Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Astigarragako Garraio Zentro Integralak ateak ireki ditu ardatz atlantikoko “berrikuntzaren eta segurtasunaren erreferente” gisa

Astigarragako Garraio Zentro Integralak ateak ireki ditu ardatz atlantikoko “berrikuntzaren eta segurtasunaren erreferente” gisa

Gaurtik aurrera, abenduaren 1etik aurrera, garraiolariek azpiegitura horren instalazioak erabil ditzakete, Oiartzunen berriki ireki den aparkalekuarekin batera, kalitate, segurtasun eta konektibitateko estandar altuenak dituztenak.

2021/12/01

Abenduaren 1ean, asteazkena, Astigarragako aparkaleku seguru eta zaindua irekitzearekin batera, Astigarraga-Oiartzun Garraio Zentro Integrala guztiz operatibo dagoen errealitate bihurtu da, Europa barneko E-70 AP-8/AP-1 ardatzetik Gipuzkoa iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duten milaka garraiolarien zerbitzura. Markel Olano diputatu nagusia eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua instalazioak ikusten egon dira, zeinak Europako Batasunaren eskakizunen arabera gauzatu baitira segurtasunari eta konektibitateari dagozkion kalitate eta teknologiako estandar altuenak betez.  Instalazio hau iazko azaroaren 15ean abian jarri zen Oiartzungo aparkalekuari gehitzen zaio. Bi aparkalekuak proba aldian edo martxa zurian egongo dira abenduaren amaierara arte, zerbitzu guztiek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzeko eta Urrezko mailarekin bat datorren Europako egiaztatze izapideak egiteko.

          “Gipuzkoa lurralde giltzarri da, Europako kontinentearen eta Penintsularen arteko konexio logistikorako. Garraio Zentro Integrala irekiz, gure helburua da ardatz atlantikoko garraio azpiegitura hobetzen eta zaintzen laguntzea, aparkaleku eremu seguruak, babestuak eta garraio sistema adimendunekin (ITS) lotuak eskainiz”, adierazi du diputatu nagusiak GZIko instalazio berriak bisitatu ondoren. Gogorarazi duenez, pandemiak sortutako krisi ekonomikoaren aurrean inbertsioak eta jarduera ekonomikoa sustatzeko Ekonomia Indartuz planaren esparruan gauzatutako proiektuetako bat da.

          Diputatu nagusiak adierazi duenez, garraioaren sektorea laguntzeko inbertsioa da, eta pandemian egiaztatu ahal izan dugu sektore horren garrantzia. Horregatik, azpimarratu du Garraio Zentro Integralaren instalazio aurreratuak garraiolarientzako zerbitzua direla, erosotasunaren, segurtasunaren eta digitalizazioaren ikuspegitik. Horrela, gaurtik hasita, aparkaleku eremu egokiak eta seguruak dituzte, beren beharrei erantzungo dieten zerbitzu eta atseden instalazio modernoekin konbinatuta: jatetxeak, higienea, konektibitatea eta erregai-hornidura.

          Era berean, aire zabalean aisialdia, ariketa eta atsedena errazteko, Garraio Zentro Integralak errei berde bat ere badu, nahi duten garraiolariek ibiltzeko edo korrika egiteko erabili ahal izango dutena, bai eta ariketa fisikoa egiteko elementu finkoak dituen eremu bat ere, parke publikoetan daudenen antzekoa. 

          Astigarragako aparkalekua Frantziako norabidean doazen garraiolarien eskura egongo da. Mugatik 17 km-ra dago, eta autobidetik du sarbide zuzena eta esklusiboa. Olanok zehaztu duenez, garraio zentroa kokatuta dagoen AP-8 errepidearen tarte horretatik 8.100 kamioitik gora igarotzen dira egunean. Frantziak debekatu egiten du ibilgailu astunek jaiegunetan zirkulatzea, eta, aparkalekua mugatik gertu dagoenez, gaurtik aurrera garraiolariek gune bat izango dute “atseden hartzeko, beren kamioiak eta salgaiak une oro seguru daudela jakinda”.

