Argitalpen berri batek Gipuzkoako Gerra Zibilean ehun boluntario internazionalista baina gehiagok izandako borrokaren berri emango du
Volver Argitalpen berri batek Gipuzkoako Gerra Zibilean ehun boluntario internazionalista baina gehiagok izandako borrokaren berri emango du
Argitalpen berri batek Gipuzkoako Gerra Zibilean ehun boluntario internazionalista baina gehiagok izandako borrokaren berri emango du
· Gipuzkoako Foru Aldundiak 1936an Gipuzkoara iritsitako lehenengo boluntarioei buruzko ikerketa-liburu bat argitaratuko du 2026an; aurretik, dei egin diete herritarrei pasarte ezezagun horri buruzko informazioa edo dokumentazioa eman dezaten. · Aitor Azurki kazetariak eta Aitzol Arroyo historialariak idatzitako lan hau, mundu historiografikoari eta akademikoari egindako "ekarpen garrantzitsu eta argitaratu gabea" da, Gerraren bilakaerari buruzko "informazio baliotsu, zehatz eta berritzailea" biltzen baita bertan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1936an Gipuzkoara iritsitako boluntario internazionalisten bizitzari eta heriotzari buruzko lan aitzindaria argitaratuko du 2026an, Gerra Zibila hasi zela 90 urte beteko diren honetan. Ion Gambra Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusiaren hitzetan, "ikerketa aitzindaria da hau, orain arte argitaratu gabea, eta helburu argia du: gure historia berreskuratzea demokraziaren eta giza eskubideen ikuspegitik, Gipuzkoan boluntario atzerritarren etorreran eta jardueran oinarrituta".
Liburu berezi honek gure historiako pasarte guztiz ezezagun bat berreskuratu nahi du: faxismoari aurre egiteko gutxienez dozena erdi herrialdetako ehundik gora boluntario internazionalisten etorrera, eta hauen borroka eta eragina. Horietako "pasarte esanguratsua, orain arte ahaztua" egon dena da, esaterako, Irungo kontzentrazio-esparruan Gipuzkoan bostehun atzerritar baino gehiago gatibu hartu izana.
Alde horretatik, herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango da, Gambrak adierazi duen bezala: "Memoria historikoa eta giza eskubideak bezalako gaietan herritarren parte hartzea oso garrantzitsua eta baliotsua da Foru Aldundiarentzat, historia horrela eraikitzen dela uste baitugu: ahots, ikuspegi eta ekarpen desberdinekin, bizipen txikietatik eta historian letra larriz sarritan eragiten duten istorioetatik abiatuta".
Horretarako, Foru Aldundiak, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Zuzendaritzatik, herritarrei dei egin die gaiari buruzko datuak eta dokumentazioa eman ditzaten; aurrez, Aitor Azurki kazetariak eta Aitzol Arroyo historialariak "informazio asko eta baliotsua" eman dute. Izan ere, Azurkik azpimarratu duenez, "gizarte gisa aspaldi egin behar zen betebehar bat da hau: pertsona hauen oroimena berreskuratzea, guztia borondatez eta inolako ordain ekonomikorik gabe utzi baitzuten, faxismoaren aurkako borrokarekin bat egiteko, euren mugetatik kanpo, lur eta gizarte erabat ezezagun batera iritsiz, giza eskubideen eta pertsona behartsuenen aldeko borrokaren ideala jarraituz".
Arroyok gaineratu duenez, "gaur egun eskuin muturraren gorakadarekin gertatzen ari den bezala, duela ia 90 urte ere Gipuzkoako kolpisten gorakadarekin, ehunka antifaxista etorri ziren hona. Gure lurraldera lehenago etorri ziren atzerriko boluntarioak, Katalunia edo Madrilera baino; baita Nazioarteko Brigada ospetsuak sortu baino lehenagokoa ere. Gainera, hainbat hamarkadatan ikusezin bihurtu dira edo ez dira aintzat hartu. Azpimarratu, boluntario horiek lotura estua sortu zutela beraien artean, inoiz hautsi ez dena. Jarama edo Belchiteri buruz hitz egiten dugun moduan, hemendik aurrera Irun, Donostia, Eibar edo Elgetaz ere hitz egin beharko dugu".
Hala adierazi du Azurkik agerraldian, "obra honek ikerketa eta lan ildo berriak ireki ditzakeela uste dugu, baita ikuspegi, paradigma edo diskurtso historiko berriak ere, gaur egun ezagutzen dugunari gehitu ahal izango zaizkionak eta are gehiago aldatu edo zehaztu ahal izango direnak".
Izan ere, historialariak dioenez, "liburu honetan bilduko dira gerraren lehen egunetan Gipuzkoara iritsitako pertsona horien bizitza, borroka eta, kasu batzuetan, heriotzari; beti ere, ahalik eta xehetasun gehienekin. Orain arte ez zegoen horri buruzko ikerketa-libururik, eta, beraz, funtsezkoa iruditzen zitzaigun argitaratzea". Hori horrela, Aldundiak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuko du lana 2026an, 1936ko Gerraren hasierako 90. urteurrenean.
