Artzainen lanari errekonozimendua Gipuzkoako Artzain Egunean
Artzainen lanari errekonozimendua Gipuzkoako Artzain Egunean
Gipuzkoako Artzai Gazta lehiaketa jokatuko da eta Euskal Artzainak Ameriketan elkarteari omenaldia egingo zaio
Gaur aurkeztu da Donostian Gipuzkoako Artzain Egunaren aurtengo edizioa, zeinetan, urtero legez, artzainen lanari eta gizarte osoari egiten dioten ekarpenari errekonozimendua eskainiko zaion. Egitarau oparoarekin dator 27. urtez jarraian Legazpik hartuko duen festa honen ekitaldi berri hau. Besteak beste, Gipuzkoako Artzai Gaztaren lehiaketa jokatuko da, eta artzain beteranoak saritzeaz gain, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteari omenaldia eskainiko zaio.
Artzain Eguna datorren igandean egingo da, hilaren 3an, Legazpiko Euskal Herria plazan. Hala jakinarazi dute gaur Foru Aldundian egindako prentsaurrekoan Nekazaritza eta Landa Garapeneko foru zuzendariak, Xabier Arrutik; Legazpiko alkateak, Koldobike Olabidek; Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek; Euskal Artzainak Ameriketan Elkarteko lehendakariak, Laura Igantzik; eta Makatza baserriko artzainak, Aitor Mantxolak.
Egunean zehar hainbat lehiaketa egingo dira, horietan nagusiena Gipuzkoako Artzain Gazta txapelketa: aurten 33. edizioa izango da. Lehiaketa honetako lehen 10 sarituak Euskal Herriko Artzain Gazta txapelketarako sailkatzen dira. Artzai Gazta elkarteak eta Idiazabal Jatorri Izendapenak antolatzen dute elkarlanean. Gainera, Gipuzkoako Artzain Txakur txapelketaren 49. edizioa nahiz Gipuzkoako Ardi Okela sukaldaritza lehiaketa ere jokatuko dira igandean Legazpin.
Hortaz gain, urteroko moduan, lurraldeko bi artzain –Segurako Jesus Antonio Etxezarreta eta Lourdes Errasti, alde batetik, eta Joxe Aldasoro Zegamarra bestetik– eta Ameriketan izandako zenbait euskal artzaini –Bankako (Behe Nafarroa) Henri, Domingo eta Jean-Louis Oçafrain anaiei– ere eskainiko zaie errekonozimendua.
Artzaintzaren alde egindako lanagatik, berriz, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteari omenaldia egingo zaio aurten, euskal artzainek ameriketan izandako presentziaren balioak eta memoria gizarteratu eta dokumentatzen egindako lanagatik. Hori dela eta, aurtenagoan berezitasun gisa, Euskal Artzainak Elkartearen topagunea hartuko du Legazpik. Elkarte honek urte-urtero topaketa bat egiten du eta lekua aldatzen joaten dira beren ospakizunerako. Aurtengoan Legazpin egingo dute eta 400-450 pertsona espero ditugu artzain eta familiarren artean. Beraien eguna gure festaren inguruan antolatu dute. Bukatzeko bazkaria izango da. Artzain Egunean beti egiten da bazkaria eta aurten amerikar artzainekin batera egingo dugu, denak batera herriko frontoian.
Bestalde, ez dira faltako baita ere salmenta postuak, haragi-dastatzea, ile mozketa erakusketa, gazta dastaketa popularra, artisau postuak, eta abar luze bat.
2030