Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aurtengo irteerarik gehieneko gaua Gipuzkoako foru suhiltzaileentzat, haizetearen eraginez

Aurtengo irteerarik gehieneko gaua Gipuzkoako foru suhiltzaileentzat, haizetearen eraginez

111 irteera egin dituzte, gehienak zuhaitzak eta haizeak botatako bestelako objektuak erretiratzeko; interbentziorik larriena Orendainen egin da.

Gipuzkoako foru suhiltzaileek 111 irteera egin behar izan dituzte atzoko gaua eta gaurko goizaren artean, lurraldea kolpatu duen haizete bortitzak eragin dituen ezbeharrei erantzuteko. Atlantikoko borraska batek, Barbara izenez bataiatua izan dena, hegoaldeko haize gogorra eragin du Gipuzkoa osoan, batez ere barnealdean sentitu dena, eta zuhaitz zein bestelako objektu ugari bota ditu. Honen eraginez, foru suhiltzaileentzat aurten irteera gehien egin behar izan dituzten gaua izan da. Eider Mendoza Gobernantza diputatuak suhiltzaileek egindako lanaren eraginkortasuna nabarmendu du, irteeretan parte hartu dutenak zein koordinazio lanetan aritu direnak zorionduz: “Suhiltzaileak gure lehen erantzunerako elementua dira ia edozein ezbeharren aurrean, eta beste behin ere argi geratu da foru zerbitzu honen garrantzia”.

          Gauean zehar, Gipuzkoako zortzi parketako suhiltzaileak aritu dira lanean, eta koordinazio zentroko taldea indartu da. Honela, eskualdeka, Oñatiko Zubillaga (26)  eta Bidasoako (26) parkea izan dira irteera gehien izan dituztenak. Gainerakoan, Tolosako Oria parkeko suhiltzaileek 15 irteera egin dituzte, Zarauzko Kostakoek 14, Ordizian dagoen Goierri parkekoek 12, Azpeitiko Urolakoek 8, Legazpiko Korosti parkean 7 irteera egin dira eta, azkenik, Eibarko Arrate parkekoek hiru esku hartze izan dituzte. Udalerriei erreparatuz gero, Irun (15) eta Arrasate (12) izan dira herririk kaltetuenak.

          Gertakaririk larriena Orendainen jazo da, kultur-etxean. Eraikin honetako azken solairuak kristalezko estalkia dauka eta, haizeak, lehenengo kristalak apurtu eta, gero, solairu osoa eta estalkia bera errotik atera eta eraman ditu. Kultur-etxearen zatiak kalera erori dira, eta inguruko baserri bat ere kaltetua suertatu da. Herri berean, haizeak tamaina handiko zuloa eragin du frontoiaren estalkian ere, eta udalerrira iristeko errepidean ere hainbat zuhaitz bota ditu.

  

1463