Deialdia: “dokumentazio garrantzitsua egon daiteke”
Gaur egun, Azurki eta Arroyo proiektuaren ikerketa-fasean daude, eta, beraz, herritarren lankidetzak ahalik eta dokumentazio gehien lortzeako balio dezake. "Gerta daiteke pertsona batzuek beren senideei entzundako istorioak edo gertaerak, argazkiak edo objektuak ezagutzea, asko nabarmentzen baitziren, ez bakarrik jatorriagatik, baizik eta armak erabiltzeko zuten gogo, borondate eta trebetasunagatik, besteak beste. Horregatik, denbora asko igaro den arren, gure gizarteko artxibo pribatuetan oraindik dokumentazio garrantzitsua egon daitekeela uste dugu", azaldu du kazetariak. Horretarako, helbide elektroniko bat (internazionalistak@gmail.com) eta harremanetarako telefono bat (665724752) jarri dira. Era berean, Azurki eta Arroyo epe motzean murgilduko dira Bartzelona, Salamanca edo Avilako artxibo ezberdinetan, besteak beste, ikerketarekin jarraitzeko asmoz. "Une honetan, emaitzak ematen ari den ikerketa batean murgilduta gaude, gure historiako pasarte ezezagun eta apenas ikertu horri buruzko informazio baliotsu, zehatz eta berritzailea biltzen ari baikara", adierazi du Arroyok.
Bizitza istorio esanguratsuak
Bi ikertzaileak jakitun dira Gipuzkoan fenomeno internazionalista honi buruzko "informazio guztia jakitea ezinezkoa izango dela", baina hala ere hainbat istorio jasotzea espero dute, eta horretan ari dira, hala nola, Estera Zilberberg ‘Estoucha’ erizain judu poloniarrarekin eta eta berarekin aritzen zen Abram Gostynskirekin edo hiru trotskistekin.
"Borroka-ibilbide zirraragarri eta eredugarriak dira, Estoucharena kasu, oraingoz, boluntario gisa Gipuzkoara iritsi zen emakume dokumentatu bakarra: Belgikatik Irunera joan zen, eta han medikuntza ikasten ari zen, Abram Gostinski lagunarekin batera. Orain arte pentsatzen zen Gostynski lehen egunetan hil zela Irungo frontean, baina konturatu gara ez zela horrela izan eta berak ere borrokan jarraitu zuela", dio Azurkik.
Izan ere, komunista poloniar honek bidai-borroka "ikaragarria" du euskal lurraldean: "Frontean metrailadore bat tirokatu behar izan zuen, 1936ko abenduan Legutioko borrokan zauritu zuten gudari bati laguntzen ari zela, 1937an Durangon egindako lehen bonbardaketaren eta ondorengo fusilamenduen lekuko izan zen, eta Euskadin egindako borroka-ibilbidea amaitu zuen," Mujeres "izeneko emakume antifaxisten aldizkarian erreportari gisa idazten.
Estoucha: liburua eta kodumentala
"Asko dira ikerketa honi esker berreskuratzen ari diren bizitzak, baina zalantzarik gabe, izen nabarmenetako bat ‘Estoucha’ da, emakume, erizain antifaxista eta judua delako”, adierazi du. Hori dela eta, datozen urteetan bere figura argitalpen honen orrialdeetatik haratago joango da:
"Hain eragin handia izan du emakume honek gugan, ikerketa liburu hau ekimen zabalago baten hasiera izango dela. Izan ere, datorren urtean estareako, Georges Waysande semeak frantsesez berari buruz idatzi zuen liburuaren itzulpena ere argitaratuko da eta. “Eta hori gutxi balitz, ‘Estoucha’ izeneko dokumental bat sortzen ari gara, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta", azaldu du Azurkik.
Belgikako hiru trostkistak
Oraingoz deigarriena izan den beste kasu bat da René Pasque, Louis Boulanger eta Pierre Schavitz hiru lagun trostkistena. 1936ko abuztuan iritsi ziren Irunera: "Astero Belgikan bidaltzen zieten korrespondentzia zehatza berreskuratu dugu, hauek euren aldizkari politikoan argitara zezaten. Testigantza oso zehatzak dira, baita urratzaileak ere, Irunen lehen lerroan izandako borroka kontatzen baitute, egun haietan arnasten zen giroa, eta nola hil zen haietako bat, René Pasque; borrokaren lehen lerroan hil zen, modu dramatikoan, obus baten eraginez ", adierazi du Arroyok.
500 preso atzerritar baino gehiago
Ikerketa fruituak ematen ari da, eta internazionalista horiei buruz berreskuratzen ari den informazioa askotarikoa da. Askok Irunen borrokatu zuten, eta muga igaro zuten, ondoren Katalunian gerrara sartzeko; beste batzuk Gipuzkoan hil ziren, eta beste batzuek Bizkaia, Kantabria eta Asturiasen aldeko borrokan jarraitu zuten, faxisten eskuetan preso erortzeko. "Orain arte ez dakigu zehazki zenbat preso atzerritar igaro ziren Gipuzkoatik; oraingoz, 500 baino gehiago zenbatu ditugu 1937an Irungo kontzentrazio-esparruan. Ez da batere zenbaki makala, orain arte ez baitzen ezagutzen ", amaitu du historialariak.
8251