Azaroaren 15ean zabalduko ditu ateak ZIUR zentroak
Azaroaren 15ean zabalduko ditu ateak ZIUR zentroak
Gipuzkoako zibersegurtasun zentroa martxan da jada.
ZIUR, Gipuzkoako industriako zibersegurtasun zentroak, datorren azaroaren 15ean irekiko ditu ateak. Azpiegitura Etorkizuna Eraikiz ekimeneko proiektu estrategikoetako da, eta Donostiako Zuatzu enpresa parkean dago kokatuta. “Lurraldeko enpresek erakutsi diguten kezka edo ezinegon bati erantzuten dio Zibersegurtasun Industrialeko Zentro Aurreratuak: gure lurraldeko enpresen %80k baino gehiagok ekoizpen eta kudeaketa sistemak konektatuta dituzte, eta hirutik batek soilik dauzka segurtasun protokoloak. Erasoak, gainera, egunero geratzen dira”, azaldu du Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko. Agerraldi honetan, Mendozak azaldu du Aldundiak duela urtebete aurkeztu zuela proiektua eta, bitarte honetan, ZIUR gorpuztu egin dela eta “errealitate bihurtu dela: gorputz juridikoa definitu eta sortu da, zibersegurtasun arloan esperientzia handia duten eta sektorearen eta industriaren ikuspegiak uztartzen dituen bost laguneko lan taldea osatu da. Lan taldean bat egiten dute industria-enpresaren eta zibersegurtasun sektorearen ikuspegiek”.
Tarte honetan, gainera, zuzenean eta gertutik ezagutarazi diegu proiektua interesa dakioken kolektiboei: unibertsitateak, heziketa zentroak eta zentro teknologikoak; ikasketa eragileak, garapen agentziak, elkarteak eta klusterrak; Incibe bezalako erreferentziazko zentroak, eta zibersegurtasunaren arloko 30etik gora enpresa; arlo honetan erreferentziazkoak diren 10 laborategi baino gehiago bisitatu dira, eta lurraldeko enpresei ZIUR-en diseinuan parte hartzeko eskatu diegu, 300 konpainia baino gehiagok erantzun duten inkesta baten bitartez. Gainera, enpresei aholkularitza zerbitzuak ematen hasia da ZIUR, eta sektoreko lan taldea jarri da martxan, AFMrekin elkarlanean.
Egoitza fisikoak 250 metro karratuko espazio dauka. Espazio horrek lanerako bi gune ditu, bata sentsibilizazio eta gaitasun jarduerak egiteko, eta bestea esperimentazioa eta zibersegurtasunaren inguruko ezagutza sortzeko, behatoki eta laborategi baten bitartez. Irekiera ekitaldian, ahotsa izango dute proiektuaren inguruan eraikitzen ari den eragile ekosistemari: erabiltzaile nagusi izango den lurraldeko industria, lurraldeko erakunde publikoak, zentroaren lan taldea bera eta sektoreko gainerako eragile garrantzitsuak.
“ZIURren, gure estrategia ekonomikoaren bi helburu nagusiak uztartzen dira: batetik, Gipuzkoako industriaren lehiakortasun bultzatzeko konpromisoa; eta, bestetik, kalitatezko enplegua eta lanpostu berriak sortzeko etorkizuneko sektoreetan Gipuzkoa kokatzeko ahaleginak bat egiten dute proiektu honetan”, azaldu du Mendozak. “Industria gure ekonomiaren zutabe nagusia da eta administrazio bezala, baina baita lurralde bezala ere, ezin dugu gai hau alboratu. Horregatik jarri ginen lanean, eta hau da mehatxu honi ematen diogun erantzuna. Trena honen bidez, gure industria eta produkzio-ehuna babesten eta dituzten beharrei erantzuten jarraituko dugu, batez ere prebentzioan sakonduz. Eta, aldi berean, mehatxua aukera bihurtzen saiatuko gara, lurraldearen espezializazioa indartu eta zibersegurtasun arloko sektorea bultzatzeko”, gaineratu du bozeramaileak.
