ARGITU TAILERRAK ANDOAINEN
ARGITU TAILERRAK ANDOAINEN
Gipuzkoa Argitu tailerrak Andoainen, urriaren 29an 18.00tan
“Urratsak egiten ari gara Gipuzkoak aurrera egin dezan eredu energetikoaren aldaketan. Gipuzkoa Argitu programari esker, hainbat neurri jarriko ditugu gipuzkoar guztien eskura, neurri horietaz balia daitezen beren etxebizitza, enpresa eta komertzioen zaurgarritasun energetikoa prebenitzeko eta murrizteko”.
Tailerra urriaren 29an burutuko da arratsaldeko 18:00ean, Andoaingo Bastero Kulturgunean
Gipuzkoa Argitu tresna multzo bat da Gipuzkoako etxebizitza, denda, eta enpresa txikiei zuzendua, argindar kontsumoa modu errazean murriztea sustatzeko baliagarri izango dena. Bere helburua da pobrezia eta energetikoa prebenitzea eta energia berriztagarriak bultzatzea.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Maider Lainez Andoaingo alkatearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak zuzendutako Gipuzkoa Argitu programako tailerrak aurkeztu ditu Andoaingo Udalarekin elkarlanean. 2017tik geroztik Gipuzkoako 1100 herritarrengana baino gehiagora iritsi da. Lurraldeko udalerri ezberdinetan aurrez aurreko 105 tailer egin dira eta tailerren hezkuntza jaso duten pertsonek, gaur egun energia kontsumo gutxiago eta eraginkorragoak izateko beharrezko ezagutza eta baliabideak dituzte. Programa honen helburua da energiaren, eta bereziki elektrizitatearen, kontsumoaren murrizketa sustatzea era erraz eta soil batean, Gipuzkoako etxebizitza, komertzio eta enpresa txikientzako abian jarritako baliabideen bitartez. Jomuga du eraginkortasun energetikoa areagotzea eta zaurgarritasun nahiz pobrezia energetikoaren prebentzioa eta murrizketa lortzea, eta baita energia berriztagarriak sustatzea ere.
Ingurumeneko Departamentuak Andoaingo Bastero kulturgunean emango du tailerra urriaren 29an arratsaldeko 18:00ean. Tailerra Gipuzkoa Argitu programaren bigarren multzokoa da: “Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe”. Urrian, azaroan eta abenduan zehar 36 tailer egingo dira Gipuzkoako hainbat herritan. Tailer horietan Gipuzkoa Argitu programaren web orrian argitaratu diren tutorialak praktikan jarriko dira (www.argitu.eus). Tutorial horietan gure kontsumo datuak ezagutzeko jarraitu beharreko pausoak zehazten dira (zenbat kontsumitu dugun eta noiz egin diren kontsumorik handienak). Hori guztia ezinbestekoa da kontsumoak murrizteko, aplikatzen diguten tarifa egokitzeko, eta egiaztatzeko ea kontratatutako potentzia egokia den.
Argitu programak herritarrentzako informazioa indartuko du kontsumitzaileak heziko dituzten tailerren bitartez non ezagutzera emango diren bere kontsumoaren, potentziaren eta tarifaren inguruko datuak. Tailerrak Gipuzkoa osoan egingo dira eta kontsumo zein eraginkortasun energetiko praktikak hobetzeko eta aurrezpena sustatzeko gida guztion eskura jarriko da.
Ingurumeneko diputatuak adierazi du Departamentua urratsak egiten ari dela Gipuzkoak aurrera egin dezan eredu energetikoa aldatzean eta Europar Batasunak eraginkortasun energetikoa hobetzeko ezarritako helburuak lortzean: “Gipuzkoa Argitu programari esker, gipuzkoar guztien eskura jarriko dugu neurri sorta bat etxebizitza, komertzio eta enpresa txikien zaurgarritasun energetikoari aurrea hartzeko eta murrizteko”.
Argitu proiektu pilotua 2015. urtean abiatu zen, eta, hari esker, 400 familiak ezagutu zuten beren etxebizitzetako argindar kontsumoaren eguneroko kurba; hala, aukera izan zuten jokatzeko, aurrezpen energetikoko neurriak hartuz eta beren kontratu elektrikoa optimizatuz. Programa pilotuaren emaitzak esanguratsuak izan ziren, zeren eta etxebizitzek % 6 inguru murriztu baitzuten beren argindar kontsumoa ekimenak iraun zuen urtean zehar. Proiektuak halako emaitza onak izan zituenez, Ingurumeneko Departamentuak erabaki du Gipuzkoa Argitu izeneko programa berri hau diseinatzea, lurralde osora iritsi ahal izateko.
Badaude energiari buruz askotariko informazio eta dokumentazio iturriak, bai publikoak bai pribatuak, baina sarri askotan, barreiatuta daude, hizkera teknikoegia darabilte edo informazioa ez dago kontrastatuta, eta horrek bide ematen du okerreko interpretazioak egiteko edo okerreko erabakiak hartzeko. Gipuzkoa Argitu programaren helburua da energia-alor garrantzitsuen inguruan informazioa bildu, egiaztatu eta sortzea, Gipuzkoako gizarteari helarazteko. Horretarako, ahalik eta komunikazio eta interakzio formaturik askotarikoenak erabiliko ditu, eragile aktibo bihur dadin kontsumo arduratsuan eta energiaren sorrera iraunkorrean; eta, bereziki, zaurgarritasun edo pobrezia energetikoaren egoeran dauden etxebizitzetarako, zeintzuentzat informaziora internet bidez iristea askotan ezinezkoa izaten baita.
1731