Azitain-Maltzaga bidegorria prest izango da datorren urtean
Azitain-Maltzaga bidegorria prest izango da datorren urtean
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Rafaela Romerok, Eibar eta Elgoibar arteko bizikletentzako eta oinezkoentzako bidea osatuko duen bi kilometro inguruko zatia eraikitzeko lanak bisitatu ditu Eibarren.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foro-diputatuak, Rafaela Romerok, gaur eguerdian bisitatu ditu Azitain-Maltzaga bidegorria eraikitzeko 2019ko udan hasitako lanak. Diputatuarekin batera izan da Eibarko alkatea, Miguel de los Toyos.
Eraikitzen ari diren zatiaren aurrekontua 5,1 milioi eurokoa da, guztira 2 kilometro inguru eraikiko dira eta lanak bi fasetan egingo dira. Lehenengo fasea orain ari dira eraikitzen Eibarko Azitain auzotik abiatuta, eta datorren urtean amaitzea aurreikusten da. Bigarren fasean zati hori Maltzagarekin lotuko da, bertan egiten dute muga Eibarrek eta Elgoibarrek, eta Elgoibarren jada eraikita dagoen bidegorri-zatiarekin bat egingo du. Konexio hori egin ahal izateko alde batetik Ego ibaia eta, bestetik, Deba ibaia eta GI-627 errepidea gurutzatuko dituzten 5 pasabide –horietako bi 80 metrotik gorakoak– eraikiko dira.
Azitainen bidegorria egiteko lanak nola doazen ikusi ondoren, Rafaela Romero diputatuak bide-zati berriaren garrantzia balioetsi du. “Orografiaren eta ibilbide horretan lehendik dauden azpiegituren ondorioz, zati hori eraikitzea erronka zaila izan da, eta azterketa tekniko oso zorrotza eta zehatza egin behar izan da. Adierazi behar da, beraz, poz handia ematen digula eraikuntza-lanak jada abian daudela eta bidegorria laster errealitate bat izango dela ikusteak. Oinezkoentzako eta bizikletentzako bide hori mugarri bat izango da Debabarrenako garraio iraunkorra sustatzeko bidean, eta eskualdeko herritarren eskaerei emandako erantzuna da berez, egunero erabiliko baitute. Egintza bihurtutako politika da”.
Miguel de los Toyos Eibarko Alkatearen hitzetan “Aldundian barne arazoak egon badira ere, azkenean, milaka eibartarrek nahi duten bidegorriaren obrak hasi dira. Horrela ikusi zen Esperientziaren Eskolaren taldeak milaka sinadura lortu zituztenean proiektua egiteko eskatuz”.
Bidegorri berriak 3 bat metroko zabalera izango du zatirik gehienetan, eta bizikleten eta oinezkoen joan-etorriak erosoak eta seguruak izango dira, beraz. Horrez gainera, Eibar-Maltzaga-Elgoibar ardatza behin betiko lotuko du, era horretara Eibar eta Elgoibar arteko bizikleten eta oinezkoen bidea osatuz. “Debabarrenako mugikortasun iraunkorrerako funtsezko zati honen bidez bertako biztanleak segurtasunez konektatu ahal izango dira, eskualdearen aspaldiko eskaera bati erantzunez”, adierazi du Romerok.
Azitain-Maltzaga bidea Gipuzkoako bidegorri-sareari batuko zaio. Sare horrek jada 353 kilometro ditu eraikita eta gure lurraldeko eskualde guztiak lotzen ditu.
2669