Indarkeria matxista
Bestalde, indarkeria matxista jasan duten pertsonentzako egonaldi laburreko edo bat-bateko harrera zentroaren (Urrats 1), epe ertain edo luzeko harrera zentroaren (Urrats 2) eta autonomia pisuen erabilera eta kudeaketa zerbitzuen kontratazio espedientea onartu du Diputatuen Kontseiluak. “Zentro hauen kudeaketaren kudeaketa normalaren parte da erabakia. Lizitazioa urteko 1,4 miloi euroko balioarekin plazaratzen da”, azaldu du Mendozak, argituz beste urte betez luzatu daitekeela kontratua.
Zentro eta pisu hauetan, indarkeria matxista jasan duten emakume helduei edota emantzipatutako adingabeei egoitza-harrera ematen zaie, bai eta hauen seme-alaba adingabeei edota beraien ardurapena dauden gainerako pertsonei (seme-alaba helduak edota mendekotasuna duten helduak). Jasotzen duten arretak ikuspegi feminista dauka, eta biktimen ahalduntzea sustatzen du. Azpiegitura hauek honakoak dira: Urrats 1, egonaldi laburreko edo bat-bateko harrera zentroa. 12 plaza ditu, eta 19 plazaraino handitu daitezke biktima diren emakumeen ardurapena dauden mendekotasuna duten pertsonak kontuan hartuz; Urrats 2, epe ertain edo luzeko harrera zentroa. 8 plaza ditu, eta 16ra handitu daitezke mendekotasuna duten pertsonekin; eta autonomia pisuak. Autonomia pisuen erabilera eta kudeaketa zerbitzuen kontratazio espedientea onartu dugu. Egonaldi ertaineko pisuak, 10 plaza daude guztira.
“Zentroen kasuan, helburua da indarkeria matxistaren ondorioz beraien ohiko egoitza uztera behartuta dauden emakumeei eta beraien kargura dituzten pertsonei behin behineko ostatua ematea”, adierazi du Mendozak. Pisuen kasuan, ahalduntze eta integrazio prozesuak egiten edo osatzen lagundu nahi zaie indarkeria matxista jasan duten pertsonei. Egoitza hauetako batean sei hilabete inguruko egonaldiak egiten dira, eta ingurune normalizatu batean integratzeko bidea egiten da bertatik. “2018an, 162 pertsona artatu genituen foru zentro eta pisu hauetan, emakume eta haurren artean”, iragarri du foru bozeramaileak.
“Zifra hau adierazle bat gehiago da, indarkeria matxistaren arazoak duen dimentsioa argi lagatzen duena. Lehen mailako garrantzia duen arazoa da gure munduan”, esan du Mendozak. Gehitu duenez, gai honek sekulako garrantzia du Aldundiaren agendan, eta horrela adierazten da aipatutako bezalako azpiegiturak edota Aurre! (emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Aldundi batek bereziki diseinatu duen lehen Foru Plana) bezalako ekimenen bitartez. Aurre! Planaren aterkipean, hainbat ekimen jarri ziren martxan aurreko legealdian, hala nola, gazte eta langile publikoentzako formakuntza saioak, lurraldeko erakunde guztien artean partekatutako erantzun protokoloa edota adituen think tank baten eraketa, gai hauen inguruan hausnartzeko.
Bestalde, Mendozak jakinarazi du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza departamentuaren arreta zerbitzuaren zerbitzu kartak Q-epearen ebaluazioa egin duela azken asteotan, eta ziurtagiria lortzeaz gain, gehienezko puntuazioa lortu duela. “Honela, Gipuzkoako foru Ogasuna gehienezko puntuazioa lortzen duen lehenengo erakunde publikoa da”, iragarri du Mendozak, Ogasuneko departamentuko eta Gobernantza departamentuanModernizazio zerbitzuko langileak zorionduz.
Zerbitzu kartaren bitartez, Gipuzkoako foru Ogasunak herritarrak informatzen ditu eskaintzen dituen zerbitzuei, erabiltzaile bezala dituzten eskubideen eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko konpromisoen inguruan. Dokumentu bizia da, bi urtean behin eguneratzen joaten dena, eta bere helburua zerbitzu publikoak hobetzen jarraitzea da, horretarako herritarren kezka eta aldarrikapenak kontutan hartuz.
