Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azken egunean ez da heriotzarik izan Gipuzkoako egoitzetan

Azken egunean ez da heriotzarik izan Gipuzkoako egoitzetan

Desgaitasuna duten pertsonen egoitzak “Covid-19tik libre” geratu dira, positibo eman zuen azken pertsona sendatu ondoren.

Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetako egoeraren eguneroko balantzean, Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi du, azken egunean ez dela adineko pertsonarik zendu egoitzetan, eta gainera, 21 lagun gehiagok gainditu dutela gaixotasuna eta hiruk positibo eman dutela. Beraz, 65 zentro eta 5.425 plaza dituen Gipuzkoako egoitza sarean, orain arte 225 lagunek jaso dute mediku alta, hau da, guztira birusarekin kutsatuta egon diren pertsonen %41ak; beste alde batetik, 160 heriotza eman dira eta 163k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute.

Azken orduetan mediku alta jaso duten lagunak Eibarko Egogainen (6), Zumarragako Argixaon (8) eta Ordiziko San Jose egoitzan (7) bizi dira. 15 jarraitzen dute izaten kasu positiboak dituzten adineko egoitzak Gipuzkoan, 27 pertsona daude Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan ingresatuta eta 24 pertsona ospitaleratuta.

Desgaitasuna duten pertsonen egoitzei dagokienez, Mendozak adierazi du egoitza hauek “Covid-19tik libre” geratu direla, diagnostiko positiboarekin zegoen azken pertsona sendatu ondoren, Donostiako Iza zentroko erabiltzailea, hain zuzen ere. Guztira, lau izan dira kasu positiboren bat izan duten egoitzak eta kutsatutako 17 pertsonek jada mediku alta jaso dute.

Bestalde, suhiltzaileen, DYAko boluntarioen eta ekipo espezializatuen eskutik egiten ari diren desinfekzioen inguruan, azken orduetan berriro desinfektatu dira Zumaiako San Juan eta Otezuri, Beasaingo Arangoiti, Zumarragako Argixao eta Arrasateko San Juan de Dios Ospitalea. Desinfekzio lanak lau egunetik behin egiten dira kasu positiboren bat duten egoitzetan eta astero gainontzekoetan.

 

  

1872