Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aurrekontu “sozial eta inbertsoreak” onartu ditu Gipuzkoak, “legealdia anbizioz” hasteko

Aurrekontu “sozial eta inbertsoreak” onartu ditu Gipuzkoak, “legealdia anbizioz” hasteko

Desberdinkeriaren kontrako borrokan jauzi kualitatiboa ematea, eta legealdiko proiektu garrantzitsuenak gauzatzen hastea ahalbidetuko dute.

2019/12/20

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak Foru Aldundiak datorren urterako aurkeztu dituen aurrekontu orokorrak onartu dituzte gaur. Proposamenak EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoak jaso ditu, Alderdi Popularra abstenitu egin da eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek kontra bozkatu dute. Markel Olano diputatu nagusiak erabakiaren irakurketa positiboa egin du, “mugarri garrantzitsua delako, are gehiago legealdiaren hasiera izanda”. “Honi esker, anbizioz hasi dezakegu legealdia”, gaineratu du. “Onartu ditugunak oso aurrekontu sozialak dira, eta horri esker jauzi kualitatiboa eman ahal izango dugu desberdinkeriaren aurkako borrokan; aldi berean, aurrekontu inbertsoreak dira, legealdiko proiektu garrantzitsuenak gauzatzen hastea ahalbidetuko digutenak, esaterako Adinberri, MUBIL edota Elkar-EKIN”, azaldu du.

            Gaur onartutakoren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020rako aurrekontuek 915,2 milioi euroko gastua aurreikusten dute, hau da, 39,7 milioi euro gehiago (+% 4,53) 2019koaren aldean. Markel Olano diputatu nagusiak hiru ardatz nagusitan jarri du arreta: behar sozialei erantzutea, non 400 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa nabarmentzen den gizarte politiketan; etorkizuneko sektore ekonomikoetan egindako apustuak, 22 milioi euro bideratu baitira Etorkizuna Eraikiz ekimenera; eta zorra murrizten jarraitzearen aldeko apustua,  2020an beste 45 milioi euro jaitsiko baita. “Oso aurrekontu garrantzitsua da, gure kudeaketa politikoaren isla, eta gure tresna nagusia Gipuzkoak ahalik eta desberdintasun gutxien izan dezan gizarte, genero eta hizkuntza arloetan”, adierazi du foru arduradunak.

            Aurrekontu hauek Alderdi Popularra, EH Bildu eta Elkarrekin Gipuzkoaren batzarkide taldeekin adostu diren 47 emendakin jasotzen dituzte, 832.000 euroko balioa dutenak. Alderdi popularrarekin 14 emendakin adostu dira, guztira 155.000 euroko pisua dutenak; EH Bildurekin, bestalde, 16 neurri hitzartu dira, 375.000 milioi euroko zuzkidura dutenak; eta azkenik, Elkarrekin Gipuzkoaren 17 emendakin onartu dira, 302.000 euro guztira. “Negoziaketetan izan dugun jarrera irekia eta elkarrizketaren aldekoa izan da, baina betiere Aldundiak aurkeztu zuen aurrekontu proposamenaren espirituari eutsiz”, adierazi du Olanok.

            Datorren urteko aurrekontuei dagokionez, diputatu nagusiak oso aipagarritzat jo du aurkezten duen hazkundea, historiako bigarren aurrekonturik handiena baita. Halaber, inbertsioaren aldeko aurrekontua dela zehaztu du, seigarren kapitulua (inbertsio errealak) 20 milioi hazi baita, 131 milioira iritsi arte (+% 18). Diputatu nagusiak ere aurrekontuaren zeharkakotasuna azpimarratu du: “Gobernantza eredu ireki eta elkarlaneko baten aldeko apustua egiten dugu, eta horrek ere badu bere isla etxe barruan: gure proiektu nagusiak ez dira departamentu bakar batera mugatzen, baizik eta hainbat arlotan banatuta daude”.

            Azkenik, foru arduradunak ekonomian jarri du arreta berriz ere; izan ere, adierazi duenez, Gipuzkoak esparru horretan erakusten duen sendotasunak baliabide gehiago ematen dizkio Aldundiari bere politikak gauzatzeko. Ildo horretan, foru erakundeak sustapen ekonomikoaren aldeko apustua berretsi du, diru-sarreren bilketak hazten jarrai dezan, eta, horrela, lurraldearen ongizate mailari eusteko tresna gehiago izateko. “Hasieratik sustapen ekonomikoaren aldeko apustua egin dugu, eta datuek berresten digute estrategia egokia defendatzen ari garela “, amaitu du.

  

1664