Q-epea, bere aldetik, 2002an sortzen da Euskal Herriko hainbat erakunde publikoren artean, kudeaketako praktika egokiak partekatzeko eta zabaltzeko asmoarekin, laneko dokumentazioak modu irekian trukatuz, beste erakunde publiko eta pribatuetako zuzendaritza taldeetako kideak gonbidatuz, esperientziak partekatuz eta aurrerapen horiek beste erakunde publiko batzuetara hedatzeko jendaurreko ekitaldiak antolatuz. Eskaintzen ituen zerbitzu ezberdinen artean, Q-epeak berezko metodologia sortu du bere erakunde laguntzaileen zerbitzu kartak ebaluatzeko, kasu honetan foru Ogasunarenari aplikatu zaiona.
“Etxe hau modernizatzeko etengabeko prozesuan gaude murgilduta eta mota honetako aitortzek bide onetik goazela adierazten digute”, adierazi du Mendozak. “Gure helburua administrazio eraginkorra izatea da, herritarrek dituzten beharrei ahalik eta era egoki eta arinenean erantzuteko. Administrazioa laguntzeko dago, eta beraz oztopoak kendu eta gure zerbitzuak hobetzeko ahaleginarekin jarraituko dugu, eskaintzen ditugun zerbitzuetan bikaintasunaren bila”, gaineratu du.
Formakuntza gobernantzan
Azkenik, gobernantza ireki eta lankidetzakoaren inguruko prestakuntza unibertsitarioaren bigarren edizioa aurkeztu du Mendozak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UNED-Bergarak Globernance-Gobernantza demokratikoaren Institutuaren laguntzaz antolatu dutena. “Dakizuen bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak apustu sendoa egiten ari da politika egiteko moduak aldatu eta eguneratzeko. “Testuinguru honetan, esan bezala, gobernantza ireki eta lankidetzazkoaren alde egiten ari gara, eta hainbat dira azken urteotan hau indartzeko hartu ditugun erabakiak: Etorkizuna Eraikiz bera, Erakunde Zuzentasuneko Sistema, Herritarren Partaidetzarako Foru Araua berritzea... Formakuntza akademikoren ikuspegitik, horiek guztiak osatzea da gaur aurkeztutako ekimenaren helburua”, azaldu du.
Formakuntza osatzen duten ikasgaiek “gobernantza berriaren inguruko ikuspegi globala eskainiko dute, dimentsio teorikoa zen aplikazio praktiko zehatzak kontuan hartuta”. Hori guztia, Gipuzkoan abian dauden esperientziei eta marko instituzionalari egokituta –horien artean, Erakunde Zuzentasuneko Sistemaren, edo Etorkizuna Eraikiz gobernantza kolaboratiboko dinamikaren azterketa sakona-.
Maila eta ospe handiko irakasleen eskutik eskainiko da gaur aurkezten ari garen unibertsitate Formakuntza. Hamar adituk egiteko bikoitza edukiko dute: irakasle lanak egitea, eta modulu bakoitzaren koordinazioa eramatea. Haien aholkupean, 30 irakasle ingururen ekarpen akademikoak eta praktikoak txertatuko dira, dimentsio publiko eta probatua zein akademikoa eta profesionala uztartuz: haien artean daude Daniel Innerarity, Juanjo Álvarez, Ignacio Aymerich, Mariola Urrea, Txetxu Ausín, Rafael Jiménez Asensio, Mari Carmen Gallastegui, Cristina Astier eta Xabier Barandiaran, besteak beste.
Prestakuntza unibertsitarioko programa honek 120 ordu izango ditu eta online metodologia moduan emango da eta, prestakuntzaren osagarri modura, 2 edo 3 aurrez-aurreko saio antolatuko dira, hautazkoak izango direnak. Prestakuntza programa 2019ko azaroaren 25etik 2020ko martxoaren 27ra bitartean emango da, eta matrikulazio-epea urriaren 15etik (hau da, gaurtik aurrera) azaroaren 15era bitartekoa da, https://gobernanza.asmoz.org/web atarian. Interesatuak webgune berean aurkituko dute formakuntzaren inguruko informazio guztia.
2041