Azaroaren 3an izango da Donostiako Nazioarteko Krosaren 68. edizioa
Azaroaren 3an izango da Donostiako Nazioarteko Krosaren 68. edizioa
Gaur aurkeztu da Donostiako Foru Jauregian Donostiako Nazioarteko Krossaren 68. edizioa, Lasarteko Krossa izenarekin ere ezagutzen dena. Ekitaldian izan dira Marta Pastor Kiroletako zuzendaria, Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotzia eta Ramón Goikoetxea Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidentea.
Krosaren katedrala ere esaten zaio proba honi, eta aurten ere hipodromoarekin duen hitzorduan izango da, 68. aldiz. Gipuzkoako Atletismo Federazioak (GAF-FAG) antolatu du proba osoa, azken hiru edizioetan bezala, eta aurten azaroaren 3an egingo da, igandean.
Marta Pastor Kiroletako zuzendariak, Gipuzkoako Atletismo Federazioak emakumeen kirolaren inklusioarekin eta sustapenarekin duen konpromisoa nabarmendu du: "Funtsezkoa da Donostiako Nazioarteko Krosa bezalako ekitaldiek emakumeek eta desgaitasunen bat duten kirolariek parte hartzeko bidea zabaltzen jarraitzea. Horrelako ekimenek agerian uzten dute erakundeek eta federazioak ahalegin partekatua egiten dutela kirol espazio inklusiboagoak sortzeko. Eskerrak eman nahi dizkiogu federazioari gure herritarrei maila honetako ekitaldi bat eskaintzeko egin duen lanagatik eta kiroleko berdintasunaren alde egin duen apustu irmoagatik".
Bestalde, Iñaki Gabarain Donostiako Kiroletako zinegotziak honako hau argudiatu du: "hitzordu historiko bat da, urtero gure hiria nazioarteko atletismoaren mapan jartzen duena. Ekitaldi hau, ospeagatik eta biltzen dituen atleten kalitateagatik ez ezik, Donostiaren ezaugarri den kirol dinamismoaren sinbolo gisa ere nabarmentzen da. Gure kirol elkarteen sareak antolatzeko duen gaitasuna funtsezkoa da horrelako ekitaldiak sendotzen jarraitzeko, eta gure hiriak kirolarekin duen konpromisoa islatzen du".
Azkenik, Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidente Ramón Goikoetxeak eskerrak eman dizkie erakundeei, bereziki Foru Aldundiari, Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari, urtero Donostiako Krosarekin duten konpromisoagatik. Era berean, JOMArekin lortutako akordioari balioa eman dio. Akordio horrek kirol materialeko sari batzuk emango dizkie kategoria guztietako lehen zortzi taldeei. Babesle guztiei ere eskerrak eman nahi izan dizkie emandako laguntza ordainezinagatik.
Alderdi teknikoari dagokionez, adierazi du, araudiaren barruan, distantziak aldatu egin dituztela kategoria absolutuetan, eta Kluben Espainiako Txapelketak eta Europako Txapelketak eskatzen dituzten neurrietara egokitu dituztela.
Bereziki azpimarratu nahi izan du GAFeko ahalegin handia egin duela horrelako antolaketa baten erronkei aurre egiteko.
Goikoetxeak Krosaren web berriaren (krosdonostia.com) garapena nabarmendu nahi izan du; bertan aurki daiteke ekitaldiari buruzko informazio eguneratua. Adierazi duenez, "nahiko pozik daude izen-emateekin; 350 parte-hartzaile izango dira kategoria federatuetan, eta 600 inguru eskolakoetan."
"Iaz bezala, disuasioko aparkalekua erabiltzea gomendatzen dugu, Urbilek uzten diguna; izan ere, mikrobus bat egongo da, doan, eta maiztasun jarraitua izango du goiz osoan", azpimarratu duenez.
Iaz bezala, Donostiako Krosean oinezko irteera bat egongo da, GFAren Emakumeok Mugimenduan programaren baitan, Nordic Walking Urban Donostia taldearen laguntzarekin. Irteera Kontxako erlojuetan izango da, goizeko 8:30ean. Eta bigarren puntua Antiguoko gasolindegia izango da, bidegorriaren aldean, 9:15ean.
"Berritasun gisa, tokiko atletak jarri ditugu ekitaldiaren kartelean", komentatu du GAFeko presidenteak.
Datu anekdotiko gisa, adierazi du Krosaren aurreko edizioetako kartelak biltzeko lana hartu dutela eta horietako batzuk hipodromoan ikusgai egongo direla ekitaldiaren egunean.
"Ohikoa den bezala, nazioarteko lehen mailako atletek ere parte hartuko dute, ikusleen gozamenerako. Eliteko atletei dagokienez, 10 herrialdetako ordezkariak etorriko dira, eta nabarmentzekoa da Sharon Chepkemoik eta Diana Chepkemoik parte hartuko dutela emakumeen kategorian. Gizonetan, Niels Laros eta Stefan Nillessen izango dira, olinpiar jokoetako 1.500 m-ko proban seigarrena eta bederatzigarrena izan zirenak, hurrenez hurren. Ez dute hutsik egingo Martin Kiprotich eta Hosea Kiplanget kroseko espezialista handiek ere", nabarmendu du.
Bestalde, zirkuitua izango da edizio honetako izarra. Kategoria guztietan pasako dira tribuna nagusiaren aurreko belarrezko zuzenetik, helmuga hantxe egongo baita, eta horrela krosaren funtsezko zati bat berreskuratuko da.
Federazioaren helburua argia eta aldaezina da: proba historiko baten handitasuna berreskuratzea eta merezi duen lekuan kokatzea. Bistakoa da helburu horrek ez lukeela zentzurik izango atletarik gabe, eta GAFen, erakundeen eta babesleen ahaleginari esker, nazioarteko lehen mailako atletak izango ditugu, bai emakumeen kategorian, bai gizonen kategorian, eta olinpiar jokoetan eta mundialetan parte hartu duten hainbat atleta ere etorriko dira, publiko orokorrarentzat ezagunak eta Donostiako Nazioarteko Krosaren mailaren pareko ikuskizuna eskainiko dutenak.
Esan bezala, hori ezinezkoa izango litzateke Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuaren, Donostiako Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Lasarteko Udalaren babesik gabe.
Garrantzitsua da, halaber, edizio honetan berriz ere desgaitasuna duten kirolarientzako probei helduko zaiela. Era berean, Euskadiko Atletismo Federazioak erabaki du gure krosa Espainiako banakako eta kluben arteko txapelketarako sailkatzailea izatea.
Azaroaren 3ko goizean bederatzi lasterketa egingo dira. Lehenengoa 9:45ean hasiko da, eta azkena 13:15ean. Bederatzi karreren artean 800 parte-hartzaile baino gehiago izatea espero da.
Eta, azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu babesleei eta laguntzaileei: Laboral Kutxa, SALTO, El Diario Vasco, Couth, JOMA, EITB, JECI, Tximela, Gurutze Gorria, Txapeldun Trofeoak, Liga Cross Euskadi, FVA-EAF, Mieltxo taloak, Hotel Silken Amara Plaza, Goenaga, Emakumeen Mugimendua, Walking Nordic Donostia Urban, Vasa vehículos industriales eta Atzegi, horiek gabe ezin izango litzaiokeelako krosaren aro berri honi hasiera eman.
4506