Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ateak ireki ditu MUBILek, Euskadi mugikortasun berriaren abangoardian kokatzeko anbizioarekin

Ateak ireki ditu MUBILek, Euskadi mugikortasun berriaren abangoardian kokatzeko anbizioarekin

Tolosan kokatzen den behin behineko egoitzaren irekieran hartu dute parte Lehendakariak, Gipuzkoako diputatu nagusiak eta zentroaren zuzendariak.

MUBIL Gipuzkoako Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriko Zentroaren lehenengo egoitza fisikoak gaur ireki ditu ateak, Tolosako Usabal industrialdean. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan sortu zen, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen RIS-3 espezializazio adimentsurako estrategiarekin lerrokatuta dago. Beraz, proiektua errealitate bihurtu da, eta etorkizunari begira, Gipuzkoa eta Euskadi osoa mugikortasun berriaren abangoardian jartze anbizioarekin hasiko da lanean. Horretarako, punta-puntako azpiegitura diferentzial bat du, bakarra Europako hegoaldean, mugikortasun adimentsu eta jasangarrian erreferentzia-polo bat eratzeko prozesuaren lehen urratsa izango dena. Gainera, zentroaren irekieran nabarmendu dutenez, "herri proiektu" bat da.

Inaugurazio ekitaldia gaur goizean egin dute Tolosan, eta bertan hartu dute parte Iñigo Urkullu lehendakariak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Ane Insausti MUBILeko zuzendariak. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Eneko Goia Donostiako alkatea, Olatz Peon Tolosako alkatea, Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatua, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburua eta Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua; hauekin batera, mugikortasun berriaren sektorearekin lotutako enpresa eta zentro teknologikoetako ordezkariak. Ekitaldiak agerian utzi du erakundeak eta sektoreko eragile guztiek proiektuarekin duten inplikazio maila; izan ere, Etorkizuna Eraikizen esparruan sortu zenez, lankidetza da MUBILen ezaugarri nagusietako bat.

Lehendakariak, bere hitzaldian, azpimarratu du Usabalgo zentroak "punta-puntako" instalazioak dituela, eta MUBILen proiektuak administrazio eta enpresek partekatzen dituzten bi eraldaketa prozesu batzen dituela: teknologiko-digitala eta energetiko-eolikoa ". Gainera, azpimarratu du Tolosako instalazioak martxan jartzea dela Mugikortasun Berriaren Poloa sortzeko prozesuaren lehen mugarria; hain zuzen ere, Euskadi Next Programan jasotako Ekonomia Berreskuratu eta Eraldatzeko Proiektu estrategikoetako bat da, Europako funtsetatik 86,5 milioi euro mugiaraztea helburu duena. Hauek barne hartuta, 156 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da guztira MUBILen proiektuan.

Lehendakariak azpimarratu duenez, Gipuzkoak eta Euskadik mugikortasun iraunkorraren arloan punta-puntako enpresak dituzte, Europa mailan erreferentzia diren zentro teknologikoak eta arlo horretako ezagutza-ekosistema aurreratua. "MUBILek topagune bat eskaintzen du gure gaitasun industrialen potentzial berritzaile guztia bideratzeko eta bultzatzeko, bai eta gure herrialdean ekonomia gero eta aurreratuagoa, digitalizatuagoa eta iraunkorragoa sustatzeko ere. Gaur urrats berri hau eman dugu, elkarlanetik abiatuta, berritzeko, aukera berriak sortzeko, gure industria eraldatzeko eta indartzeko", defendatu du.

Hiru ardatz nagusiren inguruan jardungo du MUBILek: espezializazioa, bikaintasuna eta lankidetza. Lehenengo alorrak, espezializazioarenak, garraioari, automobilgintzari eta mugikortasunari lotutako industria bideratu nahi du mugikortasun elektriko, konektatu, partekatu eta autonomora baterantz; hau da, mugikortasun berriak dakarren aukera ustiatzen saiatuko da. Bigarren balioa, bikaintasunarena, euskal industriaren tradizioarekin lotzen da, nazioartean bikaintasun eta kalitate-estandarrak aintzat hartuta, eta ezinbestekoa da nazioartean mugikortasun jasangarri eta adimendunean erreferente izateko. Hirugarren ardatza lankidetza da, aukera berriak sortzeko eta Gipuzkoako eta Euskadiko industria eraldatzeko eta indartzeko.

