Azahara Domínguez GGLAko presidenteak MUGI birtualaren proba pilotuak datorren maiatzean hasiko direla iragarri du
Volver Azahara Domínguez GGLAko presidenteak MUGI birtualaren proba pilotuak datorren maiatzean hasiko direla iragarri du
Azahara Domínguez GGLAko presidenteak MUGI birtualaren proba pilotuak datorren maiatzean hasiko direla iragarri du
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru-arduradun ere badenak jakinarazi duenez, Bilman Bus emakidadunean egingo da lan hori, dagoeneko instalatuta baititu balidagailu berriak bere flota osoan, eta hemen ateratzen diren ondorioek Lurraldebuseko emakidadun guztientzat balioko dute, baita GGLA osatzen duten hiri-autobusentzat ere, balidagailuak aldatzen hasi baitira

Azahara Domínguez GGLAko presidenteak MUGI birtualaren proba pilotuak datorren maiatzean hasiko direla iragarri du
"Datozen hilabeteetan, Gipuzkoak iraultza biziko du garraio publikoari dagokionez, MUGI birtuala martxan jarrita. Sistema horri esker, gure lurraldeko garraio publikoko operadoreen erabiltzaileek bidaiak ordaindu ahal izango dituzte MUGI txartel fisikorik izan gabe". Azahara Domínguez Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren (GGLA) presidente eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak astelehen honetan iragarri duenez, MUGI birtualaren proba pilotuak maiatzean hasiko dira Bilman Bus emakidadunean. Emakidadun horrek Lurraldebus zerbitzua ematen du Goierriko eskualdean eta balidagailu berriak instalatuta ditu bere flota osoan. Honi esker, sistema hori Gipuzkoako garraio sare publiko osoan ezarri aurretik egin beharreko proben fasea garatu ahal izango da, eta hurrengo hilabeteetan gauzatuko da.
Azahara Domínguezek azpimarratu du MUGI birtuala martxan jartzea "mugarri" izango dela Gipuzkoako garraio publikoaren modernizazioan. "Beharrezkoa da modernizatzea eta teknologia berriak eguneratzea, garraio publikoa erabiltzearen esperientzia erabiltzailearentzat gero eta erosoagoa izan dadin", adierazi du GGLAko presidenteak. Gaineratu duenez, "MUGI birtualari esker, operadoreetara sartzeko txartel fisikorik behar ez izateaz gain, erabiltzaile bakoitzak bere kontuari buruzko informazio guztia izango du denbora errealean". "Gure ustez, MUGI birtuala martxan jartzeak eta datozen hilabeteetan ezarriko diren gainerako neurriek, hala nola BAT eta Barik txartelen elkarreragingarritasunak edo kreditu-txartel bidez ordaindu ahal izatea, aukera emango digute Gipuzkoan garraio publikoaren erabilera are gehiago sendotzeko", baieztatu du.
MUGI birtuala, abantaila ugari dituen sistema
GGLAko presidenteak adierazi duen bezala, MUGI sistema birtualak "abantaila garrantzitsuak" ekarriko dizkie erabiltzaileei, "ez baitute zertan txartel fisikoa aurkeztu behar txartelak ordaintzeko". Azaldu duenez, MUGI sistemaren birtualizazioak "are askatasun handiagoa" ekarriko die erabiltzaileei, eta "sisteman alta eman ahal izango dute edo aplikazio mugikorraren (app) edo webgunearen bidez migratu ahal izango dute". MUGI birtuala duten pertsonek online kontu bat izango dute, eta bertan "beren informazio guztia denbora errealean ikusi ahal izango dute, karga automatikoak programatu ahal izango dituzte horietan gehiago pentsatu behar ez izateko, garraio publikoko operadoreetara sartzean identifikatuko diren euskarriak kudeatu ahal izango dituzte, edo familia osoaren MUGI txartel birtualak eraginkortasunez gainbegiratu eta kudeatu ahal izango dituzte", adierazi du Azahara Domínguezek. "Operadoreak sistema berrian sartzen diren heinean, erabiltzaileak egungo txartelarekin identifikatu ahal izango dira, birtuala izateko aukerarekin, baina baita telefono mugikorrarekin ere, QR kode baten bidez, edo, etorkizun hurbilean, MUGIri lotuta egongo den kreditu-txartelarekin".
Halaber, gaineratu duenez, erabiltzaileek "MUGI sareko edozein ibilbide bilatu eta planifikatu ahal izango dute, eta bidaiak beretzat edo laguntzaileentzat erreserbatu ahal izango dituzte".
Gainera, online kontua denez, "unean uneko profil pertsonalizatua lortu ahal izango dute, etorkizunera aldatu edo berritu, eta kontu berean itzulketak jaso, itxaron gabe".
Hala ere, Azahara Domínguezek gogorarazi du nahi duten pertsonek MUGI txartel fisikoa erabiltzen jarraitu ahal izango dutela, gaur egun egiten den bezala.
7835