          Aparkaleku berriak zerbitzu-eraikin argi bat eskaintzen die kamioilariei. Eraikin horretan jatetxe-kafetegi bat dago, eguneroko menua duena, supermerkatu bat, atseden hartzeko hiru gune, telebista pantaila eta besaulkiekin, komunekin, dutxekin eta ikuztegiarekin. Halaber, gune bat dago beren janaria eramaten duten eta berotu edo prestatu nahi duten gidarientzako.  Jatetxe-kafetegi eta supermerkaturako sarbidea librea izango da, eta gainerako zerbitzuetara soilik sartu ahal izango dira aparkalekuan kamioia aparkatu duten garraiolariak. Aparkalekuak, gainera, kanpoko bi modulu ditu. Batek konketak eta dutxak ditu, sarreraren eskuinaldean, eta besteak, aparkalekuaren hondoan, ikuztegi-zerbitzua. Kamioiak garbitzeko tunel bat eta biltegi-eraikin bat ere badaude.

          25.563 m2-ko plataforman, Astigarragako aparkalekuak 341 kamioientzako edukiera du. “Etorkizunean, aparkalekuan ingurumena errespetatzen duten erregai jasangarrientzako zerbitzugune bat jartzea aurreikusten da, hala nola gasa edo hidrogenoa”, Aintzane Oiarbide diputatuak zehaztu duenez.            Aparkalekuak 30 plaza ditu salgai arriskutsuentzat; horietatik 14 sukoientzat dira eta 16 ez-sukoientzat.  Hotz-garraioek entxufeak dituzten 28 plaza espezifiko dituzte sare elektrikoarekin konektatzeko, eta konexiorik gabeko beste 20 plaza eremu berean. Horrela, eremu bakar batean kokatzen dira etengabeko hoztea behar duten garraioak, eta haien funtzionamenduak sortzen duen zarata urruntzen da, atsedenaldi hobea bermatuz.

          Barrutiak 930 metroko luzera duen itxitura perimetral bikoitza ere badu, eskaladaren aurkako hesien bidez, 2,5 eta 3,5 metro arteko garaierarekin, eskuratu nahi den ziurtagiriak eskatzen dituen neurriak betetzeko.  

          Autobidetik sartzen da zuzenean.  Kamioien fluxuak kudeatzeko, sarrerako eta irteerako bost bide daude, horietako bi itzulgarriak eta baskula dutenak.  “Ibilgailuaren eta salgaien segurtasuna bermatzeko, kameren sistema batek kamioiaren traktorearen aurreko matrikula eta atoiaren atzeko matrikula irakurtzen ditu. Ibilgailua salgai arriskutsuen eramailea den ere sailkatzen du. Aparkalekua uztean, kamerek berriro irakurtzen dituzte matrikulak, eta hesia irekitzen da. Sarreran irakurritako matrikulak ez badatoz bat irteerako irakurketarekin, hesia ez da irekiko. Atoia ezingo da askatu, aparkalekuan utzi eta trakzio-buruarekin irten. Sartzerakoan daramaten guztiarekin atera behar dute”, zehaztu du Oiarbide diputatuak.

          Astigarragako obrak 2019ko irailean hasi ziren, eta Bidegik 9,3 milioi euro inbertitu ditu. Horietatik 6,8 milioi lur-berdinketako obrei, eta plataforma, sarrera eta irteerako bideak eta kanpoko biribilgunea egiteko lanei dagozkie.   Beste 2,5 milioi super-egitura deiturikora bideratu dira; besteak beste, segurtasun-sistema, bideozaintzako instalazioak, suteen aurkako ur-hartuneen sarea, megafonia, wi-fi, argiztapena, sare orokorretik korrontea etenez gero autonomia energetikoa bermatzen duen multzo elektrogenoa.

