar testu-dokumentu inguru aurkeztu dira, XIV. mendetik XX.ra bitartekoak, gehienak Gipuzkoako Artxibo Orokorrekoak eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikokoak, baina badaude ere Donostia eta Zestoako udal artxiboetako dokumentu batzuk. Dokumentu horien guztien irudia ikus daiteke, identifikazio labur bat baitute. Argazkiak eta grabatuak ere badaude, web orrian bertan erabilitakoak, paisaiak jasan duen eraldaketaren diskurtsoa ilustratzeko baliagarri direnak. Mugarri gehienetan aurkitutako irudien bitartez ikus dezakegu nolakoak ziren gure herriak garai batean, eta gainjarrita dituzte leku horien gaur egungo irudiak.
Erakusketa birtual horren bidez herritarrak gonbidatu nahi ditugu nabigatzera orrialde horietatik eta gure artxiboetan gordetzen diren agiri horiek ezagutzen hastea, funtsezkoak izango baitira kontakizun historikoa eraikitzeko.
Orria kontsulta daiteke, modu iraunkorrean, Gipuzkoako Artxibo Orokorreko eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoko web orrien bitartez.
Proiektu hori Gipuzkoako Foru Aldundiko artxibo historikoek zuzendu eta koordinatu dute; erakusketa birtualeko edukiak, berriz, Miguel de Aramburu - Gipuzkoako Historialarien Elkarteari enkargatu dizkiogu eta horien komisarioak Carlos Rilova eta Ana Galdos izan dira. Web orria Dimension enpresak egin du, eskuragarri dago eta mota guztietako gailuekin sartzeko prestatuta dago.
http://www.gipuzkoa.eus/es/web/artxibohistorikoak-ondarejardunaldiak
1804