Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azahara Domínguez diputatuak Zumarraga, Ordizia eta Beasaingo alkateak bildu ditu Lurraldebusek Goierri eta Donostia egunero lotuko dituen zerbitzu berriaren berri emateko

Azahara Domínguez diputatuak Zumarraga, Ordizia eta Beasaingo alkateak bildu ditu Lurraldebusek Goierri eta Donostia egunero lotuko dituen zerbitzu berriaren berri emateko

Azahara Dominguez diputatuak jakinarazi duenez, Gipuzkoako aurrekontuak onartuz gero, udaberrian martxan jarriko den zerbitzu honek Zumarraga, Beasain eta Ordizia Tolosa eta Donostiarekin lotuko ditu. Orduoro egongo da zerbitzua astelehenetik ostiralera 6: 00etatik 21:00etara, eta bi ordutik behin larunbat eta igandeetan 8: 00etatik 22:00etara.

2024/11/05
Adur Ezenarro, Leire Artola, Azahara Domínguez eta Mikel Serrano

Adur Ezenarro, Leire Artola, Azahara Domínguez eta Mikel Serrano


Gipuzkoako aurrekontuak onartzen badira, udaberritik aurrera Goierriko eskualdeak Donostiarekin konexioa izango du Lurraldebusen bitartez. Hala jakinarazi die Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Mikel Serrano, Leire Artola eta Adur Ezenarro Zumarraga, Beasain eta Ordiziako alkateei, hurrenez hurren.
Azaldu duenez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak "ahalegina eta aurrekontu-apustu argia" egin du linea hori martxan jartzeko. Astelehenetik ostiralera, 06:00etatik 21:00etara, ordu bakoitzean behin egingo du lan, eta larunbatetan eta igandeetan, berriz, 8: 00etatik 22:00etara, bi ordutik behin.
Autobusa Zumarragatik abiatuko da eta Beasainen, Ordizian eta Tolosan geldialdiak egingo ditu, Donostiara iritsi aurretik. Bertan, Ibaeta auzotik sartuko da eta unibertsitateetan, Benta Berrin eta autobus geltokian geldituko da.  
Azahara Dominguez diputatuak azaldu duenez, bere departamentua duela hilabete askotatik lanean izan da egoera honi irtenbidea emateko; izan ere, udaberrian izan ziren lehen harremanak Nafarroako Gobernuarekin, N-I errepidean zerbitzua emateko eskumena duen erakundearekin. Eskumenen oztopoa gainditu eta konponbidearen bideragarritasun juridikoa ziurtatu ondoren, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bere aurrekontuetan linea berri hori Lurraldebusen zerbitzuan sartzearen aldeko apustua egitea erabaki du, eta, horrela, aldarrikapen historiko bati erantzutea, orain arte Goierri Donostiarekin autobus bidez konektatuta ez zegoen lurraldeko eskualde bakarra baitzen. 
“Linea berri honekin aldarrikapen historiko bati erantzuteaz gain, lurraldean eskaintzen dugun garraio publikoaren zerbitzuak jauzi kualitatibo garrantzitsua eman dezan laguntzen dugu; izan ere, azkenean, Lurraldebusen zerbitzua gure eskualde guztietara iritsiko da, goierritarrek eta hiriburutik Goierrira joaten diren pertsonek orain arte pairatzen zuten arrakala handia gaindituz. Gipuzkoa kohesionatuagoa eta arlo sozialean justuagoa izateko, garraio publiko jasangarria, erosoa, segurua, irisgarria eta lehiakorra behar dugu, gipuzkoarren benetako beharretara egokituko dena. Lanean jarraituko dugu zerbitzu honek jendearen beharrei erantzun diezaien. Linea berri horri esker, gainera, erabiltzaile gehiago fidelizatu ahal izango ditugu, eta horiek ez dute ibilgailu pribatuaren beharrik izango Goierrira edo Donostiara joateko. Gainera, autorik ez duten pertsonek berme guztiak dituen autobus-zerbitzua izango dute aurrerantzean, mugikortasun iraunkorra izateko duten eskubidea bermatuta ikusiz”, adierazi du Azahara Domínguez diputatuak. 
 

  

4632