Oiartzun

Astigarragako aparkalekua gehitzen zaio azaroaren 15ean Oiartzunen irekitakoari. Izen bereko zerbitzu-eremuan dago, E-70 AP-8/AP-1 errepideko 8,000 kp-an, Irungo ordainleku nagusia gurutzatu bezain laster. Zerbitzua ematen dio Europatik datorren eta hegoalderantz, Espainiako, Portugaleko eta Afrika iparraldeko puntu ezberdinetarantz, doan trafikoari.  

          Hemen garraiolariek 184 plaza dituzte 16.220 m2-ko azaleran. Barrutian 29 plaza daude salgai arriskutsuetarako, eta horietatik 12 gai sukoietarako dira, eta 17, berriz, ez-sukoietarako. Hotz-garraioek entxufeak dituzten 18 plaza espezifiko dituzte sare elektrikoarekin konektatzeko, eta konexiorik gabeko beste 18 plaza eremu berean.

          Astigarragako aparkalekuak bezala, eskalatzearen aurkako itxitura perimetral bat du, 600 metroko luzerako hesi baten eta 100 metroko hormigoizko beste baten bidez egina. Biek 2,5 metroko altuera dute. Eremu barruan bi modulu daude: bata konketak eta ikuztegia dituena, eta bestea konketak eta dutxak dituena. Esparruak zaintza-kamerak ere baditu, azalera osoa monitorizatzen dutenak, megafonia, sistema elektrogenoa, argiztapena eta sarrera eta irteeren kontrola zerbitzu-eraikinera doazen gidarientzat. Jatetxea, denda, konketak eta dutxak dituzte bertan. Bidegik 4,3 milioi euro inbertitu ditu, eta horietatik 3,3 milioi lehendik zeuden bi plataformak bakar bat bihurtzeko obrak egiteko izan dira. Beste milioi bat super-egitura deiturikora bideratu da.

Tarifak

Bi aparkalekuetan, lehenengo ordua doakoa izango da mota guztietako ibilgailu astunentzat, eta bigarrena 4,70 €-koa izango da. Tarifak garraio motaren eta egonaldiaren iraupenaren arabera aldatuko dira. Hala, salgai ez-arriskutsuak garraiatzen dituen garraio batek 28,70 euro ordainduko ditu 24 orduko egonaldi batengatik, eta salgai arriskutsuak dituen ibilgailu batek, ADR (Salgai Arriskutsuen Nazioarteko Errepide Garraioa Arautzen duen Europako Akordioa) kalifikazioa duenak, 33,50 euro ordainduko ditu.  48 orduz aparkatzen dutenei orduko 1,16 euro eta 1,50 euro kobratuko zaie, hurrenez hurren.

Erreserbatu mowiz TRUCK aplikazioarekin

Bi azpiegitura berriak Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu ditu, BIDEGI sozietate publikoaren bidez.  Azpiegitura horien kontserbazioa, mantentzea eta kudeaketa, berriz, "CIT Autopista 8, S.A." enpresa adjudikaziodunari dagokio, eta “mowiz TRUCK” aplikazioaren bidez kudeatuko du. Gidariek mowiz TRUCK aplikazioa deskargatu ahal izango dute eta plaza bat aurrez erreserbatu bi aparkalekuetako edozeinetan.

          Plaza guztiak txandakakoak dira eta Europar Batasunaren eskakizunen arabera gauzatu dira, Urrezko mailak eskatzen dituen teknologia eta kalitate estandar altuenekin.

EBk abalatu eta finantzatutako proiektua

Bi aparkalekuak gauzatu eta martxan jartzeko, BIDEGI Gipuzkoako Azpiegitura Agentziak 17 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu, eta Europako European Climate, Infraestructure and Environment Executive Agency (CINEA) agentziak 2,7 milioi euroko dirulaguntza eman du, onartutako zenbatekoaren % 18.  Laguntza ebaluatzeko orduan, CINEAk bikaintzat jotzen du BIDEGIk aurkeztutako proiektua, eta CEF (Conecting Europe Facility) deialdiaren helburuekin erabat koherentea dela adierazi du.

  

4649