Ate irekien jardunaldi berri batekin irekiko du kurtso berria Foru Aldundiak
Ate irekien jardunaldi berri batekin irekiko du kurtso berria Foru Aldundiak
Hilabeteko azken larunbatetako bisita gidatuak ere berreskuratu ditu foru erakundeak, pandemia zela eta orain arte etenda zeudenak
Ostiral honetan, hilak 26, ate irekien jardunaldi berri bat egingo du Aldundiak. Bisita gidatua egin ahal izango dute hala nahi dutenek, foru jauregia eta bertako areto azpimarragarrienak ezagutuz. Hango objektu, margolan eta elementu nagusien bitartez, ibilbidea egin ahal izango dute historian eta arkitekturan barrena. Era berean, Aldundiaren, Batzar Nagusien, horien eskumenen eta antolaketa administratiboaren inguruko azalpenak jaso ahal izango dituzte. Gainera, eraikina barrutik ezagutzeko beste aukera bat ere izango da larunbatean, foru erakundeak hilabeteko azken larunbatetako bisitak berreskuratu baititu, pandemiagatik etenda egon ostean.
Doan dira bisitak, ordubete eta hamabost minutu inguruko iraupena edukiko dute, eta bi txandatan egingo dira, goizez eta arratsaldez, ordutegi hauekin: 10:00ak (euskaraz eta gaztelaniaz), 11:30ak (frantsesez eta ingelesez), 13:00ak (gaztelaniaz), 16:00ak (euskaraz eta gaztelaniaz) eta 17:30ak (gaztelaniaz). Jauregiaren kanpoko aldean hasiko dira bisitak, eta ondoren ohorezko solairuan jarraituko dute, han baitaude obra nabarmen gehienak. Amaieran, dibulgazio eskuorria banatuko zaie parte-hartzaileei. Herritarrentzako harrera gunean ere eskura daiteke eskuorria. Bisitan zehar, Aldundiaren jatorriaren, eskumenen eta jardueraren berri ematen duen bideoa ikusi ahal izango da.
18 laguneko taldeetan antolatuko dira bisitak, gehienez. Gipuzkoa@gipuzkoa.eus helbidera idatziz, 943-112111 telefonora deituz, edo foru jauregiko harreran bertan eman daiteke izena. Aldundiak antolatzen duen seigarren ate irekien jardunaldi berezia izango da, 2016. urtean ekimen hau martxan jarri zenetik. Asmoa dago hitzordua errepikatzeko urtean zehar, data esanguratsuekin bat eginik –Gabonak, Aste Santua…-
Hilabeteroko azken larunbata
Hilabete bakoitzeko azken larunbatean egiten diren bisita gidatuak ere berreskuratuko ditu Aldundiak larunbat honetan, hilak 27. Bisita hauek bertan behera utzi ziren pandemia zela eta, eta orain berriro martxan jartzen dira. Kasu honetan, bisita gidatuak 10.00etan (gaztelaniaz) eta 11.30tan (euskaraz) egingo dira, eta izen emateak aipatutako posta elektronikora idatzita edota telefono zenbakira deituta egin daitezke. Honetaz guztiaz gain, aurrerantzean ere izango da Aldundia barrutik ezagutzeko beste hainbat aukera nahi duenarentzat. Izan ere, Aldundiak bisita gidatuen zerbitzua eskaini ohi du, norbanakoei, zein kolektibo ezberdinei zuzendua: Bigarren Hezkuntzako ikasleak, Zientzia Politikoak eta Soziologia, Zuzenbidea, Komunikazioa, Artea, Turismoa edota Arkitektura ikasleak, erretiratuak, eta bestelako elkarteak (ikusi ordutegiak).
Gainera, modulu didaktikoa prestatu da ikasleentzat, bisita dibertigarriagoa eginez, eta ikasgelan gaia irakaslearekin batera lantzeko aukera emanez. 2017-2018 ikasturtean jarri ziren martxan eta LH 5. eta 6. eta DBH 1 eta 2ko ikasleei zuzenduta daude. Kasu hauetan, eduki batzuk lantzen dituzte eskolan bai bisita egin aurretik eta baita egin ondoren ere. Bisitan, berriz koaderno bat ematen zaie eta jokoen bidez foru jauregian dagoen ondarea zein ikurrak asmatzen joaten dira. Bisita mota horrek arrakasta handia izan du ikastola eta institutuen artean, eta oso ondo baloratzen dute irakasleek esperientzia.
Gobernantza diputatu den Eider Mendozak herritarrak animatu ditu bisitan parte hartzera. Harrera oso ona izan dute bisita gidatuek herritarren artean, orain arte, 4.076 lagunek hartu baitute parte, eta hauetatik 1.196 inguru lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleak dira. Bisitak amaitzerakoan, asebetetze inkesta egiten zaie parte-hartzaileei, eta bertan jasotako iritziak ere oso positiboak izan dira. Formatuan eta antolaketan hobekuntzak egiteko kontuan hartu dira ekarpen hauek.
Foru jauregian zehar, ibilbidea egin daiteke Gipuzkoaren, eta lurraldeko pertsona esanguratsuen historian barrena. Hauek dira kontuan hartzeko moduko elementuetako batzuk: Gaztelako Alfontso VIII.a irudikatzen duen beiratea, 1.200. urtean foruen zina eginez; Alejandro Iruretaren kupula; Gipuzkoako paisaia eta ohiturak irudikatzen dituen horma-dekorazioa; Julio Urquijoren erretratua (Erwal) eta liburutegia, non Aldundiak argitaratutako obra guztiak gordetzen diren; Elkanok munduari egindako itzuliaren omenez egindako tapiza, eta getariarrari Zuloagak egindako margolana; Albizuren Lekuona eta Barandiaran margolanak; Uztapide eta Basarri bertsolarienak; Orixek egindako eskuizkribu zaharrak; edota Leizaola Lehendakariaren eskultura.
3064