 

Etorkizuneko apustua

Diputatu nagusiak, bere aldetik, MUBIL Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan sortu zela gogorarazi du; programa horren helburua lurraldeak dituen erronkak identifikatzea da, gero etorkizuneko apustuak mahai gaineratu eta exekutatzeko. Esparru horretan, ardatzetako bat lurraldearen espezializazio adimenduna indartzea da, mugikortasun berria hemen planteatutako ildoetako bat delarik. MUBIL fundazioa 2019an eratu zen, eta iazko udaberrian Ane Insaustik hartu zuen zuzendari kargua. "Aparteko balioaren ikuspuntutik, MUBIL lau norabidetan ari da lanean: azpiegitura teknologiko indartsu bat, ekintzailetza bultzatzea, ezagutza sortzea eta kudeatzea eta Gipuzkoa living lab bihurtzea esperimentazioaren bidez", defendatu du.

Diputatu nagusiak zehaztu duenez, energia biltegiratzeko laborategiak, ahalmen teknologikoari dagokionez, Europako bi zentro nagusiren "parean" kokatuko du MUBIL: Alemaniako ZSWa eta Frantziako CEA, hain zuzen ere. "Instalazio horiek eskaintzen dituzten aukerek, kualitatiboki, Europako azpiegitura puntakoenen maila berean kokatzen gaituzte. Horrela, jauzi bat egiteko eta gure berrikuntza-gaitasuna maximizatzeko prest gaude, etorkizuneko mugikortasunaren funtsezko osagai batean, baterietan, alegia ", gaineratu du.

Ahalmen hori are gehiago handituko da Eskuzaitzetako Mugikortasun Berriko Poloa sortzen denean. Bertan kokatuko da MUBIL zentroaren behin betiko egoitza eta, diputatu nagusiak gogoratu duenez, proiektuaren erredakzioa pasa den astean onartu zuen Diputatuen Kontseiluak. Bertan, arestian deskribatutako laborategiaz gain, power trainarekin lotutako teknologia testatzeko beste espazio bat egongo da, etorkizuneko mugikortasunaren beste giltzarrietako bat. Halaber, 40.000 metro karratu gorde dira mugikortasun berriarekin zerikusia duten eta zentroaren inguruan garatu daitezkeen beste ekimen batzuetarako.

Zentzu horretan, etorkizuneko Gipuzkoako ekonomiaren oinarri izango diren proiektu estrategikoen alde egiten jarraitzearen garrantzia azpimarratu du Olanok. "Pandemia testuinguru batean jarraitzen dugu, ziurgabetasunez inguratuta, eta horien aurrean etorkizuneko apustuetan sakonduz erantzuten dugu. Konfiantza osoa dugu Gipuzkoak dituen gaitasunetan eta ahalmenean, gure herrialdeak orainaldiko krisia gainditzeko eta etorkizuna eraikitzen hasteko duen ahalmenean ", esan du diputatu nagusiak. MUBIL, gaineratu duenez, horren adierazle argia da. "Proiektu ilusionagarria eta anbizio handikoa da, eta, hilabeteetako lan gogorraren ondoren, gaur hezurmamitzen da. Gure lurraldeko industriaren eta berrikuntza-zentroen zerbitzura dagoen azpiegitura da, eta, hemen, lankidetzarako gune bat aurkituko dute, produktuak aztertzeko eta beste eragile batzuekin elkarlanean berrikuntza berriak sortzeko ", gaineratu du.

 

Puntako instalazioak

Ane Insausti zuzendariak nabarmendu duenez, Tolosako Usabal industrialdean kokatzen den behin-behineko egoitzak hartuko duena MUBIL "proiektuaren muina" da. Eraikinak 2.300 metro karratu inguru ditu. Beheko solairuan sarrera eta 90 metro koadroko showroom bat daude, non MUBIL proiektuaren zergatia, helburua, aparteko balio proposamena eta bilakaera jasotzsen diren. Lehen solairuak 500 metro karratu ditu, eta bertan daude fundazioaren bulegoak, prestakuntza gela eta laborategia erabiltzen ari diren enpresentzako gune bat.

Aipatutako laborategi hau bigarren solairuan dago, eta 1.400 metro karratu inguru hartzen ditu. "CIDETEC-ek kudeatzen duen energia biltegiratzeko laborategi aurreratua da. Europa mailan punta-puntako ekipamendua du, adibidez, mahai bibratzaile bat dago bertan, eta lurraldeko enpresa guztiek dute euren prototipoak eta produktuak probatzeko eta testatzeko aukera", azaldu du MUBIL fundazioko zuzendariak.

  

3136