Aurrekontuetan oposizioarekin akordioak lortzeko “ate guztiak zabalik”, batzarkide taldeekin gaur egindako bileren ondoren
Aurrekontuetan oposizioarekin akordioak lortzeko “ate guztiak zabalik”, batzarkide taldeekin gaur egindako bileren ondoren
Aurrekontuetan oposizioarekin akordioak lortzeko “ate guztiak zabalik”, batzarkide taldeekin gaur egindako bileren ondoren
• PSE-EE, EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin Gipuzkoa eta PPko ordezkariekin bilerak egin dituzte Eider Mendoza diputatu nagusiak, Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak eta Itziar Agirre Ogasuneko diputatuak
2025eko aurrekontuak adostea helburu, batzarkide taldeekin elkarrizketei berrekin die gaurkoan foru gobernuak. Eider Mendoza diputatu nagusiak, Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak eta Ingurumeneko diputatuak, eta Itziar Agirre Ogasuneko diputatuak bilerak egin dituzte egunean zehar Batzar Nagusietako ordezkariekin, PSE-EE, EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin Gipuzkoa eta PPko batzarkide taldeetako ordezkariekin, alegia. Bertan, oposizioaren “proposamen eta ekarpenei bidea emateko borondate argia eta zintzoa” adierazi dute Aldundiko arduradun nagusiek, eta ahalegin horretan urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa azaldu dute.
Gisa horretara, foru gobernuak jarraipena ematen die joan den udan batzarkide taldeetako ordezkariekin hasitako elkarrizketei. Orain arteko kontaktuek helburu izan dute “epe luzeko begiradarekin akordioak” lortzeko konfiantza esparruak sortzea eta, horretarako, gaurkoak kontuan izan gabe hamahiru bilera egin ditu diputatu nagusiak berak oposizioko kideekin. Behin aurrekontu proiektua xehetasunez Batzar Nagusietan aurkeztuta, elkarrizketei berrekin diete gaur, zifra eta egitasmo zehatzetara jaitsiz.
Gaurko bileren ondoren, batzarkide talde guztiekin akordioak lortzeko aukerak ikusten ditu foru gobernuak. “Ate guztiak zabalik” daude eta, gainera, zenbait alorretan “lehentasunezko lan lerroetan bat” etorri dira batzarkide taldeen proposamenak. “Akordio bat lortzeko ahaleginean optimista izatera garamatza horrek eta horretarako buru-belarri lanean jarraituko dugu”, azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak.
EH Bilduk egindako proposamenen artean, azken hamarkadetan Gipuzkoak bere buruari eman dion gizarte babeseko eredua –irabazi asmorik gabeko hirugarren sektore sozialarekin elkarlanean oinarritua– zalantzan jartzen bada ere, ikuspegi berritzaile eta komunitario batetik zaintza zerbitzuak indartzeko “neurri praktikoak lantzeko garaian adostasunerako aukerak” ikusi dituzte foru gobernuko kideek.
Bestetik, PP eta Elkarrekin Gipuzkoarekin izandako bilerak ere “mamitsuak” izan dira. Azken hilabeteetan izandako kontaktuak direla medio, bi alderdi horien proposamenak dagoeneko aurrekontu proiektuan jaso dira, azpiegituretan, bazterkeria arriskuan dauden pertsonen integrazioan eta ekonomia ehuna sustatzeko lanean, hala nola. Batzarkide talde hauekin lanean jarraitzeko bidea ere “zabalik” dago, beraz.
Minorian dagoen gobernua izanik, gutxienez batzarkide talde baten babesa lortzearen garrantziaz eta beharraz jakitun da foru gobernua. “Herritarren ongizatea helburu duten aurrekontu proiektua aurkeztu dugu. Gainontzeko taldeen babesarekin, aurrekontuak aberastu eta hobetuko lirateke, eta horrek herri politiken ikuspegitik berebiziko garrantzia izango luke. Baina, hortaz harago, Estatuan, Europan eta Estatu Batuetan bizi dugun ezegonkortasun testuinguruari erreparatuta, mezu indartsua helaraziko genieke gipuzkoarrei. Diferentzien gainetik, adostasunetarako iristeko gai garela gure lurraldearen eta herritarren mesedetan. Herritarrei, enpresei eta gizarte ehunari ziurtasunak eskaini eta politika partekatuak adosteko gai garela, alegia. Apaltasunez ariketa hori egiten ari gara eta egin nahi dugu”, azpimarratu du diputatu nagusiak eta, hori horrela, ahalegin horretan “bide partekatua” egiteko proposamen komuna luzatu die batzarkide taldeei.
Aurrekontuen inguruko gaurko bilerak PSE-EErekin hasi dira, Alberto Albistegirekin egindako topaketarekin; ondoren, Maria Eugenia Arrizabalagarekin elkartu dira, baita ere. Arratsaldean berriz, lehenik, EH Bilduko ordezkariak, Maddalen Iriarte buru zutela, hartu dituzte Kontseiluko aretoan; ondoren PPko batzarkide Mikel Lezamarekin elkarrizketatu dira aurrekontuen inguruan; eta, amaitzeko, Elkarrekin Gipuzkoako Miren Echevesterekin egindako bilerarekin itxi dute bilera sorta.
1213