Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorria berriz irekitzeko lanen lizitazioa onartu du Foru Aldundiak

Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorria berriz irekitzeko lanen lizitazioa onartu du Foru Aldundiak

Aizpurutxo parean gertatu zen lerradura egonkortu eta ezponda indartzeko obrei esker, mugikortasun jasangarrirako eta turismo berderako funtsezko azpiegitura bat berreskuratu ahal izango da Urola eskualdean

2025/01/28
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gobernu Kontseiluak aste honetan onartu du Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorrian eta oinezkoen pasealekuan, Aizpurutxo parean, iazko otsailean gertatu zen luizia egonkortzeko lanen lizitazioa. Obren lizitazio-aurrekontua 269.438,61 eurokoa da, eta obrak egiteko aurreikusitako epea hiru hilabetekoa izango da. Irune Berasaluze foru bozeramaileak aurreratu duenez, lanak uda honetan has daitezke, behin dagozkion izapideak amaituta.

"Azkoitiko eta Urretxuko bizilagunek sarri erabiltzen duten bide hau, aisialdirako gunea izateaz gain, turismo berdearen erreferente handienetako bat da Urolan eta lurralde osoan. Obra horiei esker, gure ingurune naturalaren gozamena eta mugikortasun jasangarria sustatzen dituen azpiegitura hau herritarrei itzuli ahal izango zaie ", nabarmendu du bozeramaileak.

Zailtasun teknikoak

Era berean, Berasaluzek azaldu du proiektua idazteko eta tramitatzeko prozesuak hasieran baten aurreikusitakoa baino denbora gehiago behar izan duela, "planteatutako irtenbideen konplexutasun teknikoagatik, altuera handiko ezpondak dituzten lurrak direlako eta hainbat administrazio prozedura osatu behar izan direlako".

Horrela, proiektuak hainbat jarduketa jasotzen ditu, hala nola ezpondaren saneamendua, altzairuzko sare aktibo elastikoa instalatzea eta mendi-hegalaren drainatzean hobekuntzak egitea.       

"Gipuzkoako bidegorri sarea apustu estrategiko bat da lurralde berdeago eta irisgarriago bat eraikitzeko, eta proiektu hau beste urrats bat da azpiegitura jasangarri eta seguruak eskaintzen jarraitzeko konpromiso horretan", azpimarratu du foru bozeramaileak.

Nekazaritza eta ingurumeneko laguntzak

Gainera, Aldundiak, Lurralde Oreka Berdeko departamentuaren bidez, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) barruan 2024ko ekitaldiari dagozkion nekazaritza, ingurumen eta ekologiako laguntzen esleipena ebatzi du. Guztira 1.765.340 euro banatu dira lurraldeko 692 nekazaritza ustiategiren artean, nekazaritza eta abeltzaintza eredu jasangarri bat sustatzeko helburuarekin, ingurumenaren eta biodibertsitatearen kontserbazioa bultzatuz.

Laguntza horiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko departamentuaren eta Europako Landa Garapenerako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) aurrekontu-kredituen bidez finantzatzen dira. Bozeramaileak nabarmendu duenez, “finantzaketa esparru horrek indartu egiten du Europako erakundeen eta Foru Aldundiaren arteko konpromiso partekatua, nekazaritza sektorea praktika jasangarriagoetarako trantsizioan babesteko”.

Deialdi horri esker, ustiategi onuradunek laguntza ekonomikoa jaso dute praktika jasangarriak ezartzeko, hala nola ekoizpen integratua, nekazaritza ekologikoa, biodibertsitatera bideratutako erlezaintza, larreen kudeaketa jasangarria eta tokiko baliabide genetikoen kontserbaziorako, bertako animalia arrazak zein sagardo sagarrondoen barietate tradizionalak barne. “Jarduera horiek lehen sektorearen jasangarritasuna indartzeaz gain, erronka globalei aurre egiten ere laguntzen dute, hau da, klima aldaketari eta biodibertsitatearen galerari”, gaineratu du Berasaluzek. “Laguntza hauek etorkizun jasangarriago bat eraikitzeko ahalegin kolektiboaren erakusgarri dira, non nekazaritza jarduera ingurune naturalaren babesarekin bateragarria izango den. Gipuzkoan, nekazariak eta abeltzainak gure tradizioak kontserbatzea posible dela erakusten ari dira, egungo eta etorkizuneko ingurumen erronketara egokitzen garen bitartean. ”

Gaza: Giza Eskubideetatik begirada bat

Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzaldi berezia antolatu du giza eskubideen ikuspegitik Gazako egoerari buruz hausnartzeko. Gaza: Giza Eskubideetatik begirada bat izenburupean, ekitaldia datorren ostegunean, urtarrilak 30, izango da, 18:00etatik 20:00etara, foru jauregiko Gunea aretoan. “Hitzordua justiziarekin, bakearekin eta giza duintasunarekin dugun konpromisoa berresteko modu bat da”, azpimarratu du Irune Berasaluzek, eta Arteako Giza Eskubideen aldeko eta Gazak bizi dituen gatazkak eta krisi humanitarioak ikusarazteko erakunde arteko manifestuan lortutako akordioaren barruan kokatzen da.

Eider Mendoza Larrañaga Gipuzkoako ahaldun nagusiak irekiko du jardunaldia, eta ikasketa arabiar eta islamikoen arloko hiru aditu nabarmenek hartuko dute parte: Ignacio Alvarez-Ossorio Alvariño, Gazako egoera nazioarteko pasibotasunaren aurrean Nakba (palestinar exodo) berri bat balitz bezala aztertuko du; Amaia Goenaga Sanchez, Libanok Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren esparruan duen papera aztertuko du eta Barbara Ruiz Balzola, UNRWAk humanitarismoaren krisiaren aurrean egindako lana azalduko du.

“Gaur inoiz baino gehiago, funtsezkoa da Palestinako herriari elkartasuna adieraztea, egoera humanitario kritiko baten ondorioz muturreko sufrimendua pairatzen ari baita. Gipuzkoatik, itxaropen eta babes mezu bat bidali nahi dugu, eta gogorarazi nahi dugu giza eskubideen defentsa guztion erantzukizuna dela ”, nabarmendu du Berasaluzek. Halaber, azpimarratu du “beharrezkoa” dela “bakea eta justizia sustatzen jarraitzea nazioarteko komunitatearen premiazko arreta behar duen eskualde batean”.

Jardunaldira sartzea librea da, baina aldez aurretik izena ematea gomendatzen da, ‘aniztasuna@gipuzkoa.eus’ helbidera mezu bat bidaliz.

  

4175